Datorren astean dira Hondarribiko jaiak eta bere karietara, asteartearekin ospatuko da alarde ospetsua. Esan beharrik ez dago, berarekin piztuko dela azken urteotako eztabaida bera emakumeek alardean desfilatzeko duten eskubidearen inguruan. Egia esanda, herrian eztabaidak eta kontsignak hasita daude, baina oraingoz begian gehien jo diguna, Onddarbiko pertsona normalok izeneko blogean aurkitu dugun artikulu bat izan da, hemen jarraian itsasten duguna.
Alardeko konpainia feminista batek kantinerarik behar ote duen, eta nolakoa, galdetzen du, besteak beste, artikuluaren egile ezezagunak. Beste torloju itzuli bat gainerako euskal herritarrak behin eta berriro harritzen gaituen gaiaren inguruan.
Azken aldian, behin baino gehiagotan entzun eta irakurri behar izan ditut Jaizkibel konpainiak kantineraren figura mantentzeagatik eginiko kritika eta mesprezuak. Batzuen ustez, kantineraren pertsonaia, neskatxa lirain eta panpoxaren moduan irudikatua eta gudaosteko sari edo trofeotzat gurtua, ezin da inolaz ere bere burua feministatzat duen konpainia baten aldarriekin bateragarria izan. Hauen ustez, kolektibo feminista batek ezin du emakumearen papera rol sexual batera mugatzen duen interpretaziorik onartu. Inolaz ere, neskatxa batek ezin du bere burua erreklamo sexual soilera mugatzen duen “puta”-ren pertsonaia antzeztu.
Eztabaida honek, zinez gogorarazten dit Europa iparraldeko estatu batzuetan, zenbait instituzio eta GKE-k prostituzioari buruz duten ikuspuntuaz. Prostituzioak emakumearen estatusa erabat degradatzen duelakoan, prostituzioaren debekua aldarrikatzen dute, putak kaleetatik atera eta beste lan “duinagoetan” berrezarriak izan daitezen eskatuz. Guztiz jarrera txalogarria, sexu-langileak beste lan “duinagoetan” sartzeko baliabideak eduki eta batez ere, puten nahia hori den bitartean.
Eragile hauen irizpideetatik oso gertu, alardean kantineraren papera kritikatzen dutenek, guztiz jarrera paternalista batetik egiten dute, emakume hauentzat onena zer den edo beraien nahi eta desirak zeintzuk diren dakitelakoan. Lehenengoek putek puta izan nahi ez dutela asumitzen duten moduan, bigarrenek kantineraren paperak emakumea degradatzen duela asumitzen dute.
Nolanahi ere, ulertu dezaket kantineraren paperak kontrobersia sortzea feministongan, emakumearen objetibizazio sexuala, gaur egun, askatasun sexualaz mozorrotzen den fenomenoa baita. Hala, ez dut argi zein punturaino diren kantineraren makillaje eta atontzeak kantineraren nahia eta aukera edo gizarte patriarkalak inposaturiko zerbait. Argi daukadana da ordea, emakumearen objetibazio horretan, emakumea zapaltzen duena objetibizazio hori dela eta ez kantineraren liraintasun eta apaintzeak. Esan nahi dudana da, kantinerari ematen zaion konnotazio sexuala kantineraren mozorroaren atzean dagoen emakumeari egotzi beharrean, konnotazio sexual hori, begi lizunez begiratzen dionari egotzi behar zaiola. Kantinera ez da neskatxa txolin bat kantinerak hala izan nahi duelako, begiratzen duenak txolintzat hartzen duelako baizik.
Are gehiago, gaiaren hondoetara joanaz, inpresioa daukat ezkerreko militantziatik, emakume bat makilatu eta apainduta egotearen arrazoi hutsagatik, bere jardun politiko eta intelektuala ezbaian jartzen dela. Uste dut ezkerretik kantineraren jarduna eta jasan behar dituen presioak, maiz, oso modu azalekoan gutxietsi egiten direla, emakume lirain eta panpoxa izan eta makilatu eta atontzeak ahultasuna eta patriarkatuari men egitea esango balute bezala.
Feminismoan jarduteko modu bakar eta bateraturik ez dago, feminismo mota asko daude eta denak dira balizkoak. Egin daiteke emakumeen eskubideen alde Kale Nagusiko espaloietan emakume soldaduak txalotzetik, kantineraren papera interpretatzetik edota blog anonimo batean idaztetik.
Hau guztiagatik, uste dut feministon bideak ez duela emakumeen askatasun eta aukeren pribazioen bidea izan behar, emakume guztiei euren eskubide guztiak bermatzen direla ziurtatzea baizik. Kantineraren figura ezbaian jarri beharrean, jarrera paternalistetatik urrundu eta emakumeei aukera guztiak mahai gainean jarri eta haiek erabaki dezaten ahalbidetu behar dugu. Ez dago eta, norberak bere buru eta gorputzarekin zer egin nahi duen erabakitzea baino ezer askatzaileagorik.
Hortaz, uste dut kantinera epaitzea baino, kantineraren inguruan sorturiko sobreaktuazio eta gehiegikeriak izan behar direla gure kritiken jomuga. Zergatik kantinera bakarra eta ez Donostiako danborradan bezala nahi adina? Zergatik bakarrik neskatxa gazteak eta ez edozein adinetakoak? Zergatik mojigata eta ez promiskua? Zergatik emakumezkoa eta ez gizonezkoa, edo erdibideko beste zerbait? Zergatik onartu bere edertasunean oinarritutako kritika matxista eta azalekoak? Zergatik merendola prestatzea bere ardura izan behar?
Ezer ez dago idatzita. Dena da aldatzeko. Eztabaida zabalik dago…
Kantinerak soberan Hondarribiko alardean?
Kantinerak soberan Hondarribiko alardean? bidalketa lehenengo zuzeu.eus-(e)n agertu zen.