Quantcast
Channel: ZUZEU
Viewing all articles
Browse latest Browse all 20136

Atapuercako ikerketa genetikoaren harira, Ricardo Gómezek

$
0
0
Atapuercako ikerketa genetikoaren harira, Ricardo Gómezek

Ricardo Gómez hizkuntzalariak, artikulu luze-zabal bezain interesgarri bat argitaratu du FILOBLOGIA bere blogean. Honaxe dakargu, bat baino gehiagorentzat interes handikoa izango delakoan.

Atapuercako ikerketa genetikoaren harira, Ricardo Gómezek

“Los vascos no datamos”: Atapuercako ikerketa genetikoaren harira

Hil honen hasieran, AEBetako Proceedings of the National Academy of Sciences (PNAS) aldizkariak euskaldunen (eta bidenabar euskararen) jatorriaz diharduen artikulu bat argitaratu du:

Günther, Torsten et alii, 2015, “Ancient genomes link early farmers from Atapuerca in Spain to modern-day Basques”, PNAS : 1509851112v1-201509851.

Atapuercan duela 3.500-5.500 urte bizi ziren zortzi gizakiren DNA aztertu dute eta, ahaidetasun genetiko handiena gaurko euskaldunekin dutela ikusita, egileek iradokitzen dute euskaldunak (eta euskara) lotuta leudekeela Neolitoan Ekialde Hurbiletik etorrita Europan nekazaritza hedatu zuten populazioekin. Ondorioz, gaurko euskaldunak ez ziren izango bertako Mesolitoko populazio ehiztari-biltzailearen oinordeko zuzenak. Alabaina hurrengo 5.ooo urteetan euskaldunak nahiko isolatuta geratuko ziren, artean Iberiara etorritako migrazio-uholdeen (indoeuroparren, erromatarren, afrikarren) eragin handirik jaso gabe. Bestalde, sardiniarrekin ere ahaidetasun genetiko handia aurkitu dute; horretan oinarrituta, euskararen eta paleosardinieraren arteko antzekotasunak daudela aipatzen dute eta, beraz, euskara ere Mediterraneotik etor zitekeela, Ekialdeko lehenengo nekazari haiek ekarrita. Hauexek dira artikuluaren amaierako ondorioak:

In summary, our ancient genomic sequence data from the El Portalón individuals and our analyses suggest the following model of events: The incoming early farmers, who could have spoken a non–Indo-European language, assimilated resident hunter–gatherers, with this admixed group becoming the ancestors of modern-day Iberian groups. Basques remained relatively isolated (compared with other Iberian groups) with marked continuity since the Neolithic/Chalcolithic period, but not since the Mesolithic (contrary to refs. 8, 9, and 26). Later migration into Iberia, possibly during the long reign of the Roman Empire and the 7th to 13th century period of Moorish rule of the peninsula, led to distinct and additional admixture in all Iberian groups but the Basque population (23). (Günther et alii 2015: 5)

Artikuluak hedabideen eta sarearen atentzioa eman du, noski, euskaldunen eta euskararen jatorria aski gai erakargarri eta eztabaidagarria izan delako aspalditik, eta bereziki azken urteotan, populazioen genetika agertu zenez geroztik. Zer esanik ez, egunkarietako albiste eta erreportaje batzuetan artikuluaren interpretazio sinplistak eta titular xelebreak agertu dira (baita inoiz alderdikoi eta interesatuak ere); beste batzuetan, ordea, artikuluaren egilekideen adierazpenak ekarri dituzte, artikulua ulertzen lagundu dutenak.

Hona, egunotan, Günther eta besteen artikuluari buruz argitaratu direnen zerrenda bat, inondik ere osoa ez dena (zerrenda luzeagoa dakar Joseba Abaituak):

Ez naiz genetikan aditua eta, beraz, ezin ditut artikuluaren xehetasun teknikoak behar bezala ebaluatu. Hala ere, zenbait puntu oso eztabaidagarriak iruditzen zaizkit, atera dituzten ondorio potoloak kontuan harturik; saiatuko naiz nire iritzia labur-labur azaltzen:

1. Zortzi gizakiren genoma aztertzea oso lagin eskasa da, handik hain ondorio orokorrak ateratzeko. Eta are eskasagoa antzinako DNAaz ari garelarik, haren egoera degradatua eta andeatua delako, artikuluaren egileek berek aitortzen dutenez: “All samples displayed features characteristic of ancient DNA (16): (i) The DNA was fragmented and (ii) cytosine deamination was consistently higher at fragment termini” (Günther et al. 2015: 2).

2. Oro har, gaur egun ere populazioen genetikak “frogatzen” dituztenak ez dira inolaz ere erabateko emaitzak. Ikustea besterik ez dago nolako ondorio desberdinak atera dituzten gutxi gorabehera populazio berdinak aztertu dituzten ikerketa genetikoek.

Gureari dagokionez, esaterako, beste zenbait autorek oraingo euskaldunak Paleolito/Mesolito garaietakoekin zuzenean lotu dituzte, baita Franko-kantabriar izeneko eskualdearekin lotu ere (Behar et al. 2012, Cardoso et al. 2013, Gómez-Carballa et al. 2012, besteak beste).

Edo, Franko-kantabriar eskualdeari berari dagokionez, kontuan har daitezke nolako ondorio desberdinak atera zituzten Stephen Oppenheimer-ek eta Brian Sykes-ek, oso antzeko laginak erabilita ere.

Eta beste egile batzuek guztiz kontrakoa “frogatu” dute, alegia euskaldunen eta Iberiar penintsulako gainerako biztanleen artean ez dagoela desberdintasun genetikorik ().

