
Iraultza Linguistikoa
Agerikoa da gure hizkuntzaren normalizazioaren ardura dutenek, gero eta gehiago gutxiesten gaituztela euskaldunok. Euskara hegemonikoa zen garaiak, ez dauka zerikusirik orain daukagun eszena linguistiko deskafeinatu honekin.
Hizkuntza ohiturak jaiotzen zarenetik agertzen dira, baina ez da 10 eta 16garren urtera arte, finkatzen hasten direnean. Euskaraz dakiten gurasoak izan dituenak zorte handia eduki duela esango nuke.; Nik nire kasua agerraraziko dizuet, antzeko milaka kasuen pareko baita: neure amak berak gutxi daki baina ondo ulertzen nau euskaraz solasten naizenean; nire aitak, ordea, ez daki piperrik ere, eta zer esanik ez bere ulerpenari dagokionean. Nire aitak, Bilbora ailegatu zenean, bera zegoen lekua deskribatzeko, “Estoy en la calle KALEA” esaten zuen. Saiatu saiatu egin zen bere garaian euskara ikasten, baina hor geratu zen dana, bere lana zela medio (eta agian zailegia iruditzen zitzaiolako). Beraz, nire ustez, egoera horietarako prestatu behar gara, etxean euskaraz mintzatzea eskuragarri ez daukagunok, kalean, dendetan, etab., euskaraz egiten. Eta hori 10-16 urtekoen artean egitea, haien etorkizun linguistikoaren erroak ondo finkatuko dituelakoan nago.
Bizi naizen lekuan, Bilbon, alegia, hori ez da askotan ikusten. Denda batean sartzen zarenean eta euskaraz hasten direnean, ustekaben hartzen zaitu. Gehienetan, euskaraz mintzatzen saiatzen zarenean, berehala gazteleraz erantzuten zaituzte. Auzo mailan esaten ari naiz, Alde Zaharreko denda edo taberna (gehienetan) guztietatik, erdian edo, hori ez da gertatzen, eta batzuetan beharrezkoa egiten zait bertako establezimendu batean sartzea, euskarazko harrera zer den gogoratzeko. Donostian, aldiz, ni egon naizenean bederen, berdin da non sartzen zaren, euskeraz hitz egiten hasten dizutela gehienetan (edo behintzat dakien baten bat egoten da). Euskal Herriko txoko gehienetan, euskararen erabilera Bilbon baino handiagoa da (nahiz eta kopuru absolutuan hiztun gehien dituen udalerria izan, hau da, 68.000 inguru, ez dira hiztun aktiboak eta hiztun aktiboak direnak oso dispertsatuak daude). Turismo maila handia daukagulako izango da? Donostiak ere eta ez da gauza bera gertatzen.
Gure hizkuntzak beste muga batzuk dituela uste dut. Unibertsitatera ailegatu naizenean konturatu naiz horretaz. Euskera uneoro aberatsa egiten dute euskalkiek. Gauza interesgarria eta polita da, baina batzuetan traba iruditzen zait. Euskal Herrian herri batetik bestera euskara aldatzen da, ez goitik behera, baina bai hitz egiteko eran eta hitz batzuetan. Kontu oso erakargarria da, baina ez ordea, ulertzen saiatzen zarenean eta hitz egiten ari dena ulertua izan nahi badu. Eta barkatu, baina euskalkiak ez dakienak ez dauka errurik eta ez du zertan euskalki hori derigorrez jakin. Zer egin behar dugu ba, Euskal Herriko euskalki guztien ñabardurak ikasi? Eta gauza bat euskalki hori ez jakitea da, eta beste bat oso desberdina, leloa izatea. Euskaraz jakin badakigu, eta euskaraz hitz egin nahi dugu. Euskalki hori dakienarekin muga gabe hitz egin, baina ez dakienarekin lasai egon, eta dakigunarekin konpontzen saiatu, ez da gutxi eta. Gogoratu, hiztun on bat (komunikatzailea bederen) ez da hitz zailak eta azkar erabiltzen dituena, baizik eta entzulea itaunik gabe uzten duena.
