
Harriturik nago ZuZeun ez dela polemikarik piztu ikusita. Lehengoan abestu zen estreinako aldiz Gasteizko Letren Fakultatean “Agur Jaunak” berria. Urkullu Lehendakaria aurrean zela, gainera. Antza, Goirizelaia Errektore jaunak zeukan agindua emana, gure kantu solemneari hitzak egokitu egin behar zitzaizkiola. Orain, “Agur Jaunak eta Andreak” deitzen da, kantua, esan nahi dut.
Oraintxe arte honela zena,
Agur Jaunak
Jaunak agur,
agur t’erdi
Danak Jainkoak
eiñak gire
zuek eta
bai gu ere.
Agur Jaunak,
agur,
agur t’erdi,
hemen gera,
Agur Jaunak.
Era honetan geratu da:
Agur Jaunak
eta Andreak
Agur t’erdi
Danak berdinak
einak gire
zuek eta
bai gu ere
Agur Jaunak
(e)ta Andreak
Agur t’erdi
hemen gire
Agur danak
Funtsean, Jainkoa hitza ezabatu da kantutik eta Andreak sartu da. Laizismoa eta berdintasuna daude politikoki zuzena izan behar ia obsesibo honetan. Eta ondo egina egongo da, seguru, batez ere XXI. mendeko Euskal Unibertsitatea gidatu nahi duenarentzat. Badakigu Joxe Aranzabali ere primeran iruditzen zaiola hau guztia. Baina ez al zuten tradizioak eta ohiturak gehiago merezi?
Eta behin lan horietan sartuta, zergatik ez da euskara batuan jartzeko ahaleginik egin?
Beste kontu bat ere bai, inork ba al daki nork egin duen letraren aldaketa? Egile ezezaguntzat hartu izan da beti kantua, baina norentzat izango dira egokitzapenaren egile eskubideak, baldin eta halakotarako eskubiderik bada?
Agur Jaunak eta Andreak
Agur Jaunak eta Andreak bidalketa lehenengo zuzeu.eus-(e)n agertu zen.