
FLNC
Madrileko trenak, martxoaren 11 hartan, izan ziren lehenak; Londoneko autobusak ondoren. Al-Qaeda zen orduan munduaren etsai nagusia, baina urteak igaro dira eta panorama aldatu da goitik behera. “Udaberri arabiarra” izenarekin bataiatu zuten mendebaldeko hedabideek. Lurralde batzuetan egiazko matxinada herritarrak egon ziren; beste batzuetan NATOren eskua ikusten zen argi eta garbi. Azkeneko lurralde hauetan egoera politiko eta sozialak sekulako aldaketa jasan du azkeneko urteetan, eta fenomeno berri bat sortu: Daesh.
Asko idatzi da gaiaren inguruan, eta askotan, irakurri eta gero, gauzak apur bat argiago izan beharrean gehiago nahasten naiz. Saudi Arabian ere hasi omen dira atentatuak egiten, baina lurralde honek armak ematen omen dizkie; Afganistan eta Irak inbaditzeko arrazoi ofizialetako bat lurralde hauek Bin Ladeni babesa ematen ziotela zen, baina orain, korronte bereko jendeak lurralde oso bat kontrolpean izan arren, NATO ez da zuzenean sartzen; Europa erasotzen dute, baina Israel ez.
Europan frantziar estatua da une honetan kontinentean egiten diren atentatu gehienen erdigune; eta badirudi luzerako doala. Salbuespen egoera luzatu da, eta ikusteko dago jendeak daukan beldur “berri ” honek nola aldatu duen frantziar jendartea epe luzera begira. Estatu honen administraziopean dago Korsika, eta FLNC taldearen korronte batek Daeshi ohartarazi dio Korsikan atentaturen bat eginez gero gogor itzuliko dutela kolpea.
Niri primeran iruditzen zait talde independentista batek bere lurra eta bere jendea babestu nahi izatea. Baina gogor erantzungo dutela diotenean, nire galdera da: nola? Daeshek zibilak, herritarrak, erasotzen ditu. Noren aurka jo behar du FLNC taldearen adar honek?
FLNC
FLNC vs DAESH bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.