
Eufemismo kontuak
Mintzaira bezalako ispilurik ez dago geure buruari begiratzeko orduan edo, beste era batera nahiago bada, lengoaia nolako, norbera halako. Hizkeraren nolakok erakusten digu nor den nongoa, nor den zelakoa eta, nola ez ba, nor den zein pentsamendutakoa. Nahi gabetan ere bai.
Lehengo batean euskal politikan ibilitako idazle lagun bati entzun nion irratian Bruselako atentatuak, terrorismoa baino, terrore ekintzak zirela. Kontuz ibili behar dela terrorismo hitzaren erabilerarekin, eta abar.
Ederki ulertu nion lagunari esanahia, izan ere, zer ez zaigu gurean saldu terrorismo moduan? Ekintzak berak baino, nork egiten duen markatzen du gehiago terrorismo izatearen meritua, galdetu bestela Mandela santuari edo Mugica bedeinkatuari.
Guardasolarekin segun eta zeinek jotzen duen zein, izan daiteke terrorismo ala izan liteke autodefentsa. Ederki dakigu hori hemen. Urtetan eta urtetan hezitu gaituzte lerro arteko irakurketan eta geuk ere badakigu segun eta nork esaten duen zer, sinetsi ala ez dugun sinetsi behar. Perbertitutako mintzairaren euripean hazitakoak gara.
Baina kontua ez dago esaten duenaren baitan bakarrik, entzuten duena ere izaten da tarteko. Badira hitz eta kontzeptu batzuk entzulearen araberakoak direnak garbi-garbi: borroka armatua, herri askapena, indarkeria, bakea, demokrazia, memoria… Esan liteke hitz eta kontzeptu guztiz polisemikoak direla: zenbat entzule, hainbeste ulertzaile. Esate baterako, tratu txarrak entzuten dudan bakoitzean, tortura ulertzen dut nik, argi eta garbi.
Non dago, beraz, aldea lagunak aipatzen zituen terrorismo edo terrore ekintza hitzen artean?
Ausartu egingo naiz esatera, alderik ez dagoela batere terminoen artean, bi aukeren esanahia berdin-berdina dela. Nik, behintzat, ez diet alderik ikusten batere.
Horrek ordea ez du esan nahi besterik ikusten ez dudanik. Laguna bera ikusten dut nik hitz horien atzean, batez ere: nolakoa den, zein pentsamendutakoa, etc. Eta ezagutuko ez banu ere, asmatuko nuke kaskarra ondo kiskalita duen norbaiten hitzak direla. Terrorismoaren izenean hainbeste zabor irentsi izanaren ondorioz, eta horren guztiaren aitzinean babestu beharraren babestu beharraz, eufemismoaren besoetan erori den norbait dakusat.
Baina zuhurtzia eta badaezpadakoa ez dira eufemismoaren altzora garraiatzen gaituzten oldar bakarrak. Badira beste mota batzuetako arrazoiak ere, estrategikoak, esaterako. Berrikitan ikusi eta entzun ditugunak ere, horien ezpalekoak begitantzen zaizkit. Podemos-ek ospatutako Aberri Egunaz ari naiz, besteak beste. Aspaldiko garaietan entzundako eufemismo handienak esan baitira egun hain seinalatuaren inguruan. Gure aberria jendea da, esaterako
Ba ez, aizu, Aberria ez da jendea bakarrik.
Aberria Euzkadi da, esanda utzi zuen estreinakotz aipatu zuenak. Eta Euzkadi, jendea bai, jakina, baina gehiago ere bada. Gora Euskadi Askatuta! izan ohi da egun horretako oihua, eta segur naiz, jendeaz gain, aldarrikapen horren barnekoak direla identitatea, lurraldea, kultura, hizkuntza, historia eta abar luze bat.
Ahal dugu-ri esaldia oso polita geratu zaio, baina eufemismo bat baizik ez da. Gurpila berrasmatu nahi duen adanismo baten albiste ekartzen diguna, gainera. Bide batez eta batere eufemismorik erabili gabe esanda.
Eufemismo kontuak / Eufemismo kontuak
Eufemismo kontuak bidalketa lehenengo zuzeu.eus-(e)n agertu zen.