Quantcast
Channel: ZUZEU
Viewing all articles
Browse latest Browse all 19986

Eta zuek, zer egin duzue euskararen alde?

$
0
0
Eta zuek, zer egin duzue euskararen alde?

Eta zuek, zer egin duzue euskararen alde?

Autokritika besteei eskatzea oso da modan dagoen kontua, autokritika egiteko batere asmorik ez dutenek egiten dute normalean hori. Igual berean esan liteke jarrera etikoa besteei eskatu eta eskatu ibiltzen direnek oso gutxi izaten dutela portaera etikotik; baina are jarrera ustelago dugu, bakea, demokrazia, bizikidetza eta biziaren izenean betebeharreko eginkizun saihetsezin jakin bat duten agintariek, aginte horretatik haiek egin ez dutena norbanakoari eskatzea. Etikotik ezertxo ere ez izateaz gain iruzurra da eta, kasu honetan, hizkuntza bat ordezkatzeko desagerrarazteko aspaldidanik martxan den makineria batek aurki zezakeen laguntzarik handiena.

.

Inkestetan eta erreferendumetan ohikoa izaten dira maltzur bideratutako galderak egitea, kasu honetan, baina, are okerrago, testuinguruan berean baitago azpijokoa, eta maltzurkeria guztiak gainditzen ditu: Norbanakoarengana jotzea berrogei urtetan agintetik egin ez dutena eskatzera.

.

Eta zuek? Bueltatuko lieke galdera oraindik itsutu ez denak eta, zuek ia-ia dena erantzungo luke oraindik itsutu ez den horrek.

Baina zuen kasuan, galdera ez da zer egin dezakezuen, berrogei urteotan zer egin duzuen baizik eta erantzuna emanda zaudete. Eginak ez du dudarako tarterik uzten.

.

Izatez, aspaldidanik datorren tradizioa da:  XVI. mende hartan ere orduko jauntxoek etxeko eta herriko hizkuntza bide bazterrean utzi eta ezpatari beharrean gaztelaniari ondo helduta, lauoinka ateratzen ziren Gaztela alde hartara haien negozioak orduko felipecarlosalfontsomariakristina guztiekin egitera. Botere kuotatxo negargarri baten truk herria saldu. Ondoren zuek ailegatu zinaten erromantizismo xuriko berniz geruza eman eta, eta segi salerosketa berean zuen azañaadolfofelipemariano guztiekin, ordurako trenez, laster, ahal bada are abiadura handiagoz. Mendeetan  utzitako mezua, hortaz garbia da, euskara kuttun-kuttuna dugu, geurea da, baina hemen espainola da behar duguna, eta kito. Mezuak zuloa egin du ur tantak arrokan nola, eta azken hamarkadatan boteretxo bat edukita ere honatx zer egin duzuen euskararen alde:

.

Zuek agintera iritsi zinatenean Ikastolen mugimendu handi bat bazegoen herrian ederki saretuta, berrogei urte pasata oraindik ere dirua ateratzeko nork bere festa antolatu beharrean da desagertuko ez bada

.

Zuek agintera iritsi zinatenean bazegoen Euskalduntze-alfabetatze sare sendo bat zuek ez bezala Euskal-Herri osoa hartzen zuena bere baitan. Berrogei urteotan, lagundu ez eta haiei kontra egiteko HABE eratzeaz gain ez duzue besterik egin. Sare horretan oraindik ere militantzia da halabeharrezko oinarri.

.

Zuek agintera iritsi zinatenean bazegoen Euskarazko unibertsitate izan nahian guztia kontra zuela lanean zebilen UEU izeneko erakunde miresgarri bat, oraindik ere gogotik ari dena, baina hasiera hartako baldintza bertsuetan.

.

Zuek ez duzue jende guztientzat euskara ikasteko doako sistemarik martxan jarri.

.

Zuek ez duzue, bizikidetza, kultura, modernotasuna edo garapenaren izenean inolako legerik aurrera atera ez dakitenek gutxienez ulertzeko maila eskuratzeko obligazioa ezartzeko.

.

Zuek ez duzue, zuen erakunde handiki horietan, ezta zuen alderdietan ere, euskara hegemonikoa izateko keinurik txikiena ere egin.

.

Zuek hor egon zareten bitartean asko aldatu da mundua teknologia berriak iritsi dira, Internet iritsi da eta euskarak bertan duen presentzia baten batzuen borondatezko lan alimalekoa ez balitz orain ingeles, espainolez edo frantsesez arituko ginateke bertan. Teknologia berririk gabe ere izan zitekeen, baina 2016. urtean, non da euskarazko urrutiko unibertsitatea?

.

Zuek hor egon zareten bitartean euskaldunak munduko berriak euskaraz jaso zitzan norbanako batzuek egin zuten ahalegin eskergari zuek egin zenizkioten jukutria, azpijoko eta zakurkeriak, letra larriz azpimarratu beharko lituzke historiak, historia beharko lukeena balitz. Ez da, hamahiru urtez izan genuen egunkari ezin duinago hura nola bukatu zen gogoarazten hasteko unea, baina lotsagorritu beharko zenukete goizero-goizero kioskotik pasa eta Berria izeneko hori beste erdal egunkari guztiekin batera zintzilik ikusita. Hau ere, norbanako multzo handi baten borondate, ahalegin eta lan hutsez ateratakoa eta diru-laguntza gero eta gutxiago dituena.

.

Zuek berrogei urte agintean eman eta gero ez dago ez kultur sorkuntzarako ez itzulpen lanerako inolako plangintza sistematizaturik.

.

Zuek, Hezkuntzan euskal curriculuma abiarazteko berrogei urte eduki duzue baina hori bazter utzita PISA izeneko liga neoliberal batean goien ibiltzea beste kezkarik ez duzue. Eskandalua omen da liga horretan bigarren mailara jaistekotan egotea baina bost axola zaizue berrogei urte pasa ondoren, oinarrizko ikasketak bukatuta ikasleek Xalbador, Xaho edo Koldo Izagirreren arrastorik ez edukitzea. Kanpoeder barrenuts.

.

Zuek “euskara salbatzeko” abiatu zenuten tramankulu bakarra EITB izan da eta ziurrenik, egungo hegoaldeko euskalduna orain dela berrogei urtekoa baino askoz espainolagoa izateko izan den eragile indartsuenetako bat.

.

Ez da begi zolirik behar ondorio bat ateratzeko: Zuek boterexkara iritsi zinatenean herri mugimenduak ordurako eraikita zeukan lan handiari kontra besterik ez diozue egin, ahal zenean agerian, itxurak gorde behar zirenean azpijokoen bitartez, eta halaxe segitu duzue urteotan herri mugimendutik zetorren guztia zapuzten. Horra hor, zuek zer egin duzuen (eta zer ez duzuen egin) euskararen alde.

.

Autokritika besteei eskatzen diena ez doa autokritika egitera. Besteei jarrera etikoa eskatu eta eskatu ari denak etika gutxi erakusten du. Urteetan boteretik egin ez eta halako batean gizabanako xumearengana kontu eske jotzea, lizuna doilorra eta eskrupulurik gabekoa izateaz gain seinale aurrerantzean ere ezer egiteko batere asmorik ez duela.

.

Eta bukatu baino lehen irakurle finentzat erronka: Nor da zuek?

Eta zuek Eta zuek Eta zuek Eta zuek Eta zuek Eta zuek

Eta zuek, zer egin duzue euskararen alde? bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.


Viewing all articles
Browse latest Browse all 19986

Trending Articles



<script src="https://jsc.adskeeper.com/r/s/rssing.com.1596347.js" async> </script>