
Epaltzaren hiztegia
Erresuma eta Fedea Aingeru Epaltzak idatzitako trilogia da, Nafarroako erresumaren zati baten konkista osteko urteetan girotua. Nafarroari biziarazi zioten garai gogor hura egiazko pertsonaia historikoez baliatuta kontatzen du Epaltzak, eta historiak eta eleberriak eskutik helduta egiten dute hiru liburuek markatzen duten xendra. 2006an kaleratu zuen lehen alea Iruñeako idazleak, “Mailuaren odola“; ondoren, 2009an, iritsi zen bigarren fruitua, “Izan bainintzen Nafarroako errege“; eta amaitzeko azkenburukoa 2013an, “Gure Jerusalem galdua“.
Gorka Bereziartua, Argiako kazetariak, duela hiru urte idatzi zuen bere blogean liburu sorta honen inguruan, eta zazpi arrazoi jarri zituen mahai gainean Epaltzaren sorkuntza itzelaz gozatzeko:
1) Trilogiaren azken liburua aurkeztuta dagoelako, Gure Jerusalem galdua.
2) Asko idatzi delako azken urteetan Nafarroako Erresumaren historiaz, baina proportzioan gutxi euskaraz.
3) 1512ko konkista osteko urteetan girotutako fikziozko saga honek egiantzekotasunaren partida irabazten diolako garai berdinaz ari diren zenbait historia liburu ustez faktualei.
4) Irakurlea bete-betean sartzen delako XVI-XVII. mendeetan, trilogia idatzita dagoen estiloak sortzen duen fantasiari esker.
5) Urte horietan sartuta dagoelarik, egun bizi duen garaiarekin ispilu egiten duten kontu anitz aurkituko duelako, ironia ez gutxirekin tartekatuta.
6) Nobela historikoa B serieko generotzat hartzen den arren, ongi idatzitako B serie batek merezi dezakeelako asmo handiagoa eduki eta putza atera den nobela batek baino gehiago.
7) Aingeru Epaltzak idatzi duelako (beti da garantia).
…
Nire egiten ditut zazpi argudioak, eta lehenengoaren inguruan hausnarketa txiki bat egin nahi nuke. Eskerrak hirurak eginak zeudela hasi nintzela lehena irakurtzen, ez nuke batere ondo eramango zazpi urtetan zehar egotea jakin-minari eutsiz. Beharbada autokritikarako tarte txiki bat zabaldu behar nuke hemen, iruditzen baitzait “betekadaren belaunaldia” bihurtzen ari garela: astean zehar ez dugu beharbada alkohol tantarik edango, baina asteburuetako panorama ikustekoa izaten da; telesailen denboraldi osoak deskargatzen ditugu eta maratoietan ikusi, atal bat bestearen atzetik; eta noiz edo noiz irakurtzen dugunoi literatura sagekin antzekoa gertatzen ari zaigula deritzot.
Baina Bereziartuak zerrendatzen dituen zazpi argudioez gaindi, zortzigarrena eranstera noa: hiztegia.
Badira jada urte batzuk arkatzarekin irakurtzeko ohitura hartu nuela. Ulertzen ez ditudan hitzak azpimarratzen ditut, ondoren hiztegian begiratzeko; edo ezagutzen ez nituen esamoldeak markatu, aukera daukadanean erabili ahal izateko. Aski errotuta daukadan usadioa da, baino ez dut oroitzen nori ikasi ote nion. Ez nuen apuntatu.
Bada Epaltzak beste idazle batzuk baino dezente lan gehiago eman dit, batetik azpimarratzen, eta bestetik denboratan egon nintzelako gora eta behera nire egongelan txorroskilo baten bila. Honako hitz zerrenda lehen liburutik atera nuena da soilik, eta ez daude guztiak, hiztegiak ez dituelako denak identifikatzen. Zuzeulari askorentzat hitz gehienak ezagunak izango direla pentsatzen dut, baina gutxi batzuei artxibategi bezala balio baldin badizue hurrengo idazlan bat aberasteko, horrela izan dadila, ni gustura (eta Epaltza ere bai, pentsatzen dut).
- Abantzua: trebea
- Aiherra: grina, gorrotoa edo zaletasuna.
- Akort: ados.
- Amultsu: maitagarri.
- Arraildu: pitzatu.
- Arrangura: kezka, intziria.
- Asots: zarata.
- Aztala: orpoa edo zangosagarra.
- Balakan: koipetzen, lausengatzen.
- Barrandatu: zelatu edo arakatu.
- Baztanga: nafarreria gaixotasuna.
- Behaztopa: oztopo egin.
- Beko: aurrealde.
- Berga: makila.
- Bihia: alea, fruitua.
- Bipil: kementsu, adoretsu.
- Eldarnioa: sukar ametsa.
- Erdeinua: mespretxua.
- Errefera: erresto, sake.
- Eskalapoi: baldres, moldakaitz, zakar.
- Ezkibel: aurpegi ilun.
- Fierra: sendo, adoretsu, irmo.
- Furfuria: amorrazioa.
- Gopor: katilu, kaiku.
- Haidor: harro.
- Harrabotsa: zalaparta, kale mugitu bateko hotsa.
- Hartzitu: ondu, legamiatu (ogia), irakin.
- Hazama: inudea edo amaordea.
- Haztatu: aztertu.
- Herbaldua: indargabetua.
- Hista: iseka, burla.
- Histu: zurbildu.
- Hondalana: pertsona hondatuta uzten duen lana.
- Hordi: mozkorti.
- Inarrosi: astindu, eragin.
- Itzuri: ihes egin.
- Izterbegi: etsai, arerio.
- Kalitu: hil.
- Kapare: aiton-seme.
- Laño: apal, otzan.
- Latsarri: uharri, errekarri.
- Maingutu: herren bihurtu.
- Manugaitza: agintari txarra.
- Mirailatu: islatu.
- Naro: ugari.
- Ohantzea: habia.
- Ohoin: lapurra.
- Pertola: butroi.
- Petxa: zerga edo akatsa.
- Poxi bat: apur bat.
- Sehi: zerbitzari.
- Xaribari: zalaparta.
- Zimikatu: atximur egin.
Gure Jerusalem galduko xaribarian hordituta noan hurrengoan bildots bipilen bat tamainako hitz potolo sorta erabiltzen entzuten badut, ez naiz itzuri joango. Ezkibela ezabatu, zimikatuko dut eta ardo goporra nire kontu, ala jinkoa!
Epaltzaren hiztegia Epaltzaren hiztegia Epaltzaren hiztegia Epaltzaren hiztegia Epaltzaren hiztegia Epaltzaren hiztegia
Epaltzaren hiztegia bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.