Adibide bat: Bizkaieraz egiten duen batek “Zer guruzu?” lehen aldiz esan zidanean, nik “Ze arraio dio honek?” galdetu nion nire buruari. Gerora, ulertu nuen “Zer gura duzu?” edo “Zer nahi duzu?” esan nahi zuela. “Kalia hamendik gurutzau inbiozu”-tik “Kalea hemendik gurutzatu behar duzu”-ra heltzea lanak eman zizkidan. Entzunaren entzunaz, azkenean deskubritzen duzu hitzen pilaketa horretatik, eskolan irakatsi dizuten euskara estandar edo uniforme horretara heltzen. Kontua da, euskalkiarekin etengabeko kontaktua ez baduzu, nekez egingo duzula prozesu hori.
Nire ustez euskara ez uniforme horrek badu bere gatza eta piperra. Naturalagoa da. “Arima” du. Nik inbidia dut, izan ere, horrela aritzea gustatuko litzaidake. Baina lehen esan dudan bezala, herriz herri egiten den forma eta aldaera guztiak menperatzea ezinezkoa da. Nik eskatzen dudana zera da;
. Bestearen azalean sartzen jakitea, alegia. Batuan aritzen garenok euskalkietara hurbildu behar gara, baina euskalkiotan dabiltzanak, batuaz aritzen den baten aurrean, molda dezala bere hizkera pixka bat.
Gaztelaniaz ere erregistro eta lokalismo ugari daude (edozein hizkuntzatan bezala). Baina oro har, guk “¿Qué hisíste, pibe?” ulertzeko (eta baita “geolokalizatzeko” ere) gaitasuna badugu, nolabait, euskaraz ere gaitasun hori bereganatu behar dugu. Eskolan ez ziguten irakatsi. Nik neure kabuz ikasten dut (zer esanik ez orain unibertsitatean ezagutu ditudan EHko hainbat pertsonekin harremana landuz) eta gustora gainera. Baina herrietako jendeak erregistro ezberdinak daudela present eduki beharko luke ere, euskara “arnasgune” ez direnetara zabaldu behar badugu behintzat.
Beraz, utz ditzagun ikurriñak geure etxeko balkoietan, eta has gaitezen euskara behingoz HARROTASUNEZ partekatzen. Pertsona asko euskarazko leloak dauzkaten kamisetak jantzita ikusten ditut, baina gaztelera haien ahoetan (Bilbo inguruan ohikoa da).Atzerritar erdaldun bati “eskerrik asko”, “lasai” edo “barkatu” soilik esatea jada aldaketa da. Agian geure egoera berdinean dagoen beste pertsona bat aurkitzen dugu hitzaren beste aldean. Lagunekin, senitartekoekin, edo bikotearekin euskaraz egiten saiatu, nahiz eta maila ezberdinekoak izan, beti zerbait aberasgarria atera dezakegu bata bestearengandik. Eta ez izan lotsati, ez izan beldur okertzera, oker egiten ikasten da ba, zuzen egiten.
Iraultza, normalizaziotik haratago dago. Iraultza hori gauzatzeko indarra gazteengan jartzen dut (duela 40 urtetik hezkuntza D ereduaren ezartze eta zabaltzearen ondorio zuzena). Gaur egun Bilbo edo Gasteiz bezalako batean, 25 urtetik beherakoen artean %50ek jada badu nahiko maila elkarrizketa erraz bati aurre egiteko. Beraz, herrietatik hiri horietara doan edozein euskaldun petok eduki, badu aukera euskaraz saiatzeko (hori bai, agian, euskalkiaren erregistroa moldatu beharko du pixka bat “batu”ra egokitzeko). Gaur egun, euskaldun horiek lehengo hitza erdarara jotzeko joera izaten da. Baina gogoratu, 25 urtetik beherakoengana euskaraz zuzenduz gero, IRAULTZA LINGUISTIKOA bultza genezake!
Iraultza Linguistikoa Iraultza Linguistikoa Iraultza Linguistikoa Iraultza Linguistikoa Iraultza Linguistikoa
Iraultza linguistikoa bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.