
Inkesta soziolinguistikoak estaltzen duena
Jaurlaritzak argitaratu berri du VI. Inkesta Soziolinguistikoa. Hogeita bost urte, sei inkesta. Zentsuak, udal-erroldak, inkestak, neurketak eta diagnostikoak. Gehienak administrazio publikoek diseinatuak eta diru publikoez ordaindutakoak. VI. Inkestaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, azken 25 urteotan, 1991—2016, 16 urtetik gorakoen euskararen hiztun elkartearen hazkundea esanguratsua izan da: 212.000 euskaldun gehiago. Horrela aurkezturik, badirudi urte horietako hizkuntza politika arrakastatsua izan dela, dena justifikatuta dagoela, alegia. Inkestaren emaitzak, zenbakiak, begiratzen ditut eta begitantzen zait euskaldunok hilezkorrak garela. Euskaldunak hilezkorrak gara, benetan? Kontua da, Jaurlaritzaren hizkuntza-kontularitzan, euskaldunok urterik urte gero eta gehiago garela, hiztunen kontularitza oso sinplea da. Sinpleegia. Hiztunok, euskaldunok ere, bizilekuz aldatzen gara baita Euskal Herritik alde egin ere, batzuk hizkuntzaz aldatu, euskara galdu, eta beste batzuk hil. Baina kontularitza soziolinguistikoan mozkinak besterik ez dira zenbatzen.

Aztertu dut 1981—2011 urte artekoan udalerri euskaldunenen bilakaera, 1981ean euskaldunak % 95 edo gehiago zeukaten EAEko udalerrietan EUSTATek ematen dituen datuetan. Hogeita zazpi udalerri horietan galdu dira, bai, galdu, 2.000 euskaldun baino gehiago. Urte horretan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan udalerri euskaldunak, % 95etik gorako udalerriak, 27 ziren, hogeita hamar urte beranduago, 2011ean, berriz, 2 besterik ez dira. Galera hori ez da izan Jaurlaritzaren hizkuntza politikaren ondorioa? Edozein kasutan, bistan da, Jaurlaritzaren hizkuntza politikak ez du balio izan fenomeno hori ekiditeko.
Beste muturrean, 1981eko udalerri erdaldunetan, euskaldunen proportzioa % 5 edo gutxiagoko udalerrietan (65), hogeita hamar urteren buruan 140.000tik gorako euskaldun gehiago zenbatu dira. Hazkunde hori, hori bai, Jaurlaritzaren hizkuntza politikaren ondorioa omen da. Ez daukagu zalantzarik Jaurlaritzaren hizkuntza politikak lagundu duela hiztun berriak lortzen udalerri euskaldunetan. Dudarik gabe. Era berean, datuak datu, Jaurlaritzaren hizkuntza politikak lagundu udalerri euskaldunen erdalduntze prozesua.

Alabaina, inkesta soziolinguistikoen bitartez Jaurlaritzak iradokiarazi nahi digu euskaldunen multzoa handitu ahala elebakarren multzoa proportzio berean murrizten dela. Erakutsi dugunez, hori ez da horrela. Eztabaida ez da botila erdi hutsik edo erdi beterik dagoen; eztabaida da, hizkuntzaren normalizazioaren prozesua nolakoa den; prozesuaren ahuluneak eta indarguneak zeintzuk diren eta nolakoak diren.
Hogeigarren gizaldian desagertu ziren euskaldun elebakarrak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hiztunen lehenengo zentsua egin zenean (1981) oraindik bazeuden bakan batzuk. Baina ez genituen zenbatzen, ez zigun axolarik, zenbatek zekien euskaraz jakin nahi genuen. Ez dakigu azken euskaldun naturala nor izan zen, nongoa zen; ez dakigu gerrak eta diktadurak, krisiak, estualdiak eta barealdiak igaro ondoren zergatik desagertu ziren euskaldun elebakarrak. Zergatik desagertu ziren hizkuntzaren batasuna lortzen ari ginela, aldizkariaz euskaraz argitaratzen zirela, euskara hizkuntza ofiziala egin genuela, ikastetxeetan sartzen ari zela. Baina euskaldun elebakarrak desagertu ziren, betirako agian, eta orain euskaldunak, guztiak, elebidunak gara. Euskaldun naturalak desagertu bitartean erdarak ez du hiztun bakar bat ere galdu eta euskararen erabilera zorizko gertaera bilakatu da.
Gertatutakoa gertatuta eta izandako aldaketak kontuan hartuta, hizkuntza politika eraberritu behar da. Hizkuntza politika aldatzeko, berriz, hizkuntzaren gaineko legedia egokitu behar da. Orain dela hogeita hamabost urte egindako legeak ez du balio aro digitalean bizitzen duguna arautzeko. Zaila da hori ulertzea? Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak ez du lege berririk nahi eta ezkutatu nahi digu 82ko lege zaharra izan dela Espainiako gobernu-ordezkariaren heldulekua euskararen erabilera eragozteko udalerri euskaldunetan. Sailburuordeak galdetzen digu ea zer egin nahi dugun 82ko legeak eragozten digunik. Ba, esandako hori, arnasa-guneetan euskaraz jardutea normaltasunez. Horregatik aldatu behar dugu legea, besteak beste.
Inkesta soziolinguistikoak Inkesta soziolinguistikoak Inkesta soziolinguistikoak
Inkesta soziolinguistikoak estaltzen duena bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.