
Baratzeko pikuak hiru txorten
Azken urteetan Gipuzkoako herri txiki batean bizi naiz, mendi artean eta berrehun biztanletik beherako leku ederrean. Oraindik ere halako mendi-herri batean gauzak nola diren ikasten ari naiz, edo ikusten, behintzat.
Lehen begiratuan, herri txikietako infernu handiei egozten zaizkien gaitz guztiak dituela ematen du, aspaldiko liskarrek herria bitan zatitua balute bezala. Gertaeren zergatiak maiz galdetu arren, ez da beti erantzunik jasotzen eta gauzak nola diren benetan ulertu gabe egin behar izaten du aurrera nire antzeko iritsi berriak, horrek dauzkan arriskuekin, inor mindu edo atsekabetzea bailitzateke azkenekoa, batez ere, horretarako arrazoirik ez bada.
Baina aspaldiko uretan urtzen diren liskarrez gain, politikak erdibituriko herri bat ere bada Gaztelu. Seguru asko erdibitu hitzak, gainera, inon ez du izango hemen adinako balio zehatzik: erdiak jeltzaleak, erdiak ezker abertzalekoak. Ezker Batuako rara avisen bat edo beste kenduta.
Ospetsua egin izan da gure herria bertan izan diren zenbait eztabaida eta haserraldi telebistako pantailetan ere agertu direla eta. Horren guztiaren berri ez nekien bertakoek esan arte, eta hala, bi elkarte daude herrian, bi jende multzo sekula nahasten ez direnak, nor bere bidetik dabilela. Turista akzidentalaren bihotz onbera honekin zubilanak egiten saiatu naizen bakoitzean, erantzuna beti izan da bat eta bera: alferrik habil, ez zagok zer eginik.
Baina izan da zerbait azken hauteskundeetan zeharo harritu nauena, ezuste benetakoa eman didana: hogeitalau lagunek eman diote boza Ahal Duguri. Mendi giroko herri euskaldun peto honetan, non ardiek eta behorrek ere egiten duten hika, Pablo Iglesiasen alderdiaren alde egin du bozkatzaileen ia laurdenak. Estreinako. Zer gertatu da hemen?
Zerbaiten sintoma da, zerena, ordea?
Galdetzen hasita, batek baino gehiagok esan dit, tradizionalki Ezker Abertzaleko bozkatzaile izan arren, ez diola ikusten ganorarik Madrilen urtean bost minutu mintzatzen den ordezkari parea edukitzeari. Horretarako nahiago duela ezkerreko aukeraren baten alde egin.
Galdetzen segita, etortzekotan dauden ekaineko hauteskundeetan joera hori areagotu egingo dela esan didate. Jende gehiagok emango diola boza Elkarrekin Ahal Duguri.
Etorri gabe dagoena ezin da emandakotzat jo, baina gauzak hala gertatuko balira, ez dakit arrakala berri bat izango den herrian ala elkarren arteko bizimodua gozatuko duen aukera bat sortuko den, orain arte erdi-erditik perfektuki bitan pitzatuta egon denak simetria galduko baitu zeharo, nolaz eta baratzeko pikuak bere hiru txortenekin.
(Argazkia: Gaztelu. Asier Sarasua. CC-by)
Baratzeko pikuak hiru txorten
Baratzeko pikuak hiru txorten bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.