
Branding (EAJ ulertu nahian)
Hauteskunde hauek utzi dituzten emaitzen inguruan asko eztabaidatuko da datozen egunotan, baina beste askok bezala, ene buruan galdera bat daukat bueltaka: ikuspuntu soziologiko batetik, zer da Eusko Alderdi Jeltzalea? Nola da posible gure jendartean hainbeste gauza aldatzea azken urteetan, eta beste batzuk ez? Galizako independentista batek baino gehiagok egingo du antzeko galdera bere golkorako, subjektua eta espazioa aldatuta.
Sabin Etxearen aurrean bildu ziren jarraitzaileek independentzia oihukatu zuten, baina ez dakigu zertaz ari ziren: estatua, nazio forala, Urkulluren XXI. mendeko independentzia… Kalean galderak egiteko gelditu duten bati baino gehiagori entzun zaio esanez telebistan: “nik estataletan x bozkatu nuen, baina autonomikoetan EAJ”. Hau da, independentzia oihukatzeko gai diren batzuk eta status quo-a mantendu nahi duten beste batzuk hautu politiko bera egin zuten pasa den igandean.
Egia esateko, Euskadi Buru Batzarrekoak “independentzia” builaka ikusteak ekainean PP-koak “si se puede” oihukatzen entzun genituenekoa oroitarazi zidan. Ortuzarrek esan berri du, ez nik: “gure helburua ez da estatu bat, burujabetza partekatua baizik; baina independentziari muzin egin gabe”. Beno, baina orduan zer, bai ala ez? Sun Tzu militar txinatarrak “Gerraren artea” liburuan zioen: “etsaiari ez zaizkio inoiz irteera guztiak itxi behar, horrela buruan beti izango du ihes egiteko aukera daukala eta ez du indar guztia borrokan jarriko”; edo antzeko zerbait. EBB-k hori bera egiten duela iruditzen zait. Ez dute independentziaren atea itxiko, horrek itxaropena ezabatuko lukeelako beren hautesleriaren esparru batean; baina beren boza jeltzaleentzako gorde duten askok jakin badakite ez diotela bide horri helduko.
Apunte asko dauzkat etxean, baita klasean banatutako orriak ere, eta uste dut bigarren hezkuntzatik gaurdaino ez dudala kasik ezer bota. Tarteka begirada bat ematen diet, informazio xerka nabilenean bereziki. Pasa den asteko irakurketa bat berreskuratu dut, orduan ez bainuen irakurri oraingo ikuspuntu bertsutik.
Gabriel Olamendik marketingaren inguruan egindako idatzi baten pasarte bat da, eta bereziki, branding delakoa du hizpide. Rob Frankel adituaren arabera, brandinga marketingaren inguruan okerren azaldu den kontzeptuetako bat da. Berak dioenez, lehenik posizionamendua ulertu behar da, hots, merkatuan daukazun kokaleku estrategikoa, borrokarako gotorlekua; ezberdintzen zaituena, jendeak nola kokatzen zaituen (merkeena, onena, fidagarriena…). Honakoa dio bere idatziaren zati batean (euskaratu egin dut):
“Brandingaren helburua ez da jendeak zuri konpetentziari baino gehiago erostea. Brandingaren helburua jendeak bere arazoentzako konponbide bakarra zeu zarela pentsatzea da.
Horrek bezeroaren fidelizazioa dakar, eta horregatik errepikatzen ditu erosketak. Mundu guztia dago ados honetan, baina ez garapenean; eta zure marka ez bada “konponbide bakarra” bezala hautematen, ez daukazu branding estrategiarik edo berau okerra da.
1.- Komunikatu publikoari nor zaren.
2.- Komunikatu zer egiten duzun.
3.- Komunikatu nola egiten duzun egiten duzuna.
4.- Merkatuaren mugimenduak zure markari forma eta zabalpena ematen dionean, komunikatu egin behar duzu, zure bezeroentzako zirraragarria bilakatu daiteken garrantzia eta nagusitasun bat sortuz, aukeratzen duzun motiboaren arabera.
Markak erabiltzaileak ebanjelizatzen ditu. Brandingak kontsumitzailearen galdera honi erantzuten dionean funtzionatuko du: “zergatik aukeratu dut produktu hau beste bat beharrean?”. Brandinga kanpotik eraiki behar da, markak ez baitira zuretzako, erabiltzaileentzako baizik.”
Brandigaren kontu hau afera honi aplikatu nahian nabil, eta ziur naiz aurreko puntuak aztertu eta bakoitzak bere ondorioak aterako dituela. Alderdi guztiek daukate boto fidela, baina EAJ-ren kasuan kantitatea esanguratsua da zinez (Ibarretxeren momentu gorenean 600.000, egun 400.000). Espektro ezberdinetako jendeak mezu bera jasotzen du: “lasai, gurekin ez duzue abenturarik izango, segurtasuna eta lasaitasuna besterik ez”; EH Bildurekin ez, noski, argi eta garbi adierazten baitu bere asmoa aldebakarreko prozesu bat abiatzea dela, eta horrek beldurra eman dezake. Eskuinak gerta daitekeenaren beldurra ustiatzen du, ezkerrak gertatzen ari denarena; eta badakizue, hobe da ezaguna den gaitza ezezaguna baino. EAJ-k erabaki zuzen eta arrazional gisa saltzen du bere burua, baina funtsean, milaka boz emozional jasotzen dituelakoan nago. Beldurra emozio indartsua baita; inertzia akuilu boteretsua. Eduardo Galeanok Allenderekin izandako pasadizo bat ekarri dit horrek gogora (laugarren minutua bitarte).
Gure panorama politikoan axioma bat da: EAJ, kudeatzaile ona, euskal oasia; ez dira espainiar politikariak bezalako desastreak, eta gainera ez dute Venezuelarik sortu nahi. Jende askok eman die beren konfiantza; tartean, EAJ-ren erabakien ondorioz izorratutako jendeak. Lehen indarra izan dira industriak kolpe latzak eta tentsioa jasan dituen tokietan, Zumarraga edota Sestao, esaterako; Barakaldo, Portugalete, Irun, Gasteiz edota Arrasate bezalako langile guneetan ere lehen indarra dira.
“Brandinga kanpotik eraiki behar da, markak ez baitira zuretzako, erabiltzaileentzako baizik”. Kontua ez baita zer diren eta noren mesedetan lan egiten duten, nola saltzen diren baizik, jendeak nola ikusten dituen. Ni edo kaosa. Media Markt, yo no soy tonto.
Branding (EAJ ulertu nahian)
Branding (EAJ ulertu nahian) bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.