
Iruzurren biktima argiak
Oraingo honetan, ikerketa interesgarri baten inguruan arituko naiz. Alemania aldean egin duten produktuen analisia azaltzera natorkizue. Ikerketa horretan, marka ezagunetako produktu jakin batzuen ontziak (paketeak, poltsak, eta abar) nola puzten dituzten aditzera eman dute.
Deigarriak dira oso, puztutze hori agerian uzteko, X izpiez ateratako irudiak. Hamburgotik zuzendutako lanean, kontsumitzaile elkarte batzuek, Alemaniako instituzioen laguntzaz, janari eta produktu kosmetikoen azterketa sakona egin dute.
Aztertutako hamabi produktuetik ateratako batez bestekoa edukiaren % 40 airea zen; hau da, erosten dugunaren erdia baino pixka bat gutxiago hutsaren hurrengoa da. Hau ere adierazten du kartoizko kutxak edo plastikozko ontziak alferrik galtzen direla, tamalez.
Hemen adibide bat erakusten dizuet. Kellogg´s markako produktu baten edukiaren azterketa eginez gero konturatu ahal gara produktu honen ontziaren tamaina gehiegizkoa dela, alabaina, industriek uko egiten diote tamaina hori murrizteari, horrek prezioaren murrizketa eragiten du eta. Badirudi bezerook ontzi handiagoa ikustean gehiago ordaintzeko prest gaudela eta alderantziz, txikiagoa bada ez gaude prest gehiago ordaintzeko. Hau horrela da, batik bat, jaki eta kontsumo produktuetan (ez horrela luxuzko produktu batzuetan).
Hona hemen beste produktu batzuen adibideak (marka batzuk ez dira ezagunak gurean, baina bai Alemanian):
Ondorioztatu dezakegu, marka askok, nolabait, bezeroei iruzur egiten dietela, produktuaren bolumena erreala baino askoz handiagoa dela ikusarazten baitute. Ezin baieztatu hori legez kanpokoa denik. Izan ere, legeak jadanik iruzur edo ekoizleek nahita egindako nahasketa kontziente hau aurreikusten du. Legeak (Europar Batasun mailan gainera), nahasmen hori saihesteko eta bezeroek alderaketa objektiboa egin ahal izateko, produktuek euren pisu garbia (ontziaren pisua kontuan hartu gabe) adieraztera behartzen ditu. Produktuen materia, ezberdina izan daiteke, alegia, likidoa, malutak, pasta, aleak, eta abar. Baina produktua edozein dela ere, gramo, litro edo bolumenean adierazi daiteke.
Ekoizleen arduradunek ondo baino hobeto ezagutzen dute legea eta arautegia. Baina kartoizko edo plastikozko ontziak handitzeko arrazoia jatorri ekonomikoa du eta marketing estrategiekin egiten du bat. Hots, zenbat eta handiagoa izan, bezeroak prezio handiagoa ordaintzeko prest izatera darama oro har. Edo, prezio handiagoa ez bada, bai behitzat prezioari eusteko.
Izan gaitezen beraz zuhurrak eta ez dezagun utzi marka hauek gutaz trufa egitea. Horretaz gain, kontuan izan behar dugu hainbeste plastiko, paper edo kartoi ekoiztu eta zaborrera botatzea oso kaltegarria dela gure ingurumenerako. Ez du ekonomia bideragarri edo jasangarriarekin bat egiten.
Iruzurren biktima argiak
Iruzurren biktima argiak bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.