
Hizkuntza dominazio tresna gisa erabili izan dute beti estatuek
Pako Aristi da, euskaldunon minorizazio egoerari aurrez-aurre begiratzeko eta zintzo salatzeko gauza den euskaltzale gutxi horietako bat. Gehienak beste inora begira daudelarik, eroso edo, eskertzekoa da zenbaiten ahalegina, diskurtso politikoki zuzen eta desmobilizatzaileetatik urrun. Ahalegin ezinbestekoa, euskalgintza egunen batean esnatuko bada.
Horra bere artikulutik ekarritako pasarte batzuk:
«Espainia minorizatzaile asko eta asko sufritu ditugu euskaldunok historian barrena: Espainia frankista, Espainia errepublikanoa, Espainia liberala, Espainia monarkikoa, Espainia absolutista, Espainia feudala eta abar. Espainiaren etnofobia aldian aldiko sistema politiko guztien ezaugarria izan da. Besteak minorizatuz bihurtu da gehiengo haien lurraldean» esan du Joxe Manuel Odriozolak.
«Dispertsio handi batean gaudela pentsatzen dut, eta indarrik gabe. Ez naiz euskaldun bezala errepresentatua sentitzen inon». Euskarak ez du plazarik irabazi, etxean gero eta zokoratuago dagoen bitartean. Ez dugu ezta arazo politiko ere bihurtu… «politikoak ez direlako gai euskarazko diskurtso bat josteko. (…) Funtsean (politikariek) ez dute bide-orririk, ez dago politika zehaztu bat euskararentzat» (Koldo Izagirrek).
Kezkagarria iruditzen zait nola disoziatzen ditugun gure aldarrikapenak, batetik, eta aldarrikapenok gauzatzeko botere falta, bestetik. Ohitu egin gara ameskeriak esaten, gero ametsok betetzen diren edo ez behatu gabe, arduragabeki; Behatokia, Topagunea, Kontseilua eta beste zenbat erakunde daude, kasik euskararen GKE-en gisako funtziora murrizturik. Euskalgintzak ez dauka botere exekutiborik, ezin ditu exekutatu bere idealak, ametsak, aldarrikapenak, desirak. Eta botere sinbolikorik ere apenas geratzen zaigun, ez baita inon serio hartzen inoiz errealitatez janzten ez den eldarniorik. Horrela bizi gara, epe laburreko leloak sortuz, epe laburragoan ahazteko, funtsezkoa den horretatik urruti, beti. Laburra da euskararen erakarpen ahalmena, espainolaren eta frantsesaren epe luzeko inposizioaren aldean. Eta sarkastikoa ere bada, Euskal Herrian diren 3.000 trikitilarietatik euskaraz ez dakien bakarra izatea Korrika berriaren iragarleetako bat.
Inork ez du esaten, baina denok dakigu: hizkuntzaren auzia gerra auzi bat da, eta gehiago hizkuntza gutxitu (gutxietsien) kasuan. Gerra, ez kanoiak begira ditugulako, etsaiak dauzkagulako baizik.
Hasi beharko dugu, bada, tokiak eta guneak irabazten, bertan gotortzen eta garaipena beste guneetara hedatzen, ezta?
Norman Fairclough-ek dioen bezala, «hizkuntza dominazio tresna gisa erabili izan dute beti estatuek, eta hizkuntzak duen estatusak definitzen du erabiltzailearen estatusa».
Hizkuntza dominazio Hizkuntza dominazio Hizkuntza dominazio
Hizkuntza dominazio tresna gisa erabili izan dute beti estatuek bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.