
Kataluniako hauteskundeak bete dituzte gaurko azalak. Asko izango dira hautestontziak hizpide euren zutabe eta iritziak plazaratuko dituztenak nik baino balorazio eta uste jantziagoekin. Hori dela eta, azken aldian barrenak mugitu dizkidan beste gai bati helduko diot, ahal bada beldurrik gabe.
Ziurki gaurkoan ere iruzkin desatsegin bat baino gehiago jasoko ditu post honek lehen lerroetatik argi lagatzera bait nator artikulua FEMINISMOAZ doala.
Bixenta Goikoetxeak (Feminismoa babesteko gizonezkoek egin ditzaketen 20 gauza) eta Peru Iparragirrek (Isiltzen ikasi, entzuten hasi) irekitako bideari tira egin eta mezu argi bat bidali nahi nieke troll matxistei, bai, zuei: feminismotik edo feminismoari buruz idatziko edozein postetan –etxe honetan zein besteetan– iruzkin zentzugabe, iraingarri eta mingarriak uzten dituzuen horiei.
Adierazpen askatasunaren defendatzaile sutsua nauzue noski, nork bere iritzia plazaratzea zilegi behar luke, nahiz eta, ez dakidan edozer entzuteak libre behar lukeen izan. Interneteko nolabaiteko askatasun eskubideak bermatuta denboraren poderioz “troll” bezala ezagutzen ditugun horiek gero eta espazio handiagoa hartu dute: “Honek bidea libre
utzi die gainerako pertsonei pentsatzen dutenagatik, euren ideiengatik zein bizitako esperientziengatik hitzez erasotzeko”, honela jasotzen du Washintong Posteko Ellen Paoren iritzi artikuluak.
Maiz ez da erreza askatasunaren lerroa noiz gainditzen den ikustea eta iritzia ematearen eta edozer esatea libre izatearen arteko oreka topatzea, ziurki, egun horretan lanean dihardute webgune batek baino gehiagok. Gainera, iruzkingile hauek bereziki gogor jokatzen dute azken aldiotan feminismoaz idazten duen edozeinen aurka. Horregatik, trolei aurre egiteko Paok bere artikuluan jasotako gomendio bat ekarri dut Zuzeu-ra: jazarpen mezuei aurre egiteko ezinbestekoa da artikuluan iruzkinak idaztea; testuinguruan kokatuak, positiboak eta ondo idatziak. Horrela, jazarpenak bigarren mailan laga eta benetan baliogarriak izan daitezkeen eztabaidak sustatzeko.
Feminismoaz idazten dugun bakoitzean horrelako iruzkinak irakurri beharrak morala ahuldu eta nekatu egiten du, hala azaltzen du Michelle Goldbergek hedabide berean. Hark jasotzen duenez, emakume gazte askok muzin egiten diote feminismoaz idazteari jazarpenen beldurrez, eta maiz, izengoitiak erabiltzen dituzte halakoetarako.
Izan ere, ezin nekagarriagoa da gustuko artikulu bat irakurri eta bukaeran inongo fundamenturik gabeko iruzkin iraingarriak irakurri behar izatea. Beraz, euskal komunitateari dei egiten diot, hemendik hasi eta gainerako atarietaraino, troll matxisten ahotsak indargabetzeko; inongo oinarri akademiko, historiko, mediatiko eta pertsonalik gabeko testuei entzungor egiteko. Aske gara edozer esateko, baina ez nago prest edozer irakurtzeko.
Troll matxisten zilegitasunaz bidalketa lehenengo zuzeu.eus-(e)n agertu zen.