
Bertan Bilbo! –
Bertan_Bilbo (Bilboko Udala, 2008) izenburua dauka Aitor eta Pedro Zuberogoitiak idatzitako liburuak, zeinak euskarak XX. mendean Bizkaiko hiriburuan eduki zuen historia kontatzen baitu. Atarikoan jasotzen dutenez, Xabier Kaltzagortak honako hau dio esamolde honen esanguraz: “Bizkaiko herri txikietakook ikusmira eder bat badaukagu begien aurrean, edo handikeria zein handitasun, dotorekeria zein dotoretasun baten aurrean agertzen bagara ‘bertan Bilbo’ esan ohi dugu harriduraz”.
Neuk badaezpada Euskaltzaindiara jo dut eta Orotariko Euskal Hiztegiak hauxe dakar:
BERTAN BILBO. “Bertan Bilbo! gauza txokante bat ikusten denean, ile berdeduna, adibidez, esan ohi da” Elexp Berg.”
Asteon lagun batekin topo egin nuen eta honetaz eta hortaz berbaz ari ginela, “bertan Bilbo” esamoldea atera zen, Azpeitian ere erabili ohi dena:
– Gizon koadrila batek neska koadrila batekin topo egiten zuenean eta eurekin ligatzeko aukera zegoela uste zutenean ‘bertan Bilbo!’ esan ohi zen, hau da, “hau putetxe bat dek” edo “txortan egiteko aukera zegok”.
Azaldu zidanez, Azpeititik Bilboko Erakusketa Azokara etortzen zirenek beste zereginetan ibiltzeko aprobetxatzen zuten eta hortik ei dator esamoldea. Bitxia da geure hizkuntza, zeinak berben artean hiztunen pentsamoldea gordetzen baitu.
.
PD: Argazkia Wikipediatik atera dut, zeina Creative Commons lizentziapean dagoen.
Bertan Bilbo! bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.