
Kaiku egia esaten ari al da? Inkesta
Azken egunetan ikusiko zenuten iragarkia telebistan: “harro nago hemengoa izateaz… hemengoa kontsumitu… km0… Kaiku, Euskal Herrian ekoiztu eta ontziratzen den esne bakarra.”
Ez da edonolako baieztapena. Azken hilabeteetan astean behin iritzi artikulu bat idaztea egokitu zait, eta irakurri nauzuenok nabarituko zenuten bizpahiru aldiz mintzatu naizela elikadura burujabetzaren inguruan. Garrantzi estrategikoa daukan gaia da. Beraz, Kaikuren iragarkiak lortu du bere lehen helburua, nire arreta bereganatzea. Hori gutxi balitz, Hesianeko Zuriñe jartzen badute iragarkian, ostia, gelditu makinak! Ezker abertzaleko pentsamoldea daukan talde bateko abeslaria Kaiku erosteko esaten ari zait! 100 litro, mesedez! Ez, behi bat zuzenean!
Baina zeruko esne bideaz gaindi lurrekoari begiratuz gero, oroituko zarete Kaiku eta Euskal Herria Esnearen artean egon zen kalapita. Kaikuk salaketa bat jarri zuen, zer eta EHE euskara hutsean mintzatzeagatik, ederra paradoxa. Badirudi bi etxe hauen helburua kontsumitzaile abertzaleak bereganatzea dela, eta ondorioz, beren komunikazioa horretan oinarritzen dabiltzala.
Mesfidati xamarra naizenez Olaberriko Etxeberri Goikoa baserrira joan nintzen Aitor Aranburu adiskidearengana, ea zalantzak argitzen zizkidan. Aitor Gipuzkoan esne ekologikoa ekoizten duten hiru baserritarretako bat da, eta etzi argitaratuko dugun elkarrizketan izenburuko galderari erantzungo dio. Hortik abiatuta, esne sektoreak bizi duen egoeraren kokapena jasotzeko aukera izango dugu bere eskutik.
Baina etziko elkarrizketa iritsi aurretik, termometroa martxan jarri nahi nuke. Zer iruditu zaizue Kaikuren iragarkia? Egia al da Euskal Herrian ekoiztu eta ontziratzen den esne bakarra dela?
Kaiku egia esaten ari al da? Inkesta
Kaiku egia esaten ari al da? (Inkesta) bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.