
Armagabetzea erromantzearen aberasgarri >
Esaten da Armada Invencible haren garaian asko handitu zela gaztelaniaren adierazpen gaitasuna. Itsasontziekin gertatutako hondamendiaren handiak, hainbeste jende hildako ekarri zuen ikuskizunak, hitz eta espresamolde berriz hornitu zituela erregeak aitatzeko erak, gudarosteak kritikatzeko moduak eta, oro har, eguneroko bizimoduaren hariak beste era batzuetan zitezkeela handik aurrera adierazi, hainbeste urtean ustelduta egondako urak supituan berritu balira bezala. Biraoak horixe dauka, indarra eta berritasuna.
ETAren armagabetzea ez daiteke, jakina, orduko hondamendiarekin alderatu, baina nago egundoko aberastasuna ekarriko diola gaztelerari apirilaren zortzirako amaituta utziko den lanak. Txetx Etxeberrik eta Le Mondek jakin beharrekoak argitaratu bezain azkar, han hasi ziren kolore batekoak eta bestekoak, nor irmoago agertuko lehian, nork punpa azkarragoarekin erantzungo, nork bazterrera gehiago hurbilduko…
Rajoyk, pentsatu beharrik ere ez zuen ukan Castilla-La Manchako kongresuaren erdian zer esan behar zuen jakiteko. Aski izan zen jada automatizatuak dituen pare bat rewind eta play berreskuratzearekin, gauzak beti bezain argi adierazita gera zitezen: armagabetu daitezela, desager daitezela…
Eta beste aldeko orakulutik ere, minutu kontua izan zen Rubalcaba jaunaren ahots burutsua entzuteko, belarriekin ere txalo egiten zieten politogo uholdearen ondoan: demokraziak irabazi du, ez da ETA armagabetu, guk desegin dugu, guk irabazi diogu…
Nor bere paperean sartuta, abiatuak ziren saldatarako ere ez zutela balio ziruditen ETAren hezurren enegarren probetxamenduan, bolborarik ezean, memoria ditxosozkoa izango baita aurrerantzean materia nagusi euskaldunoi aurre egiteko orduan.
Batzuek eta besteak (eta tarteko denak ere bai), ederki trebatuak ditugu hainbeste intxaur eman duen laborantza erretoriko honetan. Maixu dira gauzak egiazki nola diren esateko orduan. Ez ibili alferrik intelektual berrien ahots zorrotzagoen bila. Faborez, ez al duzu oraindik ikasi? Hizlari guzti guztiek hartuko dute bide bera, ibaiaren urak ez dira eta desberdinak.
Bai, kontua betikoa da: nork abildade handiagoa erakutsi Munduko espainolik espainolena izateko orduan. Errelatoaren gauzak nork zuzenago adierazten dituen azpimarratzea. Zer uste zenuen, bada, beste edozeinek egingo zukeen bezala, armagabetzeko aukera txukun xamar profitatzen jarriko zirela?
Bai zera! Erromantzeak baditu bere esijentziak eta ezin da utzi igarotzen aukera hau, astakeria handiena esan izanaren ohorea behar du baten batek irabazi, Inperioak segi dezan bere bidean.
Armagabetzea erromantzearen aberasgarri
Armagabetzea erromantzearen aberasgarri bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.