Ildo horretan, zinez gomendagarria iruditzen zait López, Izagirre eta Alonsoren artikulu hau (ez dago sarean eskuragarri, baina inori interesatzen bazaio, bidaliko diot):

López, Saioa, Neskuts Izagirre & Santos Alonso, 2013, “Euskaldunen jatorria eta berezitasun genetikoa eztabaidan”, in R. Gómez et al. (arg.), Koldo Mitxelena Katedraren III. Biltzarra – III Congreso de la Cátedra Luis Michelena – 3rd Conference of the Luis Michelena Chair, Vitoria-Gasteiz: UPV/EHU, 343-352.>

Egileek euskaldunen jatorriari buruzko hainbat lan birpasatu ondoren, eta haietan lortutako emaitza kontrajarriak ikusita, ondorioetan hauxe diote:

Emaitzen interpretazio objektiboak egiteko behar-beharrezkoa da ikerlarien aurriritziak eta sinesmenak alde batera uztea. Honen harian, Guido Barbujanik (2000) esandakoa aipagarria da: “populazio genetikan egindako edozein aurkikuntza, gertaera historikoren bati lot dakioke; baina kontrakoa iradokitzen duen beste gertaera historiko bati ere bai”. Hau da, hasieran azterketak egin eta geroago emaitzei zein hipotesis egokitzen zaien erabakitzea ez da egin behar dena, frogatu nahi den hipotesia hasieran ezarri, eta geroago azterketak egin baino.

Halaber, ikerketa genetikoen halako emaitza kontrajarrien zerrenda ederra ikus daiteke Joseba Abaituaren “A propósito del ADN prehistórico de Santimamiñe y la continuidad genética de los vascos” artikulu bikainean, Behar et alii-renetik aterata.

3. “Nori berea da legea” dio esaera zaharrak. Zientza bakoitzak bere helburuak ditu, bere metodoak eta bere iker-esparruak. Horregatik, ikerketa genetikoetan hizkuntzen ahaidetasunari edo ibilbideari buruzko ondorioak atera nahi direnean, beren helburuetatik eta esparrutik kanpo dabiltza, eta bestelako metodoak behar dituen zerbaitetan sartu nahi dute (eta, bide batez, hizkuntza kontuetan bestelako bibliografia erabili beharko lukete). Hizkuntzek ez baitute markatzaile genetikorik, ez baitira geneen bitartez transmititzen, eta ez baitira berez eta nahitaez populazioekin batera ibiltzen eta haiek bezala aldatzen.

Ez diezadala inork aipa zientzia “gogorrek” humanitateen aldean omen duten lehentasuna. Goiko 2. puntuan ikusi ditugun genetikaren emaitza kontrajarriak ikusita, nago XIX. mendeaz geroztik Hizkuntzalaritza Historikoak metodo konparatzailea erabiliz ezarri dituen hizkuntz familiak eta erlazioak, oro har, askoz iraunkorragoak eta ziurragoak gertatu direla Genetikatik etorritako populazio-loturak baino. Eta, argi esan dezagun, (aitzin)euskararen eta aitzin-sardinieraren arteko ahaidetasuna ez dago inola ere frogatuta, oraingoz behintzat.

Gai honetan, nahiko adierazgarriak dira gorago aipatutako Abaituaren artikuluaren hasiera:

Equiparar territorios, genes y lenguas es un desafortunado error que suele estar inducido por la forma en que se divulgan algunas investigaciones.

Eta amaiera:

Lo que a nuestro juicio es inadmisible (además de altamente preocupante, por sus implicaciones ideológicas) es que se presenten estos instrumentos en clave determinista, dando por sentada la asociación inequívoca entre linajes genéticos, territorios y rasgos socioculturales o etnolingüísticos. Porque parafraseando la popular consigna: “todos somos contingentes”.

Horregatik, oso zentzuzkoak iruditu zaizkit José María Bermúdez de Castro, Atapuercako aztarnategiko zuzendarikide eta artikuluaren egilekidearen hitzak, ABC egunkariko erreportajearen amaieran jasoak. PNASeko artikuluaren testuan bertan (eta, batez ere, egunkari gehienetako albiste alderdikoietan) baino askoz zuzenago jokatzen du, inondik ere:

«En todo caso -apuntilla Bermúdez de Castro- se trata de una cuestión cultural y poco tiene que ver con la Biología. Cualquiera sabe qué lenguas se hablaban en el neolítico, hace 5.000 o 7.000 años. Y menos aún en el Mesolítico. Pero la genética ahí no tiene nada que decir. Lo único cierto es lo que nos dicen los ocho esqueletos analizados (cuatro de ellos muy fiables genéticamente). Son datos científicos y no admiten discusión» (letra lodia nirea da)

Amaitzeko, esan dezakegu, Iharce de Bidassouetek Histoire des Cantabres liburuan (1825: 183) etxeko jaun baten ahotan jarri zuen bezala, “Nous autres Basques […], nous ne datons plus”. Euskaldunok ez dugu datatzen, alde batetik, duela 5.000 urte, 7.000 urte edo Adam eta Ebaren garaiaz ari garelarik, “euskaldunez” hitz egiteak ez duelako zentzu handirik, espainiarrez, frantsesez edo australiarrez hitz egiteak ez duen bezalaxe. Eta, bestetik, ikerketa genetikoen artean agertzen diren emaitza kontrajarriak ikusita, oraindik behintzat ez gaituzteko datatzen, ezin izan gaituztelako datatu.

 

 

Ricardo Gómez Creative Commons License

 

Atapuercako ikerketa genetikoaren harira, Ricardo Gómezek bidalketa lehenengo zuzeu.eus-(e)n agertu zen.


Viewing all articles
Browse latest Browse all 20136


<script src="https://jsc.adskeeper.com/r/s/rssing.com.1596347.js" async> </script>