
Errefuxiatu klimatikoak
Aldaketa klimatikoak ingurugiroen suntsipena edota eraldaketa dakar, eta horrek, era berean, biztanleriaren lekualdatze masiboak eragiteko arriskua barnebiltzen du.
Lehengai naturalak agortzen ari dira, eta ekosistemak aldatzen: desertifikazioa (Saharako basamortua, adibidez, geroz eta terreno gehiago irabazten ari da), ozeanoen maila, poloak urtzea, erosioa… Geroz eta pertsona gehiago dauzkan mundu honetan geroz eta jende gehiago kontzentratuko da geroz eta toki gutxiagotan. 1950. urte bueltan 2.500 milioi inguru ginen; pasa den abenduan 7.400 milioi; 2050. urterako egin diren aurreikuspenek 9.500 milioi lagun izango garela diote.
Lurraren txoko askotan daude emigrazioaren itzala bere gain duten nazio eta komunitateak, esaterako delta handietan daudenak (Nilo, Mekong, Ganges, Brahmaputra…), altuera txikiko artxipelagoak (ozeano Pazifiko eta Indikoko atoloiak…), edota basamortuen periferietan daudenak (adibidez Sahara ingurua eta Pekin).
(Fijatu zaitezte, bide batez, zeinen gertu gauden eremu horitik, desertifikazio eta lehorte zonaldetik)
Egoera bereziki zailean dauden lurraldeetan aspaldi hasi ziren migrazio mugimenduak. ‘Global Estimates’ txostenaren arabera 2008-15 urte artean 26,4 milioi lagunek migratu behar izan zuten urtero bataz beste, hondamendi naturalek bultzatuta. Orotara, 200 milioi lagun baino gehiago.
Munduan topa daitekeen adibide beldurgarrienetako bat da Bangladesh. Berotegi efektuak sortutako kalte gehienek eragiten die: itsasoaren maila, Himalayako glaziarren urtzea, lehorteak, montzoien zikloaren aldaketak, urakanen potentzia igoerak… Hori guztia bereziki nekazaritzatik bizi den 164 milioi biztanle baina gehiagoko herrialde batean. Baina nora joango dira? India eta Myanmar ez dira historikoki oso herrialde eskuzabalak izan Bangladeshekin etorkinak jasotzerako orduan, eta horiek dira bere bi bizilagun bakarrak; gainera, Indiak berak barne migrazio mugimendu ikaragarriak izan ditu azken urteetan, Txinak bezala, landa eremuetatik hiriguneetara. Aditu askoren arabera, jende gehiena ezingo da mugitu horrelako kasuetan, bere egoera ekonomikoak ez diolako ahalbidetuko; hori da Siriako gerraren kasuan maiz ikusten dena: bidaiatu ahal dezakeena mendebaldera doa, eta besteak, gehiengoa, milioiak, han inguruan geratzen dira (Sirian bertan, Jordanian, Libanon…).
Munduko desorekaren ideia bisual bat egite aldera, maparen zonalde urdinean planeta osoko biztanleriaren %5a bizia da, eta puntu gorri horretan (Bangladesh tartean) ere %5a dago.
Klimaren aldaketak mundu osoko herri txikiak mehatxatzen ditu, eta bizitza bera arriskuan jartzen duen hein berean ipintzen du ataka larrian etnodibertsitatea. Lurrari lotzen gaituen sustraia moztuz gero komunitatea sakabanatzen da, eta ondorioz, gure nortasuna herrialde erraldoien itsaso horretan disolbatu, munduan tokirik gabe kondenatuta. Egoera zail horren aurrean daude, esaterako, Artikoko jatorrizko herriak.
Antzeko paradoxa bat ematen da Gipuzkoan, Artikoan eta munduan. Ormaiztegiarrok hondakinen %90 inguru birziklatzen dugu, baina donostiarren, irundarren, eibartarren, zumarragarren, pasaiarren… zaborra irentsi behar omen dugu; herri horietako gehiengoari eta udaletan dituzten agintariei sudurraren puntan jartzen ez zaielako birziklatze tasa ahalik eta handienak lortzea. Munduko bazter txiki honetako “Kiotoko protokoloa” sinatzeko prest ere ez dauden horiek; kakak mendira eta matazak alfonbra azpira sartzen dituztenak.
Artikoko herriekin antzeko. Berotegi efektua eragiten erantzukizun ia minimoa duten herriak dira arrisku handienak pairatzen dituztenak. Arrain eta herri artean handiak jaten du txikia beti.
Lurralde gehienek ez dute errefuxiatu klimatikoaren profila aintzat hartzen (Afrikako Batasunaren aldeko Erakundeak bai), eta munduak hartu duen norabidea ikusita geroz eta beharrezkoagoa da.
Ez dakidana da hona etorri nahiko dutenentzat edo gu ere errefuxiatu klimatikoak izango garen. Batek daki. Emigrazio ekonomikoak edo politikoak normalean hala izaten dira, baina emigrazio klimatikoak ez du zertan izan pobretutako lurralde batetik garatuago dagoen beste batera; alderantziz gerta daiteke.
Gerrak eta pobrezia bai, baina agintariek ez dute klima kontrolatzen.
Iturriak: Le Monde Diplomatique, Swissinfo eta IDMC
Errefuxiatu klimatikoak
Errefuxiatu klimatikoak bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.