
Nora garamatzate Aralarko pistek?
Aralarko pistak gure etxean ere hizketarako gaia izan dira, erreparo handiz hitz egin dugu, jakitun informazio falta dugula, eta hari mutur asko dituela matazak.
Asteotan, horretaz idatzi ez idatzi izan naiz, zalantzan eta beldurrez. Isilik geratuz gero, gaizki geure buruarekin; lasai ez, behintzat. Baina idatziz gero… auskalo! Azkenean, erabaki dut idaztea, irizpide bi aintzat hartuta: geure egoeratik abiatzen naizela –ez dut zehatz-mehatz ezagutzen artzain horien egunerokoa– eta iritzi guztiekiko errespetu osoz idatziko dudala.
Eta zein da gure egoera? Bideei dagokienez, azaldu nizuen nolakoa zen, kontatu nizkizuen gorabehera batzuk. Gure egunerokotasunean bide horiek garrantzi handia dute; adibidez, haurrak eskolara eramateko –buelta osoak 20km ditu, gutxienez egunean bitan–, gazta erostera etortzen direnen bidea ere bada, etxera etorri behar duten kamioiena –pentsua ekartzera, hildako ardien bila…–. Askotan kexatzen zaizkigu bideaz, zaila egiten zaie –hainbatetan guri ere bai–.
Gaiari buruzko iritziak, ziur asko, ezin ditut laburbildu bi multzotan: pisten alde ala kontra. Oso sinplea iruditzen zait. Gainera, ez dut uste hori oso aberasgarria denik. Pausu bat atzera proposatu nahi dut, eta, aldi berean, beste bat aurrera.
Ezer baino lehen, hauxe nire premisa eta abiapuntua: pistak egiteak izan beharko luke AZKEN aukera. Pistek betiko utziko baitute arrastoa –eta ez naiz ari estetikaz bakarrik ari–.
Behin oinarria finkatu, galderak datoz erantzun bila:
Pistak saihesteko alternatibarik eman al da?
Hemendik oso gertu, Iparraldean eta Biarnon –adibidez–, artzainak udako larreetara maiatza-ekaina aldean – etxe bakoitzaren arabera– hasten dira igotzen, eta jaisten dira urria aldean. Ari gara hitz egiten Pirinioez, mendi altuez. Garai hori pasatzeko behar dituzten gauza guztia-guztiak helikopteroz eraman eta ekarri egiten dituzte, baita haurren jostailuak ere.
Saiatu naiz euskarazko informazioa topatzen, baina ez dut ezer lortu frantsesez ez bada. Bertan duzue artikulu bat, ideia bat egiteko. Erreportajea 2010ekoa bada ere, uste dut, oraindik ere, bere balioa duela –bideoak ere ugariak dira sarean–. Azpimarragarriak, besteak beste, hurrengo puntuak:
-
Biarnoko pistarik ez duten 80 bat bordetara joaten da helikopteroa
-
Hainbat erakundek jartzen dute dirua: Eskualdea, Estatua, Europar Batasuna…
-
Urtean 50000€ balio du operazioak
-
Helikopteroaren zerbitzua eskuratzerik ez dutenek, mando-zerbitzua dute eskuratzea
Sistema hau aztertu al da? Bideragarria litzateke? Zenbateko kostuak du pista horien obrak eta mantenuak urtez urte? Demagun, gastua antzerakoa dela; nik nahiago helikopteroa; betiereko arrastorik ez baitu utziko mendietan.
Nora goaz artzainok pistaz pista?
