
Opus Dein eta EH Bildun
Opus Dei Jose Maria Escriva de Balaguer apaiza katolikoak fundatu zuen 1928ko urriaren 2an. Azken onespena Pio XII.ak eman zien 1950ean. Joan Paulo II.ak 1982an prelatura pertsonala bihurtzean, apezpikuen autoritatetik kanpo geratu ziren Opus Deiko kideak. Eliza Katolikoan barnan horrelako egoera duen lehen, eta orain arte, erakunde bakarra da. 2002an, Josemaria Escriva santu izendatu zuen Joan Paulo II.ak.
Gurean nonbaiten izan badu eragina eta boterea Opus Deik Nafarroan izan da, baina Hego Euskal Herri osoan dago bere presentzia, eta batek daki zeintzuk diren beren interesak bortuz gaindi.
Opus Deik kritika ugari jasan ditu, sekta gisa jokatzea leporatzen baitzaio, ezkutuan eta kontrol handiarekin. Kideek ezin dute bere partaidetza publikoki ezagutarazi, nagusi baten baimena izan ezean, 1950eko konstituzioaren aginduz. Horrek espekulazio itzela ekarri du betidanik, ea nor den kidea eta nor ez: Munilla Opusekoa ote? Eta Rafa Larreina?

Pasa den legegintzaldian entzun nuen txutxumutxua, abortuaren inguruko legea bozkatu behar zenean Larreina ez zelako Madrilera azaldu. Hori jakitean pentsatu nuen elizkoia izango zela, jesuita, pasionista edo holako zerbait; baina ez, Larreina Opusekoa da. Opusekoa, eta Bildukoa. Eta ez naiz ni hori baieztatzera ausartu dena, noski, Publico egunkaria baizik. Opuseko 74 kide esanguratsuen izenak eman dituzte jakitera, tartean euskal herritarrak.
Rafa Larreina, Amaiurreko parlamentari ohia eta Eusko Alkartasunako kidea.
Juan Carlos Mujika. Arabako Eusko Alkartasunako zuzendaritzako kidea. Opus Deiren informazio arduraduna EAE-n.
Enrique Sendagorta. Plentziarra. Material militarra ekoizten duen SENER enpresaren sortzailea. 2014an espainiar monarkiak saritu egin zuen bere enpresari ibilbidearengatik. Saria ematen Opuseko beste kide bat zeukan parean, De Guindos Ekonomia Ministroa.
Jose Luis Olaizola. Gipuzkoar idazle eta gidoilaria. Abokatua izan zen, baina lan hori uztea erabaki eta literaturari ekin zion. 1983an La guerra del general Escobar eleberriari esker Planeta Saria irabazi zuen.
Enrique García Ruiz de Galarreta. Arabako Ingeniari Industrialen Eskolako gerentea.
Lau izen ekarri ditut; baina gerturatu eta hamalau ikusiko dituzue.

Opus Dein eta EH Bildun
Opus Dein eta EH Bildun bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.