
Burkinia, kultur aniztasuna emakumea zapaltzeko aitzakia denean
Aurrekoan Interneten buelta bat ematen ari nintzela Donostian pixaren iraultza gertatu zela ikusi nuen Topatun. Bideoan azaltzen zen neska talde bat azalduz txiza egiteko era patriarkatuaren sinbolo handia dela eta generoa eraikitzen laguntzen duela, izan ere, genero dikotomia sortzen du . Bukaeran, gauzak aldatu direla esan eta txiza zutik egin nahi dutela aldarrikatzen dute, horri ekin aurretik “Guk erabaki nola txiza egin” oihukatzen ari direla. Nik beti imajinatu ditut feministak lupa batekin kalean mikro-matxismoen ehizan dabiltzala, ohiko portaerari bueltak emanez, arrunta eta normala dena bereiziz. Horregatik harritu nau burkiniaren aurrean egon den erantzun hotzak. Makro-matxismo bat delako.
Ikusi ditudan erantzunen artean, June Fernández eta Susanna Marteenek eginiko marrazkiak atentzioa eman dit. Namibiako Himba tribuko emakume bat agertzen da esanez Espainiako emakumeek titiak estali behar dituztela euren “erlijioak eta gizonek hala diotelako”. Egia da hondartza, igerileku eta herri nudistetan egon ezean, emakumeak titiak estali behar dituela, —gizonok ere bai esango nuke— baina egia da ere emakumeak prakak, gona, zapia edo zapi barik, takoiak, oinetako zapalak eta hamaika konbinazio jantz ditzakeela. Himba tribuan hori guztia posible da? Emakume batek titiak estal ditzake? Ze, posible ez balute, adibideak balio estetikoa izan lezake, kontraesanak gogoratzeko batik bat, baina ez luke ezelan frogatuko emakumea libreagoa dela Himba tribuan Espainian baino.
Hainbatek kultur aniztasuna argudiatuz emakumeek burkinia libre janztea defenditzen dute. Europan arazo handia dugu debekuarekin. Zaila da debekatzen eta ondorio latzak izan ditzake, gainera. Burkinia galaraziko balitz emakume musulmanak jopuntuan jarriko lirateke, birritan biktima bilakatuz eta burkinian gotortzera gonbidatuz. Gainera, “faxista”, “islamofobo” eta “diktadura” berbak aise erabiltzen dira eta, arrazoiz ala arrazoi ezaz jaulki arren, inork ez ditu entzun nahi. Neure ustez auzia ez da burkinia erlijio konkretu bati lotuta egotea; baizik eta burkiniak emakumearen duintasuna bete-betean urratzen duela, emakumea gizonen menpekoa bihurtzen baitu. Izan ere, emakumeek burkinia jantzi behar dute gizonok ez dezagun gogapen lizunik izan. Ez besterik.
Mundu musulmanean gertatu zen lehen ekintza feministan Huda Shaarawik jendaurrean beloa kentzea erabaki zuen. 1923an gertatu zen Egipton eta beloak emakumearen zapalkuntza islatzen zuelako egin zuen. Burua estaltzearen aurkako borrokak soka luzea du herri musulmanetan eta Europan, ustezko kultur aniztasuna dela-eta, beldur diogu burkini edo beloaren kontra publikoki agertzeari, “islamofoboak” edo “arrazistak” dei ez diezagutelakoan. Ohiturak ezin dira giza- eskubideen gainean jarri eta mugimendu feministak burkinia ez erabiltzearen aldeko borrokan liderra izan beharko luke. Gogoratu beharko lukete Huda Shaarawik egin zuena: beloa kendu zuen emakumeen zapalkuntza salatzeko. Europan ere bai.
.
PD: Argazkia Giorgio Montersinok egin du eta hemendik atera dut. Creative Commons lizentzapean dago eta hauexek dira dagozkien eskubideak.
Burkinia, kultur aniztasuna emakumea zapaltzeko aitzakia denean
Burkinia, kultur aniztasuna emakumea zapaltzeko aitzakia denean bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.