
Pierres de Lancre
1610ean Alvarado inkisidoreak miaketak agindu zituen Zugarramurdin eta inguruetan (Logroñotik), “Deabruaren Katedrala” zela eta heretikoen xerka, eta sobera salaketa bildu zituzten. Deabrua jainkotzat edukitzea leporatzen zieten azti eta sorginei, baita beste hamaika gauza ere: itxuraldaketa, animalia bihurtzea, banpirismoa, nekrofagoak izatea… Inkisizioaren esku hartzeak bihurtu du ezagun Zugarramurdi, baina baziren beste hamaika akelarre edota bilgune: Fikozelaikoak Saran, Arteganakoak Altzaien, Sohutakoak Txerauten, Petiriberrokoak Aezkoan, Larrunekoak Azkainen, Jaizkibelgoak Hondarribian; Irantzi, Pullegi eta Ameztoiako kromletxekoak Oiartzunen, Mandabiitakoak Ataunen, Arlezakoak Andiako mendilepoan, Eperlandakoak Muxikan, Askondokoak Mañarian, Anbotokoak…

Espainiar inkisizioa tristeki ezaguna den arren, Frantziaren menpeko euskal lurraldeetan zegoen egoera ez zen errazagoa garai hartan, agintean baitzegoen, besteak beste, Pierres de Rosteguy, Lancreko jauna, eta Bordeleko inkisidore gupidagabea; Pierres de Lancre izenez ezaguna. Aitona, Bernard Errostegi, baxenafarra zen, baina Bordelera bizitzera joan zenean euskal abizena aldatu zuen, Lancre frantsesa hartuz. Familiaren euskal jatorriaren ukazio horrek eragina izan omen zuen Pierre de Lancreren ezinikusian euskaldun zen ororekin. Liburu bat idatzi zuen 1607an azti euskaldunei buruz, Tableau de l´inconstance et l´instabilité de toutes choses (Gauza ororen aldakortasuna eta iraun ezina erakusten duen liburua). Lancrek euskal erakunde, hizkuntza, ohitura, lan-molde eta abarretan Deabruaren ukitua besterik ez zuen ikusten. Honako esaldia utzi zuen idatzita:
«Hizkuntza arraro eta ezezagun batean mintzatzen dira; horixe da lehen seinale txarra. »
Ez dut liburua irakurtzeko aukerarik izan, baina informazio bila nenbilela Gabairen komikietan testu horietan esandakoak jartzen dituzte bere ahotan: hizkuntzaz gain, zerbait heretikoa ikusten zuen emakume euskaldunek buruan janzten zituzten adar formako zapietan; horretaz gain, itsasoratzen ziren marinelen andreen bizitza sexuala ikertzen ere ibiltzen omen zen despota. Gizonez zioen nahiago zutela itsasoratu lurra kristauek bezala lantzea baino, eta artisauak lardats galantak zirela. Apatridak, ez espainiar ez frantses; itsasontziari etxeari baino estima handiagoarekin. Sagardoa edaten dute, sagarrez egina, paradisuko fruitu madarikatuaz. “Euskalduna bi bueltatako tertziopeloa bezalakoa da, alde bakoitzean seinale desberdina duena“. Dibortzioaren bekatua ere maiz gertatzen omen zen euskaldunen etxeetan.
Elizako kideak ere ez ziren libro tirano honen atzaparretatik. Lancrek ez zuen ulertzen emakumeak elizan parte hartzea, eta mesfidati zen serorez, guztiak aztiak baitziren bere iduriko; benedikta edo etxezain izena ematen zien. Apaiz euskaldun askoren jokabidea ere eskandalu hutsa zen beretzako: tabernazaleak, batzuek dantza egiten zutela erromerietan, ermita batzuetan Sabbathak ere ospatzen omen ziren, eta hori gutxi balitz, batzuetan pilotan jolasten zutela. Dotore janzten omen ziren, eta askok ezpata eramaten zuten gerritik zintzilik.
“Senpereko gazteluan burututako epaiketetan, gogorkeria eta injustizia handiz jokatu zuen, guztira 200 lagun torturatuz eta exekutatuz. Bere misoginiak bultzaturik, gehienak emakumeak ziren baina baita umeak eta apaizak ere”, dio Wikipediak.
Duela 400 urte deliturik ez zegoen tokian sekulako lege-haustea sortu zuten, ordura arte krimena ez zena heriotzarekin zigortuz. Inflexio puntu bat izan zen garai hartako Lapurdi eta inguruko herritarrentzat.
Objektiboak eta ukaezinak diren ezberdintasunak kenduta (tortura basatienak, jendea sutan hiltzea) iruditzen zait Altsasuko gertaerak beste inflexio puntu bat ezarriko duela Hego Euskal Herrian. Duela hamabost urte inguru “dena da ETA” tesia ezagun bihurtu zen, eta aurretik deliturik ez zegoen tokian delituak agertzen hasi ziren bazter guztietatik; orduan astakeria bat iruditu zitzaigun, baina atxiloketak, ilegalizazioak edota hedabideen itxierak “normalak” bihurtzen joan ziren, “banalizazioa” eman zen. Duela urte dezente harritu egiten nintzen Bagdaden atentatu batean 40 lagun hil zirela entzunez gero, baina tamalez, ohikoa bihurtu da albiste hori, zeinen ohikoa…
Altsasukoa puztu egin da, eta eskuinaren hedabideek bazka eman diote, funtsean, Nafarroako aldaketa erasotzeko. Zazpi lagun espetxera. Bi elementuk harritu naute beste gauza guztien gainetik: tronpatzen ez banaiz seiri eraso zuzenak egozten dizkiete, “lesio terroristak”, hots, orain termino juridikoetan muturreko edo ostiko bat terrorista izan daiteke. Zazpigarrenari, aldiz, “begirada erasokorrak” egitea leporatzen die; erran nahi baita, egun Altsasuko gazte bat espetxean dagoela bi guardia zibilei gaizki begiratzeagatik (polizien arabera), ondo ulertu badut.
Baina hau nola azaldu daiteke, zein da oinarri juridikoa? Hemen sartzen da berritasuna, “gorroto delitua”. Zer da hori? Ba ziurrenik sortu dutenek ere ez dute zehatz-mehatz jakingo, baina forma hartzen joango da, erabilera berriak aurkituko dizkiote, eta Altsasuko kasuan definizio maila handi bat eman zaio, tamalez. Kiratsa dario kontzeptuaren erabilerari: milurteko honen lehen txanpako ezaugarri errepresibo esanguratsuenetakoa “dena da ETA” kontzeptua izan da. Gezurra da estatua ez dela ari garai berrietara egokitzen. Irudipena daukat “gorroto delitua” kontzeptua entzutera ohituko ez ote garen, garai berrietarako tresna juridiko-politiko berria ; orain arte delitua ez zegoen lekuan delitua egotera. Tresna berriak errezeta zaharrekin.
Esaera zaharrak dio: “Pierres baino gaiztoagoa”; baina hori beste Pierres bat da, eta nahiago dut bere historia beste egun baterako gorde.
Pierres de Lancre Pierres de Lancre Pierres de Lancre
Pierres de Lancre eta gorroto delitua bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.