
ETB, ETBren lehiakide
ETB azken aldi luze honetan ez da asmatzen ari, orokorrean. Bere audientzia tasak ez dira onak, eta zerbait ona egiten duenean zer esanik ez gaztelaniazko aldera iraultzen dela, normalean. Goizetan, lanera joan aurretik, telebista kate internazionaletara jo behar dut, geurea Supernanny eskaintzen ari delako (eta askotan atalak errepikatuz); 09:00ak arte, ezer ez.
Baina noizbehinka ere asmatzen dute, ezta? Noiz edo noiz, Artizarra, Jupiter, Pluton eta Merkurio ardatz beraren erroan lerrokatzen direlarik; ilargia, eguzkia eta Saturnoren sateliteren bat paraleloan daudela; afalondoren telebista piztu eta Gu ta Gutarrak ez dagoen une bitxi eta ez-ohiko horietan.
Azken aldian ikuslegoak bi saio saritzen ditu, izan duten sharea horren erakusle: “Herri Txiki Infernu Handi” eta “El Lector de Huesos”. Datuak hemen, Mamba Negra txiolariak eskainita:
Pasa den igandean, “Herri Txikik” %4,8ko audientzia izan zuen, 43.000 ikusle inguru, alegia; %6,5aren batezbesteko adina 13 eta 24 urte artekoa. SEKULAKOA. SEKULAKOA! ZORIONAK! Programa horretako zuzendaria banintz ez dut ukatuko gauzatxoren bat edo beste aldatuko nukeenik, baina gauzak diren bezala onartu behar dira, zerbait ondo egiten ari diren seinale.
“El Lector” aspaldian ikusi dudan programa onenetakoa da. Tatuaiaz betetako kazetariari eskaintzen dizkioten plano horiek kenduta (atzean musika jarrita rock izarraren pare jarri nahi horretan), kasuen trataerak, objektibotasunak, profesionaltasunak eta Paco Etxeberriak ematen dion ukitu bakar eta ezin hobeak sekulakoa bihurtzen dute saio hau. Pena gazteleraz izatea, baina Etxeberriak euskaraz ez dakiela kontutan hartuta… Igandean %6,8ko audientzia izan zuen, 53.000 ikusle inguru.
Baina datu positibo hauek badute alde ezkorra, izan ere sekulako konpetentziari egin behar baitiote aurre. Gainontzeko kate pribatu zein publikoez gain, bi saio hauek beste saio batekin lehiatu behar dute… hain zuzen ere, elkarrekin!!!
Nire ardura balitz buruarekin pitzatuko nuke horma, edo alderantziz. Zer nolako amorrua eta ezinegona ematen didaten horrelako erabakiek, ezin dut jasan, benetan. Denon diruarekin finantzatutako kate publiko batek zabor pila bat eskaintzen digu, eta behingoagatik bi programa txukun daudenean, ordu berean jarri eta biak ikusiko lituzkeen herritarra aukeratzera behartzen dute.
Artaburuak!
ETB, ETBren lehiakide
ETB, ETBren lehiakide bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.