
Barikua bigarren eguna genuen. Lurrean etzanda geundela hezitzailea hurreratu eta esan zigun, “ea zer moduz astelehenetik aurrera, haurra bera bakarrik. Aitatxok pena izango du” (!?!?). Bea Salaberriren txioarekin akordatu nintzen derrepente.
Gaur ene bigarren xitoa ikastolan hasiko da. Sentimendu lauso horiek.
— Bea Salaberri (@beatxo) September 1, 2015
Gure bigarren xitoa haur eskolan hasi zen egunean, egokitzapena zela-eta, nik neuk ere gelara bueltatu beharra izan nuen, ordubete bi egunez; bigarrenean kafetxo bat hartzera bidali baninduten ere, Lo lasai zegoela-eta.
Gero, astelehenetik aurrera, apurka-apurka denbora tartea luzatu genuen; beti ere umearentzat mesedegarria delakoan. Lehen egunetik irrifartsu hartu izan du haur eskola Lok, oraindik ere urte luzez gainera datorkionaz ohartu ezinik.
Bigarren xitoak haur eskolan ikasturte osoan zehar izango duen ordutegia osatu zuenean, oraindik egokitzapenean zen lehenengo xitoa eta, beraz, ordu batean txikia aldean hartuta joan behar izan dut nagusiaren bila beste aste betez; bazkaldu eta gero, ordu bietan baitzuen irteera Tek. Bost urterekin bi aste behar izan ditu arrastira arteko ordutegira heltzeko.
Bai lagun, egokitzapena deitzen diote honi hezkuntzan (seinen eskolaratze mailakatua eta aitamentzako anabasa lehen egunetan); gurasoa denak ondo daki zertaz ari naizen.
Eta kontuz, ez dut zalantzan jarri gura egokitzapenaren egokitasuna,
batzuetan zozokeria bat dela pentsatu izan dudan arren, ez, ulertzen baitut onurak izan ditzakeela haurrengan. Kontua da ez dudala ulertzen nola den posible, amek eta aitek etxetik kanpo lan egiten duten garaiotan, nola demontre den posible gaur ordu bat, bihar bi eta etzi hiru eskolara adi egotea, beharretik kaleratua izan gabe. Zelan?Jardunaldi malgu edo murriztua izan ezean baduzu lana eskola ordutegietara moldatzen, lagun.
Ez da kontu erraza; bi aukera okurritzen zaizkit, eta… ezdakipa. Baga, aitite-amamak ilobei estu lotu eta hauen zaindari (eta gidari) ofizial izendatzea, gaixotzeko edo Mediterraneo aldera jotzeko aukerarik eman gabe, zeresanik ez Historia del Arteko ikastaroetan izena ematekoa. Marka da gero, behin jubilatu eta gero seme-alabengandik egunero-eguneroko betebeharra jasotzea.
Biga, umezaina (edo neskamea) kontratatzea, ahal dela jatorra, euskalduna eta… merkea. Aukeran, etxea garbitzen dizun horixe bera -Pikarak eztabaidatu zuen honetaz-. Argi berba eginda, umeak `gobernatzea´ etxeko lanen parte baita, etxekoandreen kontuak; eman buelta bat edozein eskolako patiotik.
Kontuak kontu, eta basatzara bueltatuta, atzo astelehena egun handia izan da gurean, Lo eta Te, halako batean, ordutegi osoz eskolaratu baitira. Eta ez zaitezte haserretu nirekin baina… desiratzen nengoen!
Aldarrikatu gura nuke, biharko ahal bada, haurren eskola eta gurasoon lan ordutegietan ere egokitzapena edo oreka. Hau al da kontziliazioa deitzen duten hori?
Egokitzapena
Egokitzapena bidalketa lehenengo zuzeu.eus-(e)n agertu zen.