
Untze abertzaleak euskararen hilkutxarentzat
Carme Junyent hizkuntzalariak esana da Argian: “Indiferentziak hiltzen ditu hizkuntzak, ez hizkuntzaren kontrako etsaigoak”.
Koldo Izagirrek “Politikariek ez dute bide-orririk euskararentzat… ez dago politika zehaztu bat euskararentzat. Izatekotan, euskara arazo sektoriala dute, lehen emakumea edo langilea arazo sektorial zituzten bezala” erantzun zion Mielanjel Elustondo kazetariari berriki, aldizkari berean.
Denetatik daukagu aski Euskal Herrian. Etsaigo amorratua eragile unionisten aldetik, indiferentzia eta politika zehatzik eza, eragile abertzale nagusien aldetik. Adibidez josita daukagu gogoa.
Deia, Gara, ETB2, Radio Euskadi, Onda vasca… hedabide (abertzale) erdaldunak, euskaldunak erromanizatzeko eta erdaldunen komunitatea zabaltzeko tresna bikainak dira. Euskarazko telebista publikoaren gainbehera itzelari jartzen zaion arreta exkaxa oso esanguratsua da, bestalde.
Eusko Jaurlaritzako “Gogora” institutuak “Memoriak” bildumako lehenengo liburua aurkeztu du berriki, “El siglo de Luis Ortiz Alfau“. Gudari ohi bilbotarrak gerra zibilean eta frankismoan bizitakoa eta memoria historikoa berreskuratzeko egindako borroka kontatzen dira liburuan guztiok ulertzeko moduan: españolez.
Gogora institutuak ez ditu euskaldunak gogoan izan, bitxia bada ere.
Nire sindikatuak gogoz egiten du bultza langileon alde, langabetuen eta emakumeen alde, ekologiaren fabore, desazkundearen mesede, Garoñarik gabeko Araba xede… baina nekez euskaldunon alde. Jose Elorrieta idazkari ohiaren liburua argitaratu du berriki, “Clase, territorio y nuevas alianzas”, espainiarren komuneko hizkuntzan.
Txalapartako, Sortuko eta Aralarreko buruzagi nafarrek, “Tres tristes trileros. Arbeloa, Del Burgo y Aizpún…” eman zuten argitara duela hilabete. Cervantesenean badaezpada ere.
Bai Urkullu, bai Otegi ere askoz errazago, erosoago eta zehatzago aritzen dira gazteleraz egitean, euskaraz mintzatzean baino. Ohituraren ordaina.
Ortuzarrek edo Erkorekak euskarari ematen dioten leku urria agerikoa da beren gizarte sareetako jardunean…
Eguzki erakunde ekologistako burua ere, gaztelera hutsez mintzatu zitzaigun Garoñaren itxieraren alde, Gasteizen, Gabon bezperan. Araba sin Garoña… y sin ganora. Luze jardun genezake, tamalez. Halakoxea da eta gizarte-erreferente “euskaltzale” nagusien jokabidea.
Euskaldunak garrantzirik gabeko taldea izango gara, baina ez erabat ergelak.
Ondo ulertu dugu, eta barneratu, gure buruzagien eta erakundeen mezua: euskara bigarren aukera da, izatekotan. Hizkuntza txikia, ordezkoa, borondatezkoa, ez beharrezkoa… zama eta traba. Eremu sinbolikoan erabili beharreko tresna, izatekotan, eta neurrian. Inor gogaitu barik.
Gure lider gehienak bezala, Korrikan eta ikastolen festetan gogoratzen gara euskararekin herritar “euskaltzale” gehienak. Horietatik kanpora, gutxi.
Finean, alderdi eta erakunde unionistek egiten dute gure hizkuntzarentzat hilkutxa: gaztelera/frantsesa inposatzeko eta euskara baztertzeko lege eta arauak, gurearekiko erdeinua eta gutxiespena zabaldu, ezdeusa bihurtu. Oztopo.
Baina hilkutxaren estalkiari, eragile abertzale nagusiek josten dizkiote untzeak: utzikeriarena, arduragabekeriarena, indiferentzia eta noraezarena. Hilgarriak guztiak.
Untze abertzaleak euskararen hilkutxarentzat
Untze abertzaleak euskararen hilkutxarentzat bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.