
Eta gero zer? (Lekarozeko Baztan D´or)
“Aroztegia… eta gero zer?” taldea sortu zen Baztanen duela hilabete gutxi. Aste honetan bertan izan dut haien berri (barkatu nire ezjakintasuna), eta beren blogean nabigatzen ibili naiz. Ea argudio zerrenda hau irakurri ondoren, manifestua sinatzera animatzen zareten. Laburbilduz:
- 750 biztanleko populazio-gune berria sortuko luke proiektuak. Baztango lurraldearen antolaketarekin hautsiko litzateke, eta bertako garapen eta bilakaera arrunta baldintzaturik gelditu. Lekarozek gaur egun 300 biztanle dituela esan behar da, eta Baztanen 15 herri daudela eta 7800 biztanle.
- 2001eko zentsuaren arabera Baztanen 850 etxebizitza hutsik zeudela kontuan hartu behar da (etxebizitzen %22), eta momentu hauetan Babes Ofizialeko Etxeak desklasifikatzen ari direla merkatu librean saldu ahal izateko.
- Proiektuaren atzean Inmobiliaria-Caixa Galicia eta norbanakoak daude, baita UPN eta Geroa Bai alderdiak ere.
- Iruñean, Geroa Bai Salesianoseko egitasmoaren kontra agertu da, hau espekulatzailea dela argudiatuz, baina Baztanen Aroztegia bultzatzen dute. Udaletxearen erabakiaren berri jakin eta gero, Lekarozen egin zen herri galdeketan %67 birkalifikazioaren kontra agertu zen (%26 alde, %7 zuri).
- Birkalifikazioa Baztango Udal Planaren “aldaketa puntualaren” bidez egiten ari dira, baina prozedura egokia Udal Planaren “berrikusketa” litzateke, aldaketa honek Udal Planak lurraldearen egitura orokorra eta organikoari buruz ezartzen dituen irizpideak aldatzen baititu.
- Udal Planaren arabera eraiki ezin den lurretan eraikiko litzateke: baso-lurretan, %10eko malda baino gehiago tokietan, tontorretan,
- Bide publikoak hartuko lituzke
- Egitasmoko lur zati bat “erabilera publikoko” mendia da, eta, haren erabileraren aldaketa egiteko eskumena Nafarroako Gobernuarena da
- Golf belagien bideragarritasun eskasa, eta nekazal ingurunean duten eragina. Ur-beharra, lur-azpiko uren kutsadura, pestiziden erabilera, ongarri kimikoak… Gaur egun Lekarozek ur-hornidura arazoak dituela…
- Egitasmoko lur batzuetan sutea egon zen 2005ean, eta, lur horien erabileran aldaketa egitea salbuesten du
- Egitasmo hauek ez dute balio enplegua sortzeko. Enplegu bakarra eraikuntza aldira mugatzen da, eta, promozio handiak direnez kanpoko eraikuntza enpresek egiten dute
- 2010eko ekainean POT2a onartuko da, eta, horren arabera, helburu partzial gisa etxebizitzen eraikuntza duten golf egitasmoak ez dira onartuko
- Informazio publikora aurkezturiko espedientean, espedienteak berak aipatzen dituen txostenak falta dira.
Apirilaren 23an, manifestazioa. Eman zure atxikimendua.
Eta gero zer?
Eta gero zer? (Lekarozeko Baztan D´or) bidalketa lehenengo zuzeu.eus-(e)n agertu zen.