Ez dakit galdera hori egin ote diogun geure buruari. Zer nolako artzaintza nahi dugu guretzat eta ondorengoentzat? Nik argi daukat mendira eramateak behean ditugun guztiak –jezteko makina, pentsua, ukuilua…– ez duela artzain bokazio gehiago ekarriko; akaso, artzain gazte batzuk galduko ditugu –besteak beste– artzainak bilatzen duen hori galdu egin delako: mendia, animaliak libre, ardiekin batera mendian zehar ibili, eskuz jezteak ematen dizun animaliarekiko kontaktua, isiltasuna…
Esan behar da Aralarko borda guztietan ez dagoela egoera bera; denak ez dira abeltzain profesionalak –beste lanbide bat dute edota erretiroan daude–, denak ez dira bertan geratzen lo egitera, denek ez dute gazta egiten, zenbaitetan asteburuetan edo ikusten dira borda horiek bizirik, inoiz ikusi ditudala behorrei kaleko ogi gogorra ematen… Eta egoera aniztasun horretan denentzako pistak egitea oso zalantzagarria egiten zait, ez baitut uste denek behar berberak dituztenik.
Susmoa dut gero eta lantegi-zaleago garela artzainok, eta ahaztu egin zaigula batzuek bide hau hartu bazuten izan zela, hain zuzen ere, lau hormetatik kanpo eta bizidunekin bizitzeak ematen dizuten bizipoza bilatzen zutelako. Agian, pentsatu edo gogoratu beharko genuke zergatik aukeratu genuen lanbide hau eta ez inguruko lantegi bateko postua.
Aukera dugu gazta berezia egiteko; hortaz, mendiak ematen dion berezitasuna gorde dezagun, horrek –eta gure lanak– ematen baitio balioa gazta horri: izanak emango dio izena, zalantzarik gabe.
Non dugu muga?
Artzainok geure buruari mugarik ezartzen ez badiogu, ekoizpena aldarera igota, erabaki guztiak etorriko dira artzaintza bera suntsitzera. Behin pista bordaraino bertaraino ekarrita, zergatik ez pentsu-siloa jarri, kamioia etor daiteke eta! Gainera, ardiek esne litro gehixeago emango dute –jezteko makina ere beharko!– eta gazta gehiago eta… Uuummm, kamioiak etortzea badu, zergatik ez pabilioia mendian bertan? Horrela aukera legoke hilabete gehiago goian emateko… akaso, urte osoa… Behean larre gutxi, ordaindu behar…
Ez nuke nahiko artzaintza eredu hori, zeinek baitu ekoizpena toki gorenean eta horrek agintzen baitu, edozein preziotan. Oso garesti saldu beharko genuke gazta: arimaren prezioan.
Mendi publikoa kudeatzen duenak zer mendi-eredu nahi du?
Uste dut Erakunde publikoek oso argi izan beharko luketela zer eredu sustatu nahi duten edozein jarduera dela eta. Azken finean, baliabide publikoak dira eta irizpide jakin batzuk behar dira norabidea eta etorkizuna zehazteko.
Tresnak izan ditzakete erakundeok:
-
Zer irizpide daude mendiko eskubideak esleitzeko orduan?
- Ekoizpen eredua?
- Tamaina?
- Jarraipenerako aukera?
- …?
-
Zehazten zaizkio artzainei lan-molde batzuk? Adibidez, ezin erabili abereen elikaduran osagarririk (pentsua)?
-
Zehazten da borden eta mendien erabilera – izaera profesionala, gutxieneko denbora…–?
Susmoa dut pistak egiteko erabakia hartzeko egin diren hausnarketek ez dutela izango pisten ondorioen tamaina. Nahi dut pentsatu mila buelta eman zaiola gaiari, mila buelta alde guztietatik –artzainak eta abeltzainak, mendi eta natur zaleak eta baita erakundeak ere– mila buelta zintzo, interes eta ikuspegi motzetatik haratago joandako bueltak.
Honezkero, pisten lanekin hasita egongo dira, eta askok esango dute ezin direla geratu, bidean aurrera egin behar dugula. Nik, ordea, eskatu nahiko nuke geratzea, artzaintza eta mendi horien mapari begiratu eta erabaki nora goazen eta nora joan nahi dugun. Orduan, bai, berriz ere abiatu, baina jakinda pistek nora garamatzaten eta mugak non dauden.
Nora garamatzate Aralarko pistek?
Nora garamatzate Aralarko pistek? bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.