
Zer egin dezakezu euskararen alde, Miren?

Gauza asko, zalantzarik gabe, baina hemen funtsezko argibideren bat baino ez dizugu erantsiko.
Horra zerrendaturik:
Hizkuntza Politikarako sailburuorde batek argi izan beharko luke zertarako dagoen dagoen tokian. Eta argi izan beharko luke egokitu zaion lana ez dela ez funtzionario batena eta ez kudeatzaile batena ere.
Euskal Herriko Hizkuntza Politikarako sailburuorde batek argi izan beharko luke bertako hizkuntza gutxitua sozialki normaltzeko hautatua izan dela, eta ez hizkuntz arerioen artean sinpatikoarena egiten ibiltzeko.
Hizkuntza Politikarako sailburuorde batek inora ez doazen inertzia merke eta miopeekin hautsi beharko luke lehenik eta behin, gure hizkuntzarena bezalako kontuak era larrian eta gordinean planteatu behar baitira beti eta ez, karta gabeko mus partidetan bageunde bezala, etengabe txikira jotzen arituz.
Hizkuntza Politikarako sailburuorde batek hizkuntz irizpide sendoak izan beharko lituzke. Eta hizkuntz egoerak zehaztasunez diagnostikatzen ikasi beharko luke. Eta adimenez eta irudimenez planifikatzen ikasi beharko luke. Eta politikoki ausardiaz jokatzen ikasi beharko luke. Nahiz eta arerioak asko, handi eta indartsuak direla jakin…
Gogoratu beharrik ez bada ere, Hizkuntza Politikako zuzendari batek sobran ditu paparreko txoriak, irudiak eta folkloreak, saldu beharrekoen propaganda produktua behar bezala burutu ondoren egiten baita, eta ez lehenago edo haren ordez, gabeziak ezkutatzeko.
Hizkuntza Politikarako sailburuorde batek legeak eta diruak ditu eskura, eta, ezer taxuzko egingo badu, beldurrik eta konplexurik gabe baliatu behar du haietaz.
Legeak tresnak dira, diruak tresnak dira, hizkuntza normaltzeko baliagarri izan beharko luketen tresna egokiak, eta ez lanpostuak zuritzeko aitzakiak. Horretaz jabetu bezain azkar, Hizkuntza Politikarako sailburuorde batek ongi ikasi beharko luke bereizten zer diren, zer-nolako interesen menpe dauden eta zein xede duten komunikabideek eta erakunde espainolek, eta zer diren eta nola eta zertarako sortu diren erakunde eta komunikabide euskaldunak. Eta bereizte-irizpide horien arabera jokatzen jakin beharko luke jarraian. Irribarrea ezpainetan duela.
Erabakiak eta legeak ez dira bakarrik xaboia, koipea eta diru-laguntzak emateko tresnak; hori bezain garrantzizkoa da xaxatzeko tresnak ere badirela ohartzea, derrigortzeko tresnak, zigortzeko tresnak, koakziorako tresnak…
Horretaz jabetuz gero, bidearen erdia egina izango duzu Hizkuntza Politikarako sailburuorde zaren horrek, Miren.
(J.U.)
Zer egin dezakezu euskararen alde, Miren?
Zer egin dezakezu euskararen alde, Miren? bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.