
Egia eta eraginkortasuna
Euskal Herriaren independentzia egikaritzeko ahaleginean hainbat ikuspegi elkar trukatu dira azkeneko hilabete hauetan han eta hemen, aldez edo moldez. Ezaguna da independentzia nahia jendartean zabaltzeko intentzioz diskurtso berriek tira-bira bat baino gehiago hauspotu dutela zenbait sektoretan. Batez ere, euskalgintzaren esparru batzuetan eragin du ziztadarik mingarriena. Euskara edo Euskal Herriaren historia, kultura, edo dena delako hori independentziarako bidean nahikoa argudio ez delako, antza. Hori diote gela haizatzera datozen haize freskoek.
Hartara, bereizketa fin askoa egin zuen lehengoan Mario Zubiagak Gara-n, independentzia borondatetik hautematen dutenen ikuspegia dago batetik, eta independentziarenganako jarrera interesatua dutenen ikusmoldea, bestetik. Horregatik, Zubiagak zioen borondatean oinarritutako independentzia nahitaezkoa zela, bai, baina ez zela aski. Gehiengo batetara ailegatzeko independentzia interes koiunturaltzat daukatenen ekarpena ezinbestekoa litzateke. Hala, puri-purian dagoen ika-mika honetan nabarmentzen dira bi kontzeptuok: egia eta eraginkortasuna. Unai Apaolazak idatzitako artikulu batean adierazten da bi kontzeptuen arteko aldea.
Independentziaren eztabaidaren ertz batean daudenek egian oinarrituta aldarrikatzen dute euskal estatua: hizkuntza, historia, kultura, zereko zera hori. Eduardo Apodakak anomalia deituko lukeena. Beste bandokoek, aldiz, hala deitzerik baldin badago, egia alboratu eta eraginkortasunaren pean lan egitea lehenesten dute. Independentziaren desioa hedatzeko jendeari balizko euskal estatua sozialki justuagoa, aurreratuagoa, hobea izango litzatekeela adieraziz. Jai dago, bestela!
Nire iritziz ere funtsezkoa da bi kontzeptuak uztartzea independentzia lortzeko. Egia eta eraginkortasuna ardatz dituen independentzia aldarria ikusten dut guztien artean baliagarrien. Egia hor dago, edo egia erdia: hizkuntza, historia, kultura, herria. Ez da nahikoa, ordea! Gutxiengoa gara, zoritxarrez. Independentzia zaleak biztanleen artean nagusi izateko jendea konbentzitzea falta da. Euskal estatua eraginkorra izango litzatekeela erakutsi behar zaio gizarteari.
Egiaren eta eraginkortasunaren arteko lankidetza, baina, zaila izango da. Zaila izango da biek pisu bera eramatea prozesu osoan, susmoa baitut egungo gizartearen aldartearekin eraginkortasunaren aldera eroriko ote den balantza. Izan ere, indibidualizazioa laudatzen duen gizarte honek independentziaren alde kristorenak egingo ditu mespretxurik latzenak adierazten dizkion aldi berean, komenientziaren arabera beti ere. Gainera, eraginkortasunaren izenean hitz egiten baldin bada euskararenak egin du, euskara ez baita eraginkorra. Xabier Amurizak Euskadi Irratian esan bezala, latina izan zena bihurtzeko arriskuan dago euskara. Eraginkortasunetik urrun, alegia.
Era berean, egia zurrunegi babesteak nazionalismorik okagarriena azaleratzea lekarke. Ez da eskuzabala nor bere herria, hizkuntza, kultura hoberena dela pentsatzea. Neurria hartu behar zaio egiari, sineskeria hutsera mugatu gabe. Arrakastarako bidaiderik egokiena oreka izan ohi da, aurkitzen zailena ere bai, akaso. Horretan dago grazia!
Egia eta eraginkortasuna bidalketa lehenengo zuzeu.eus-(e)n agertu zen.