Kate T. Parker argazkilaria, atleta eta ama da. Bi alaba ditu, orain hiru urtetik argazki kameraren objektibo aurrean jarri izan dituenak. Beraiekin garatu du “Strong is the new pretty” egitasmoa, 2017an argazki liburu legez argitaratuko dena Workman Publishing argitaletxearen eskutik.
(klikatu argazkiak handitzeko).
“Nire neskek badakite diren bezalakoak izanda perfektuak direla”, dio indartsua izatean edertasuna ikusten duen Parkerrek; “niretzat nahikoa dute diren bezalakoak izanda eta… beraientzat ere bai”.


Atlantako argazkilariaren alabak “inozoak dira, abentura zaleak, alaiak, zaratatsuak, kirolariak, basatiak eta dibertigarriak -amaren begietara-. Eta halaxe maite ditut nik“.
.
“Strong is the new pretty”
Erakusketa baterako argazkiak atontzen zebilela, oharkabean, Parker konturatu zen alabei egiten zizkien argazkiek bazutela nahikoa indar istorio bat kontatzeko. Argia piztu zitzaion zituen irudirik indartsuenak bere neskatoenak zirela konturatu zenean; hortxe zuela behar zuen egi-egiatako narrazioa.



“Bizitza osoan zehar pentsatu izan dut neskatoek askatasuna izan behar dutela gura dutena egin eta izateko. Eta horixe zen argazkietan ageri zitzaidana”.
Atleta ere baden aldetik, Parker kirolaria da oso, eta horrelakoxeak ditu alabak ere. Eta berak eredugarritzat emakume indartsu eta beren buruan uste osoa dutenak dituenez, Ellak eta Alicek (9 eta 6 urteko alabek) “gizartean ezarrita ditugun edertasun ereduen gainetik, bakoitzaren izaera eta indarra balora zezaten nahi nuen. Izan ere, zapata zikinak dituen eta ilean begizta jarri nahi ez duen neskatoa ere ederra da!”.



Ilea ondo orraztua eta soineko txukun-txukunak jantzita eramatea ezinbestekotzat ez badu ere, horreek ez du esan nahi Parkerrek printzesen eta tutu arrosen kontra egiten duenik, ez. “Nire asmoa ez da ezeren kontra egin edo tradizionalki femeninotzat hartu diren jiteak arbuiatzea, alderantziz”. Seme-alabek nortasun propioa izatea laudatu nahi ei du argazkilariak, diren modukoak direla ere -guraso guztiak animatu nahi lituzke seme-alabak diren edo ikusten dituzten moduan dokumentatzera-. “Nireak kirolariak, indartsuak, zikinak, zaratatsuak eta zoro samarrak dira”.



Parkerrek mezu bat igorri nahi die alabei argazkien bidez, ahaldundu daitezen, eta etorkizuneko une gogorretan txikitako argazkiei so zeinen ausart izan ziren gogora dezaten: “Ez duzu polita edo perfektua izan beharrik maitatua izateko”.Horretarako, egun neskato bat izatea zer den erakusten duen argazki sorta kaliputsu eta ederra darabil.
Zikinak, zaratatsuak eta zoro samarrak bidalketa lehenengo zuzeu.eus-(e)n agertu zen.