
Eusko Legebiltzarraren gehiengoa erabakitzeko eskubidearen alde, eta orain zer?
Irailaren 25a hauteskunde eguna izan zen; EAJk 29 legebiltzarkide lortu zituen, EH Bilduk 17, Elkarrekin Podemosek 11, PSOEk 9 eta PPk 9. Guztira 75 legebiltzarkide daude EAEn, eta gehiengo zabala erabakitzeko eskubidearen alde dago.
…

Bozkatzeko aukera izateko eskaera ez da bakarrik euskaldunon kontua. Hainbat tokitan eskatu da azken urteotan, batzuk beste batzuk baino arrakasta gehiago izan dutelarik. Gertuen Kataluniako kasua daukagu. Bertan bizi izan naiz azken urteotan, eta hango lagunei txantxetan esan ohi diet katalanak euskaldunoi protagonismoa kentzen ari direla. ETAk borroka armatua behin betiko utziko zuela adierazi zuenetik Euskal Herriaren independentziak ez du ez interes ezta oihartzun berdina izan estatu mailan eta nazioartean. Kataluniak ordea indarra hartu du hedabideetan eta estatuko politikarien interesetan. Alderdi guztietako politikariak entzun ohi ditugu katalanei buruz hizketan, baterako eta besterako iritziak emanez.
Katalanek urtero irailaren 11an, Diada egunean egiten den manifestazioaz asko eta luze hitz egiten da. Politikarien gustuko gaia bilakatu da eta nazioarteko hedabideek interes handiz jarraitzen dute urtero. Baina hemen ere ez gara geldi egon azken urte hauetan. Gure esku dago–k antolatuta ekintza ugari egin dira, besteak beste ekainean egin zen herri galdeketa, arrakasta handiarekin gainera.
Orain, Eusko Legebiltzarrean 75 legebiltzarkidetik 57 erabakitzeko eskubidearen alde daude. Baina zerbait aldatuko ote du horrek? Eta baietz bada, noiz?
Azken urteotan Kataluniako Diadan manifestazio jendetsuak egin dira, beti ere independentziaren aldeko leloren batekin. Baina hango askoren sentsazioa ezer aldatu ez dela da. Ondorengo txantxa bor-bor aritu zen sarean, batez ere Whatsapp bidez irailaren 11an eta mezu garbia bidaltzen du: independentzia noizko?
2012: Catalunya nou estat d’Europa (Katalunia Europako estatu berria)
2013: Cap a la independència (Independentziarantz)
2014: Ara és l’hora (Orain da ordua)
2015: Via lliure (Bide librea)
2016: A punt (Prest)
2017: Som-hi (Goazen)
2018: Ara en sèrio (Orain benetan)
2019: Ja casi casi (Orain ia ia)
2020: De seguida (Segituan)
2021: En cinc minuts surto de casa (Bost minututan irtengo naiz etxetik)
2023: Ho tenim a tocar (Ukitzear daukagu)
2024: Parem un momentet a fer pipí (Gelditu gaitezen momentutxo bat txiza egiteko)
2025: De vegades el trajecte és més important que el destí (Batzuetan bidea helmuga baino garrantzitsuagoa da)
2027: Estem ja buscant aparcament (Aparkaleku bila gabiltza dagoeneko)
2029: La Confederació Interplanetaria ens roba (Planetarteko Konfederazioak lapurreta egiten digu)
2031: Vaaaa (Tiraaa)
2033: No pareu mai de somriure (Ez utzi inoiz irribarre egiteari)
2037: Piano piano si va lontano (Poliki-poliki urrutira heltzen da)
2039: Petri-fiuuuu…
Bromak aparte, urteetan entzun nuen Euskal Herriaren independentziaren aldeko sektore batetik marko juridiko-politikoa AGORTUTA zegoela. Hori ez zela bidea, hor ez zegoela zereginik. Baina orain hor gaude, marko juridiko-politikoan, 75 legebiltzarkidetik 57 erabakitzeko eskubidearen alde dauden egoeran. Mezu hori bidali zien EH Bilduko Otegik EAJ eta Elkarrekin Podemos alderdiei hauteskunde gauean. Nonbait agortuta zegoen hori berpiztu egin da edo agian ez zen inoiz agortuta egon. Horrela, bideak erraza eman lezake: BOZKETA.
Eskozian egin zen bezalako bozketa egin eta irteten den emaitza onar dezagun. Baina Eskoziara begiratu beharrean Kataluniara begiratzen badugu, badakigu bidea ez dela horren erraza. Espainiar estatuko parlamentuan gehiengoa ez dago erabakitzeko eskubidearen alde, eta bozketa konstituzioaren aurkakoa dela argudiatzen dute. Berriro Kataluniara so egiten badugu, badakigu beraiek hartu zuten bidea zein den. 2014an Kataluniaren independentziarako kontsulta egin zen Espainiar estatuak ofizialtasuna ukatu bazion ere. Horren ostean, duela urtebete hain justu ere, Parlamentuko hauteskundeei zentzu plebiszitarioa ematea izan zen behin-betiko galdeketa “legala” egiteko aukeratu zuten bidea. Eta orain, urtebete beranduago bide honetan dihardute lanean, momentuz aldaketa nabarmenik ikusi ez delarik. Gaur eta bihar konfiantza mozioa egongo da Kataluniako Parlamentuan, CUPek Carles Puigdemont presidentea babesteko eta horrela aurrekontuak lantzen hasteko.
Zein ote da Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea bermatzeko jarraitu beharreko bidea?
Eusko Legebiltzarraren gehiengoa erabakitzeko eskubidearen alde, eta orain zer?
Eusko Legebiltzarraren gehiengoa erabakitzeko eskubidearen alde, eta orain zer? bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.