
Zumaia, klandestinoen eskutik (III)
Gai honek mamia daukanik ezin da ukatu, ez horixe. Aste honetan Zuzeun bertan irakurri ahal izan dugu Zumaiako Udalaren politika babesten duen idatzi bat. Datu objektiboren bat kenduta, sekulakoa da. Lehenik eta behin, bideo honen hasierako hitzak Korta berarenak dira, alkatetza eskuratu zuen egunekoak, eta ez KGD-ko zitalenak. Jarraian datozen argudioak pisuzkoak dira, oso: odol emaileen kartela eta “ETA MÁTALOS” dioen margoketa bat konparatzeak zentzu handia dauka, bietan, azken finean, odola eskatzen baita, eta hori ezin da onartu, aizue.
“Bizilagunen paretak zikindu”. Txukuntasuna, garbitasuna, higienea. Izan ere, pankarta batek ikaragarri zikintzen du herri bat, eta kaleak distiratsu mantentzen dituzten aditu batzuen iritzia eskatzen aritu naiz. Piongiangetik adeitasun handiz eskaini dizkigu bost minutu Kim Jong-un liderrak (Ipar Koreako prefijoaren bila hamar pasa ditut), eta bere inpresioak konpartitu ditu gurekin: “gertutik jarraitzen dut Zumaiako udalaren lana. Bereziki zorrotza iruditu zait argudiaketa, eta nire aitona afizionatu koitadu bat zela ondorioztatzen hasi naiz. Hemen alderdiaren propaganda soilik onartzen dugu, eta norbait kexu agertzen denean langileriaren diktaduraz, inperialismoaren aurkako borrokaz eta hartaz eta honetaz mintzatzen gara berarekin, gulagera bidali aurretik. Baina nor dago garbiketaren aurka? Sekula ez zitzaigun otu halakorik. Distiratsua, benetan.” Historia honetan ETA sartzea zilegi bada Ipar Korea ere, ezta? Diñot.
Israel, Indonesia, Jordania, Maroko, Turkia, eta bestelako zenbait herrialde garbitasun eredu honen zaleak dira aspalditik; baina etxean ere ez dira jarraitzaileak falta. Zeren eta hormak aldarrikapenek eta arteak zikintzen dituzte, ondo ordaindutako publizitateak ez.
Batzuk droga kartelei gerra deklaratzen diete; Zumaiako Udalak kartelei, besterik gabe. Eta zikinkeriari; ez nahastu zikinkeria kutsadurarekin e, baizik eta lehen aipatutakoarekin. La Pollak zioen bezala, alkate eta burges onen misioa komertziatzeko eskaparate aproposak sortzean datza, eta gure kostaldeari gutxi falta zaionez turismoari dagokionez Mediterraneoaren pare jartzeko, ba ederki.
Arrasate, Lekeitio, Azkoitia… antzeko egoeran daude. Jarraituko dugu erreportaiekin.
Zumaia, klandestinoen eskutik (III)
Zumaia, klandestinoen eskutik (III) bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.