
Traizioa eta disidentziaren kume gara
Sortu zuten garaian ETA erakunde armatuarentzat izen bila zebiltzanean, ATA zen lehen aukera: Aberria Ta Askatasuna. Garai hartan ez zegoen euskara baturik eta ATA entzutearekin batera, jendeak AHATEA entzuten zuen, PATTA alegia, eta lotsatu egiten omen ziren militanteak ATAkoak zirela esaten zuten bakoitzean. Horregatik egin zioten Txillardegiri beste izen baten enkargua, eta honek ETA izendatu zuen erakundea: Euskadi Ta Askatasuna.
Gaurko ATA ez du inork lotzen AHATE hitzarekin. Beste denbora bat bizi dugun seinale. AMNISTIA TA ASKATASUNA lema nagusi duen mugimendu honek, ez ei du ontzat hartzen Ezker Abertzaleak presoentzat berrikitan ireki duen bide posibilista. Hitz laburretan esanda, ATArentzat soluzio globala behar da banakakoaren beharrean eta jarrera honek disidentzia berri baten kezka sortu ei du nola presoen aldeko erakundeen artean, hala ezker abertzalekoetan ere. Lehendik dago zaila presoen korapiloan aurrera-pausoak lortzea -batez ere parean gaia bost axola zaien gobernu espainiar eta frantsesak edukita-, konponbidearen alde bultzaka dihardutenen arteko zatiketarik eragiten ibili gabe.
Barkatu beharko didazu letra lodiegia, irakurle, baina nolabait adierazteko, maximalista eta posibilisten artean banatzen da gaur, zelabait, presoen konponbidearekiko ikuspegia. Eta gero besteak daude, Yoyesen garaietatik hasita, urtetan disidente eztabaidagarri izan direnak: Pikabeatarrak, Txelis, Gisasola, Urrusolo, Alza, Caride… eta beste hainbat, Langraiz bidea izenez ezagutzen den horretako partaideak.
Gauzak garbi ez ditugunontzat kontua berdintsu zaigu, batera ala bestera, sofrikarioaren amaiera nahi dugu eta ikusi. Presoen afera -biktimenarekin batera-, kontu mingarrienetakoa izateaz gain, nahitaez konpondu beharrekoa da inoiz normalduko bagara. Nola, ordea?
Gaia interesekoa baduzu, Humberto Unzuetak argitartutako liburu bat gomendatu nahi dizut Langraiz, bisean bis izenekoa.
ETArekin lehenbizi eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboarekin (EPKK) gero disidente izandakoen historia kontatzen da bertan. Egia da orrazketa gramatikal hobe bat merezi zuela argitaralpenak, baina horretaz aparte, bikaina egiten da liburua aipatu etakideen bidea zein izan den jakiteko.
Liburua irakurrita ikasiko duzu, Yoyesengandik hasita traidoretzat hartuak izan diren horiek, Mugerren jaso zutela estreinakotz euren aldeko babes edo aitortza bat lehenengo aldiz, 2008urtean. Iparraldeko DEMOen aldetik etorri zitzaien hori, baina horretaz gain, esan liteke baztertuak izan direla nola ETAn, hala EPKKn eta baita Ezker Abertzalean bertan ere bai. Eta ez horietan bakarrik beste indar politiko batzuk ere uko egin baitzioten Mugerrekoa Hegoalden errepikatzeari. Disidentzia garesti ordaintzen da, besteak beste, kristautasunean hain errotutako gizarte batean: ardi beltza, beti beltz. Beti fusilagarri.
Irudipena daukat, ordea, gaur Ezker Abertzaleak presoentzat aldarrikatzen duen bidea (indarkeria utzi eta bide politiko soilak jorratzea, egindako kaltearen aitortza egitea, biktimen erreparazioan saiatzea…) ez dagoela oso urruti bakartu beharreko traidoreek lehenagotik proposatzen zuten bideetatik. Nik, behintzat, ez dut alde handirik ikusten eta soilik alferrik galdutako hamarkaden tristura eta itzelezko sofrimendu alferrikakoaren konstatazioa dakuskit, besteak beste. Betikoak betikotua egotearen zoritxarra, kritika, heterodoxia eta disidentzia onartu ezinaren kaltea…
Carmen Gisasola oso mingots ageri da elkarrizketetako batean: “Nire gaztaroan borroka armatura bultzatu ninduen jendeak (borroka armatuaren beharraz teorizatuz, baina ez praktikatuz) gaur ardura handiko eserlekuetan jarraitzen du, gertatuaz erantzunkizunik hartu gabe eta zama preso guztiei lagata, denok itsasontzi berean ibili ginela ahaztuta”.
Gauza asko ikus eta ikas daiteke liburu honetan, baina nabarmenena seguru asko, traidoretzat hartuak izan diren hauen guztien koherentzia, ETAn sartzera bultzatu zituen erabaki berak bultzatu zituela handik irtetera eta gauzak beste ikusmolde batez ikustera. Hamarkadak kartzelan eman arren, euren kideek bakardadera zokoratuta ere, oraindik euskal gizarte hobe baten itxaropenak bizi dituela, etc., etc.
Traidoreak derrigorrezko baldintza du etsaiaren aldera pasatzea, baina hauek guztiek ez dute inora alde egin. Betiko lekuan daude, betiko ametsen ondotik, indar guztiekin. Hori bai, irmoki, lotsagabeki, gogoeta askean beti, dena jokoan jarri izanak ematen dien eskubidearekin.
Eta iruditzen zait horiek eredugarri baino traidore ikusten dituena dagoela ekinbidean galdurik, nolaz eta birigarroa neguko egun hotzetan, elurraren itsutasunarekin.
Traizioa eta disidentziaren kume gara / Traizioa eta disidentziaren kume gara
Traizioa eta disidentziaren kume gara bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.