
Luhusoko operazioaren ondotik ideia batzuk
Parisen iparraldean, Miarritzen, Baigorrin eta orain Luhuson (atxilotuen betebeharrari buruzko informazio osoena Naiz atarian) Espainiako eta Frantziako poliziek indarkeria utzia duen ETAren militante, bitartekari, arma eta lehergailuak atzeman dituzte. Atxiloketak salatu dituzte ezker independentistatik, diotenez, Madrilek eta Parisek ez dute bakerik nahi.
Ez dugu onartuko bakearen etsaiek herri honen esperantza lehertaraz dezaten. #Luhuso
— Sortu (@sortuEH) 2016(e)ko abenduak 16

Ez dadila inor tronpatu. Poliziek armagabetzea galarazten dutela esatea ez da egia, hain zuzen, armak harrapatu egiten dituztenean. Zuzenagoa da esatea adostutako edo ETAk kontrolatutako armagabetzea eragotzi nahi dutela. Horren ordez, nahiago dute lehergailuak polizien bidez atxiki. Motelago, inperfektuago, gatazkatasuago, amaiezinago, baina Madrilen kontakizunaren erritmoan. Zergatik bideratu ehunka polizia baliabide bestela ere gertatuko den armagabetzea gauzatzera? Ahal dutelako eta komeni zaielako. Terrorismoaren aurkako borroka antzezteak etekin politiko gehiago ematen dizkien bitartean ez dute jarreraz aldatuko. Ez ahaztu Atotxako atentatua ETAri egotzi ziotenak daudela Moncloan.
Ordutik zor asko pilatu dituzte biktima batzuekin eta gupidagabeko mendekuaren diskurtsoa hegemoniko bihurtu dute. Juan Manuel Santos Kolonbiako presidente eta Bakearen Nobelak presoen hurbiltzearen alde egindako hitzek sortutako zalapartak argi uzten du Espainiako gobernua eta gizartea gaur gaurkoz zein urrun dagoen gatazka baten zentzuzko amaiera homologagarria eman eta horren abantailak ulertzetik.
David Pla “Konponbiderako ETAren ordezkaritzako” kideak zera aitortu zuen Gara egunkarian 2015eko abenduan:
Egoera oso bitxia eta kontraesankorra ematen ari da: armak erabilera operatibotik kanpo uzteko prozesua baliatzen ari dira ETAri erasotzeko. Eta ETAk ez du armategiak zigilatzeko beharrik, ezta armagabetzeko ere. Armak dauden tokian gera daitezke. ETAk prozesuaren mesedetan egiten du.
Aurrera pausoa eman du ETAk armagabetzea giza eskubideen aldeko eragileen esku uzten, Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen laguntzarekin (gutun honetan). Begirale batek zalantzarik ez luke izango ETAren jarreraz. Gorriak eta bi ikusi arren lanak egiten ari dira nola edo hala armak desagertarazteko, nazioarteko egiaztatzaileen bidez eta herritar esanguratsuen laguntzarekin (Jaurlaritza berria ere prest agertu da egiaztatzeko).
Baina erakunde armatuaren jarrera ez da soilik jokabide arduratsua. Esanguratsua da oso ETAk gizarte eragileei gutunean idatzitakoa, hartutako erabakien inguruan. ETAk baldintza bakarra jarri die: “egiten den bideak ez dezala zirrikiturik utzi inork irakurketa okerrik egiteko, “garaituen eta garaileen” kontakizun maltzurra egiteko.”
Jokaleku zailean zokoratu du Madrilek erakunde armatua, aurreikusitako plan guztiak –Norbegiako negoziazio mahaitik armagabetze zibilera– xantaia bihurtuz eta zapuztuz. Aieteko prozesua behar zuena ETAren heriotzaren eta Guardia Zibilaren arrakatastaren telesail propagandistiko bihurtu dute. Armagabetzea batzuen eta besteen garaipen-borondate on irakurketaren itzalean gelditu da. Balio sinboliko huts gisa ulertzen hasia da; ETArentzako bakea dena gobernuentzako porrota da, eta Madril eta Parisentzako gerra ikur preziatua da armak kentzea.
Testuinguru honetan piperrik ez du balio ongizate orokorrak. Lehergailu eta pistolak Frantzian zehar barreiatuta eta edonoren eskuetan erortzeko arriskuak ez du antza merezi zentzuzko jokabiderik. Bake akordioak ez du merezi. Genero belikoak ikusle asko ditu Espainian. Baliteke horregatik hainbeste luzatzen ari izana gatazka armatuaren epilogoa.
Luhusoko operazioaren ondotik ideia batzuk
Luhusoko operazioaren ondotik ideia batzuk bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.