
Bilbo, leku-izen deseroso hori
Ipar Euskal Herriko izenak google maps-en egon daitezen kanpaina hasiko dela irakurri berri dugu. Euskaraz nabigatzen dugunok hala ikusi ohi ditugu dagoeneko hainbat herri-izen: Hendaia, Donibane-Lohizune, Baiona eta Donibane-Garazi, esaterako, nagusiki frantsesez diren gainontzeko herrien aldamenean.
Berriki, Nafarroako gobernuak herrialdeko ongi-etorri seinaleak euskaraz ere egongo direla iragarri du. Udaberri aldean, izan zen eztabaidarik, otsailean Administrazioan Euskaraz taldeak egindako eskariari jarraituz, egun ofiziala den Iruña izenaren ordez Euskaltzaindiak onartutako Iruñea izan zedin. Izan da dira egun izenaren alde mintzatu direnak, tradizio luzea, deklinatzeko erraztasuna eta beste motibo batzuk argudiatuz. Iritzi errespetagarriak izanda ere, organo arauemaile bat izanik, erakundeek haren erabakiak bete beharko lituzkete. Denek, oro har, baina euskaltzaleek gidatutako erakundeek bereziki.
Aurtengo udaberrian, antzeko egoera baten berri eman zigun Vilawebek Herrialde Katalanetan: Valentzian ere indar aurrerakoiek eskuratu dute agintea, eta valentziera/katalanezko izena ofizialdu dute atzera ere. València, eta ez Valencia, izango da hiriaren toponimo legal bakarra aurrerantzean. Aldaketa è hori baino ez da, azentu eta guzti, ñabardura bat ziur aski kanpotik begiratuta. Baten batek kanpoan “saltzeko” ere zailago izan litekeela argudiatu dezake, teklatu askotan, ingelesez esaterako, azentu hori aurkitzeko ere ez baitago erraz. Baina hori du hiriak izena, eta hala ezarri dute.
.
Zalantzarik gabe, gobernuetako aldaketen ondorio dira euskarazko eta katalanezko izenak sustatzea. Eta paradoxikoa iruditzen zait, aldatzeko eta haize berrietarako gogotsu dabiltzanen aldean, zeinen oharkabean pasatzen den Euskal Herrian non dagoen elefantea gelan: Euskal Herriko hiri handienean alderdi abertzale batek irabazi ditu beti hauteskundeak, hura dago ia 40 urtez agintean, baina euskarazko toponimoa ez da ofiziala, espainolezkoa baino ez. Are okerrago, Nafarroan hizkuntzaren aurkako erasoen aurrean erresistentzia puntu bat garatu den artean, ia oharkabean joan dira desagertzen “Bilbo” zekarten bide-seinaleak, eta Bilbao baino ez da ageri honezkero gure errepideetan. Izen bakarra, marka bihurtuta, Bilbao. Euskal Herriko hiri handieneko euskal izena desagertuta. Euskarazko testuetan eta deklinatzerakoan baino ez ohi dugu Bilbo irakurtzen. Gainontzean, berariazko politika garatu da Bilbao izan dadin hiriko marka bakar. 80ko hamarkadatik datorren Bilbobus izan zen, oker ez banago, hitzak sortzeko askoz praktikoagoa den -silaba bat gutxiago, hasteko- Bilbo erabili zen azken aldia (Bilborock, salbuespena). Gerora, hizkuntza-ekonomiak bestela agindu arren, Bilbao-rekin eratu dira hainbat izen: BilbaoArena, BilbaoArte (askok Bilboarte ahoskatu arren), BilbaoTurismo, Villa de Bilbao/Bilbao Hiria Pop Rock lehiaketa, Bilbaowebfest, Bilbao uria poesia lehiaketa…
Badakit izen bera direla jatorrian Bilbo eta Bilbao, badirela Bilbao hobesten duten euskaltzaleak, baina aurreko argudioari heltzen diot: badugu akademia arauemaile bat, nire edo zure iritziaren gainetik, eta erakundeek begirunea beharko liokete. Vitoria-Gasteiz, edo Donostia-San Sebastián, biak erabili ohi dira, bien artean alde handia dagoelako ziur aski, baina Bilbo eta Bilbao-ren hurbiltasuna baliatuz, ia desagerrarazi egin dute euskara. Praktikoagoa litzateke agian Barcelona bezala berdin balira izenak euskaraz zein espainolez, baina euskarazko izena Bilbo da, bilbotarrok hala darabilgu, Euskaltzaindiak hala jaso du, deklinatzerakoan are nabarmenagoa da. Valentziakoa València den legez. Eta Bilbo izenak ere halako aitortza behar du, marketing-ean adituek eta promoziorako arduradunek esaten dutenaren gainetik.
Bilbo, leku-izen deseroso hori
Bilbo, leku-izen deseroso hori bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.