
XXI. mendea historiako liburuetan
Pentsatu al duzu noizbait zer esango ote duten historiako liburuek gutaz?
2000. urteaz geroztik gauza asko gertatu dira, pezetatik eurora aldatzea burura etorri zaidan lehenetariko da. Irailaren 11n Estatu Batuetako Torre bikien aurkako atentatua hori baino lehentxeago izan zen; ostean gehiago egon dira, alde batean eta bestean. Hondamendi natural ugari egon dira munduan; Haitin, Japonian, Txilen, Estatu Batuetan, Indonesian, Italian, etab. Asko idatzi da Arabiar udaberriari buruz; urrutiko eta gertuko gerrei buruz; errefuxiatuak, migrazioak; ETA, IRA edota FARCi buruz. Ezin ahaztu krisia, iruzur ekonomikoak, langabezia, ustelkeria politikoa, Wikileaks, Panamako paperak … Baita bestelako gaiak ere, teknologia, sare sozialak, kirola, kultura eta egunerokoan bizi dugun guzti hori. Gertakizun hauetako zeintzuk agertuko dira historiako liburuetan? Eta guk, zer gogoratuko dugu?
Memoria historikoa
Seguruenez ahaztuko ez duzuna da ikasiz gero lana izango zenuela esan zizutela behin baino gehiagotan, eta hainbeste kostata erositako etxea zuretzat izango zela betiko. Baita pezetatik eurotara aldatu ginenean dena zein garestia zen; mende berri honen hasieran bozkatzera askotan joan zinela, edo gehiegitan, edo gutxiegitan, edo inoiz ez. Eta gehiago, lanean segurutzat zenituen eskubide asko galdu zenituela eta borroka lana bera izatea edota ez galtzea zela; eta joan zinela manifestazio batera eta beste hartara, batean alde eta bestean kontra zeudela garbi usteko, eta horrekin zerbait lortu zela … edo gutxienez lortu nahi izan zela. Baliteke historiako liburuetan ez azaltzea horrelako konturik, baina Memoria Historikoa denon artean osatu dezakegu.
Hildakoak
2016. urtea bukatzear dago, eta komunikabide askok gustuko dute garai honetan urtean zehar hil direnen zerrenda egitea. “Izena” duten hildakoena, ez besteek izenik ez dutelako, guztiok dakizkigunak direlako baizik.
XXI. mendean hil direnak, batzuk aipatzearren: Osama bin Laden, Sadam Husein, Michael Jackson, Fidel Castro, Rita Barberá, Luciano Pavarotti, David Bowie, Prince, Johan Cruyff, Paul Newman, Juan Pablo II, Camilo José Cela, Yasir Arafat, Jesús Gil, Néstor Kirchner, Eduardo Chillida, Marco Pantani, Fidel Castro, Yves Saint Laurent, Boris Yeltsin, Imanol Urbieta, Steve Jobs, Hugo Chávez, Sara Montiel, Margaret Thatcher, Nelson Mandela, Iñaki Azkuna, Adolfo Suárez, Robin Williams, Emilio Botín … Baita Aylan Kurdi, honek agian ez dauka “izenik” baina ziur badakizula nor zen; Siriatik ihes egin ostean Turkiako hondartza batean hilda ikusi genuen bere argazki hura ez da erraz ahazten. Kasu honetan ezin izan genuen ezinikusiarena egin, baina hori bezain beste gustatzen zaigun zerbait jaso genuen trukean, morboa. Jakingo al dute ondorengo belaunaldiek zenbait gustatzen zitzaigun morboa XXI. mendean?
Egia zirelakoan
Eta gezurrak, agertuko ote dira historiako liburuetan? 2012. urtean Maiei kasu eginez mundua desagertuko zela esan zigutela –batzuk beste batzuk baino serioago-; krisia ez eta desazelerazio ekonomikoa zela sinestarazi nahi izan zigutela; izan genituen gobernu ezberdinek ez zituztela kanpainan agindutako erdiak ere bete; eta ahoberoz esan zigutela ekonomia berreskuratzen ari zela jendea gose zen bitartean. Are gehiago, korrupzioan leporaino sartuta zeuden pertsona berdinek zerga-iruzurraren aurkako arauak ezarri zituztela; geure diruarekin jolastu eta galdu zuten banku berauei diru gehiago ematea zentzuzkoena zela esan eta horixe bera egin zutela. Ez ote da guzti hau XXI. mendeko historiaren parte?
Zer da historia?
Entziklopedia laburrak ondorengo esanahia erakusten digu “historia” bilatzen badugu: Gizadiaren (edo gizarte edo giza talde baten) iraganaldiko gertaera gogoangarrien ezagutza edo kontakizuna; horrela kontaturiko gertaerak.
Gogoangarria, hau da, gogoan izatea, oroitzea, merezi duena.
Beraz…
Zer esango dute historiako liburuek XXI. mendearen hasierari buruz? Zeintzuk izango dira oroitzea merezi duten gertaera horiek? Eta zeintzuk oroitzea merezi ez dutenak?
XXI. mendea historiako liburuetan XXI. mendea historiako liburuetan XXI. mendea historiako liburuetan
XXI. mendea historiako liburuetan bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.