
“Antzinako genoma batzuk Atapuerka inguruko nekazariak lehen euskaldunekin lotzen dituzte” lerroburu duen notizia irakurri dugu Noticias de Burgos agerkari digitalean.
Berria zientifikoa da, eta zera dio gutxi gorabehera: nekazariak heldu baino lehenagoko ehiztariekin lotzen zituen hipotesiak baztertu eta gure arbasoak Iberiar penintsulako lehen nekazari eta abeltzainekin lotu beharra dagoela. Hau da, azken ikerketen arabera, euskaldunon jatorria ez dela uste bezain antzinakoa.
Ikerketak, guk egiaztatu ezin badugu ere, badu bere garrantzia, baina historia zalea izan ezean, ez da eguneroko prentsan agertzeko bezain erakargarria… kazetariak ahalegin berezi bat egiten ez badu.
Atzo, aipagai dugun berri zientifikoa El País egunkariak ere ekarri zuen edizio digitalera, “Euskaldunak ez dira uste zen bezain zaharrak” titularra hartu eta … Ibarretxe lehen lerrora ekarrita!
«El antiguo lehendakari Juan José Ibarretxe solía repetir que el pueblo vasco “tiene 7.000 años”, para defender la creación de un estado independiente cuyo origen se remontaría “al Mesolítico”. No es cierto».
Ahapaldi bukaerako “ez da egia” guk geuk indartu dugu, beste bat baita kazetariak egiten duen azpimarra, berriarekin defendatzen duen tesia laburtzera datorrena:
«Los habitantes de la península Ibérica tenemos un origen bastante común y relativamente reciente».
“Euskaldunen jatorri paleolitikoa zentsurik bako legenda bat da, aspaldi ahaztua dagoena”, dio José María Bermúdez de Castro-k, Atapuerkako aztarnategiaren zuzendarikideak. “Azken ikerketek nazionalistentzako horren desiragarria ez den errealitatea agertzen dute, epika faltarik ez badu ere”, idazten du segidan kazetariak.
Bukaera aldera, eta Bermúdez de Castro-ren hitzekin jarraituta; uste baino gazteagoak eta penintsulako beste herrien antzekoak izan arren, mendiz inguratuta egotearen poderioz luzez isolatuta egon ginela-eta, “euskaldunek hobeto gorde dute garbitasun neolitikoa”, dio ikerlariak.
“Preservan la pureza neolítica”?!?; eskerrak ez duen gutariko batek esan!
.
Iraultza Neolitikoa
El País utzi eta berriaren alde zientifikora itzuliko gara.
Mesolitikotik Neolitikorako pausua oso garrantzitsua da europar Historiaurrean, bizirauteko moduetan sekulako aldaketa suertatu baitzen, ehiztari talde txiki ibiltarietatik egonkortzen eta ugaritzen joan ziren giza talde nekazari eta abeltzainetara; Iraultza Neolitikoa esaten zaion bilakaera, klima epelagoak lagundu zuena.
Ordukoak dira, Neolitoaren atekoak, orain dela 3.500-5.500 urte inguru bizi izan zire zortzi gizakirenak, aztertu dituzten genomak. Hauek Atapuerca inguruko herri guztiekin alderatuta, antzik gehien euskaldunekin dutela ondorioztatu dute.
“Emaitza interesgarria da oso, euskaldunak beti hartu izan baitira Europan kasu bakan bezala, ez bakarrik indoeuropearrekin zerikusirik ez duen hizkuntza dutelako, baita genetikagatik ere. Orain hamar mila urte baino aurreragokoak zirela uste zen, Paleolitokoak. Eta ez dira hain aspaldikoak”; dio Juan Luis Arsuagak, Giza Eboluzioaren Museoko zuzendari zientifikoak.
José Miguel Carretero, Burgos-eko Unibertsitateko irakaslearen aburuz, “euskaldunak 5.000 urte inguru eman ditu isolatuta”, eta -Eneko Iriarte lankideak du orain hitza- “agian horrexek azaltzen du espainiar eta europearrengandik horren ezaugarri kultural eta genetiko ezberdinak izatea; baita euskararen jatorri enigmatikoa ere”.
Uppsalako Unibertsitateak (Suedia) zuzendu duen nazioarteko azterketan Burgos-eko Unibertsitateak ere hartu du parte. Ikerketak El Portalón-eko aztarnategian (Atapuercako koba nagusian) aurkitutako Brontze aroko zortzi gizakiren genomak aztertu ditu. Eta ondorioak atzo argitaratu zituzten, Proceedings of the National Academy of Sciences of the USA (PNAS) aldizkarian.
Antzinako genomen sekuentzatzeari esker europar Neolitoko mapa genetikoa osatu nahi dute ikerlariek.
Lehen euskalduna, uste baino gazteagoa
Lehen euskalduna, uste baino gazteagoa bidalketa lehenengo zuzeu.eus-(e)n agertu zen.