
LOMCEko errebalidei ez
Gaur egun, hezkuntza oso aldakorra da. Urtero aldatzen dira gauzak han eta hemen, gobernuak “hobekuntzak” direla uste duelako. Azken urteotan “LOMCE” ( Ley Organica para la Mejora de la Calidad Educativa-ren laburdura gaztelanieraz) ezarri nahi da Espainia osoan, baita Euskal Herrian ere. Nik, pertsonalki, ez dakizkit LOMCE legearen puntu ezta aldaketa guztiak. Baina ba dut lege horrek ezarri nahi duen aldaketa baten berri: errebalidak.
Errebalidak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailan eta Batxilergoko bigarren mailaren bukaeran ipini nahi dituzten ebaluazio azterketak dira. Laugarren mailako errebalidan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan lau urtez emandako ikasgai guztiak gehienezko 350 galderako azterketa bakar batean sartuko dira. Azterketa hau ez gaindituz gero, nahiz eta aurreko lau ikasturteak gaindituak izan, ezin izango duzu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua eskuratu. Eta berdina gertatuko liteke Batxilergoko errebalidan; Batxilergoko bi ikasturteak gaindituak izan arren, ez duzu titulurik jasoko ez baduzu errebalida gainditzen.
Zer lortu nahi da azterketa hauekin? Hezkuntzan pausu bat aurrera edo pausu bat atzera egitera eramango gaituzte errebalida hauek? Zein da haien helburua? Ikasleak haien ikasketetako urteez premiatzea edo zigortzea?
Nire ustez, azterketa hauek ikasleak torturatzeko besterik ez dute balio. Ezinezkoa da lau urtetan ikasitako ikasgai guztiak azterketa bakar batean zalantzan jartzea. Milaka azterketa, ordu, lan… galduta egongo lirateke azterketa hauen ondorioz, eta ez dago denbora eta ahalegin hori berreskuratzeko modurik. Eta zer esanik ez, zalantzan jarriko luketela hainbat irakasleren lan eta esfortzu guztia.
Horretaz gain, hamabost urteko gazteak ez dira gai lau urtetan ikasitako guztia froga bakar baterako ikasten eta are gutxiago gogoratzen. Ez dute hezkuntza hobetuko. Ez dituzte ikasleak ikasketetan lagunduko. Ez dituzte lan ordu eta ikasgaiak erraztuko. Guztiz kontrakoa egingo dute, eta hori onartezina da. Azterketa hauen ondorioz, gazteen etorkizuna, gure etorkizuna, zaila, eskuraezina eta jasanezina izango da. Hori da gobernuak benetan nahi duena? Haien ideia zentzugabeengatik gazte belaunaldi oso baten ikasketak eta etorkizuna pikutara botako dituzte?
Hala bada, ikasleok ez dugu onartuko. Gure eskubide eta etorkizunarengatik borrokatuko dugu, kosta ala kosta.
LOMCEko errebalidei ez
LOMCEko errebalidei ez bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.