
Esaera zaharrak
Hainbat dira artikulu hau idaztera bultzatu nauten arrazoiak. Egia esan, aspaldidanik nabil esaera zahar edo atsotitzekin interesatua, izan ere, hitz gutxitan asko esaten dutela uste baitut eta haiek gogoratu, ikasi eta erabiltzeko gogoa piztu zait. Gainera, gure arbasoek (baita guk geuk ere, baina gutxiago, hori ukaezina da) sortu eta erabili dituztela pentsatzeak, poza eman eta harro sentiarazten nau. Honetaz gain, esaera zahar hauek idatzi dituzten pertsonek bizi-esperientzia batetik abiatuta idatzi dituzte esaldiok, beraz, jakinduriaz beteriko esaldiak dira, eta hori argi ikus daiteke haietariko bakoitzean; asko, irakaspen edo baieztapenak baitira.
Zenbatetan entzun izan dugu ikasteko eta akatsak ez errepikatzeko atzera begiratzea edo historiari begirada bat botatzea zein garrantzitsua den? Bada, hemen dugu beste adibide bat, esaldi hauek gu bezalako pertsonek, beren esperientzia pertsonaletik eta gaitasun intelektualetik abiatuta, idatziriko esaldi apartak baitira, gerora euskal herritar askok erabili izan dituztenak.
Baina zer dira esaera zaharrak? Nondik datoz? Nortzuek sortu dituzte?
Wikipedia-ren arabera, herri erabilerako esaldi zuzen, zehatz eta xeheak dira; ahoz aho transmitituak izan direnak, tradizio luzekoak, gehienetan, irakaspen morala eta praktikoa dutenak, eta, askotan umorezkoak edota metaforikoak izan ohi direnak.
Munduko kultura eta herrialde desberdinetako esaera zaharrak biltzen dituen sareko orrialde batek zera dio:
“Proverbs are the unique way cultures from around the world express their traditions and values. Proverbs are good at characterizing a culture’s way of life. These proverbial expressions of everyday life whether about love, friends, happiness, or even pets are universal in nature but at the same uniquely worded, making them a treasure for any linguist”.
Hau da:
“Esaera zaharrak munduko kultura desberdinek beren tradizio eta balioak adierazteko modu bakarra dira. Esaera zaharrak kultura bateko bizimodua ezagutarazteko baliagarriak dira. Maitasun, lagun, zoriontasun edota animaliei buruzko egunerokotasuneko adierazpen hauek unibertsalak dira, baina, aldi berean, era berezi eta bakarrean idatziritakoak, linguista ororentzat altxorrak”.
.
Antonio Zavalak (Tolosa, 1928; Xabier, 2009), euskal idazle, euskaltzain eta euskal herri-literaturako ikerlari izan zenak, zera dio bere “Esaera zaarren bilduma berria (I)”-n:
“Esaera zaar oiek erri-literatura dirala adierazi bearrik ez dagoala uste det. (…) Erri-poesiarekin senidetasun osoa duana”.
.
Cervantesek, On Kixote Mantxakoa-n, zera dio esaera zahar edo gaztelerazko refrán-en inguruan: (Gaztelerazko Wikipediatik aterata)
“Los refranes son sentencias breves, sacadas de la experiencia y especulación de nuestros antiguos ancianos. Cualquiera de los que has dicho, Sancho, basta para dar a entender tu pensamiento”.
Hau da:
“Esaera zaharrak gure aspaldiko adinekoen bizi-esperientzia eta usteetatik ateratako esaldi motzak dira. Oraintxe esandako edozein, Sancho, nahikoa da zure pentsamendua ulertzeko”.
.
Beno, badakit gaiaz nik baino gehiago jakingo dutenak asko izango direla; baina, tira, nire ekarpena egin nahi nuen artikulotxo honekin. Honela, ezin dut artikulu hau bukatu, esaera zaharrik aipatu gabe. Hona hemen handik eta hemendik bildutako haietariko batzuk:
- A ze parea, karakola ta barea!¡
- Adiskide onekin orduak labur.
- Astoak mandoari, belarri handi!
- Azaroa hotz, negua motz; azaroa bero, negua gero.
- Bururik nekatzen ez duenak hankak nekatu behar.
- Egonai lo ta jango dek/n me!
- Eguzkia eta euria, erromako zubia.
- Eroriz ikasten da oinez.
- Geroa, alferraren leloa.
- Gogoko lekuan aldaparik ez.
- Goiz gorri, arrats euri; arrats gorri, goiz haizetsu.
- Hilaren 27a halakoa, hurrengo hila holakoa.
- Hor konpon, Marianton!
- Ikaszazu ematen; ez ahaztu, ordea, zurea zaintzen.
- Jakiteko hartzen, ikaszazu ematen.
- Jakituna sarritan isilik, ez-jakina isildu ezinik.
- Jantzan/k ta pakea emantzan/k!
- Katurik ez dagoen etxean saguak dantzan.
- Nahi baduk/n jan, egin beharko duk/n lan!
- Neguko eguna, argitu orduko iluna.
- Otsoa aipatu, otsoa atean.
- Txoriak eder bere kabia.
- Urrutiko intxaurrak 14, gerturatu ta 4.
- Usteak erdi ustel.
- Zenbat buru, hainbat aburu.
- Zer ikusi, hura ikasi.
- Zozoak beleari, ipurbeltz!
.
Beste iturri batzuk:
- http://www.pelloerrota.com/lanak/esaerak/hasiera.htm
- http://haixeder.blogspot.com.es/2012/09/atsotitzak-edo-esaera-zaharrak.html
Esaera zaharrak
Esaera zaharrak bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.