
Menpekotasunean hezi
I. EUSKAL EREDUKO IKASTETXEKO GURASOEN BATZARRA
Menpekotasun-hezkuntza eskolatik bertatik hasten da.
Agurra eta esaldi batzuk tarteka, euskaraz. Bestela, bilera goitik behera erdaraz doa.
Mezua aratza da: hemen denok dakigu erdaraz, beraz ez dugu astirik galduko euskaraz egiten.
Erdaldunek jasotzen duten zeharkako mezua:
lasai egon. Ez kezkatu. Ez duzue zertan euskara ikasi. Behar beste makurtuko gara euskaldunok, erdaldunak ez zaitezten deseroso egon.
Euskaldunok jasotzen duguna:
euskara bigarren mailako hizkuntza da. Etxerakoa kasurik onenean. Ez ditzagun erdaldunak deseroso sentiarazi. Hemendik kanpora, intimitatean, zakurrarekin edota haur txikiekin izango duzue euskaraz jarduteko aukera (edo ez…).
Batzuen eta besteon haurrek jasotzen dutena: Euskarak ez du ezertarako balio. Hemen erdara da hizkuntza “noranahikoa”.
Beraz, zer arraiotarako matrikulatzen ditugu haurrok erabiliko ez duten hizkuntza batean?
Eta noiz arte luzatuko da haurrak euskaraz matrikulatzeko joera antzu hau?
Ikastetxe benetan euskaltzaleetako arduradun eta irakasleak esnatuko dira noizbait?
II. ERAKUNDE ABERTZALEAREN BILERA (ez abertzaleetan, euskara ez da aipagai ere)
Dozena bat lagun, demagun. Zortzi elebidun, bi “euskaldun” pasibo eta bi erdaldun konpleto.
Azken biak biziki muturtzen dira euren presentzian euskaraz egiten denean, hortaz, bilerak erdara hutsez edo ia, egiten dira. Erakundeak ez du neurririk hartzen kide euskaldunen euskarazko jarduna errespetatua izan dadin, eta erdaldun konpleto biek ez dute euskara ikasteko inongo asmorik erakusten.
III. ERAKUNDE PUBLIKOAREN BILERA OFIZIALA (ez ofizialetan, euskara aurkezpenean eta kitto)
Jaurlaritzaren eta sindikatuen ordezkariak bildu dira. Jaurlaritzaren ordezkariek erdaraz jarduten dute, sindikatu “ez-nazionalistek” bezala. Bilerarako dokumentazioa erdara hutsez doa, “ez baitago baliabide nahikorik euskarara itzultzeko”. Azken agiria itzuliko da, Basajaun lagun.
Aldi bereko itzulpena dago gehienetan, sindikatu “nazionalistetako” kideentzat, badaezpadan.
Ikastetxean bezala, adibideotan ere euskaldunon menpekotasun egoera agerikoa da.
Menpekotasunak luze iraungo badu, goitik hasi beharra dago eredua ematen… Aurreak erakusten baitu atzea nola dantzatu.
Egiaz euskaltzale diren erakundeak noiz arte menpekotasuna hedatzen?
Eta IV. EUSKALTZALE ADITU OFIZIAL OSPETSUAREN ADIERAZPENAK
“Lehendakari batek ez du euskaraz jakin behar. Euskararen Aholku Batzordean azken urteotan egin den lanak hizkuntza aukeraren errespetua izan du oinarri… akordio zabal baten bila beti… soilik sentsibilitate abertzalea jaso ordez, alor politiko guztiak barne hartuz.”
Mezua latza da:
a) euskaldunok gaztelera / frantsesa ikastera behartuta bagaude ere, erdaldunek euskara EZ ikasteko aukera errespetatu behar da.
b) erdaldunen hizkuntza aukera errespetatu behar da (euskaldunena ez dago zertan).
c) euskararen inguruan akordio zabalak erdietsi nahi baditugu, a eta b irentsi behar ditugu.
d) euskara soilik abertzaleen auzia da.
EAEko gizarte ustez elebidun eta itxuraz demokratiko honetan, euskaldunak menpeko eta menpekotasunean heziak izaten jarraitzen dugu. Hankapean gauzkate botere arrotzek, eta menpeko tratua ematen digute bertoko botere askok ere. Euskaltzale bat edo besteren laguntzaz sarri.
Euskara zeharo museoratuta nahi dutenek, ametsik beroenetan ere ez zituzten erreferente diren euskaltzaleak menpekotasuna bedeinkatzen irudikatuko.
Eta hemendik aurrera… zer?
Euskararen Aholku Batzordearengatik bada, orain artekoari eutsi, gozo-gozo, ugazabak aztora ez daitezen.
Eta gizarte ekimeneko euskalgintza? Alderdi eta sindikatu abertzaleak?
Menpekotasunean txipli-txapla orain arte bezala?
Menpekotasunean hezi Menpekotasunean hezi Menpekotasunean hezi
Menpekotasunean hezi bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.