
20. Korrikan ere, euskararen alde –
Orain dela 37 urte Oñatin hasi zen lehenengo Korrika, “Zuk ere esan bai euskarari” lelopean, hainbat lagunek korrika egin zuten euskararen alde. Bederatzi egun iraun zuen korrika hau Bilbon amaitu zen 1980ko abenduaren 7an. AEK-k antolatzen duen ekitaldi hau bi urtetik behin egiten da, aurten hogeigarren edizioa, “BatZuk” goiburuarekin. Asier Amondo koordinatzaileak azaldu zuena laburbilduz, BAT gu gara, euskaldunok; ZUK, inguruan erdaraz hitz egiten dutenak. Elkarrengandik aldendu beharrean, bil gaitezen BATZUK sortuz eta elkar ezagutuz, kultura partekatuz.
Aurtengo korrika biribila dela aprobetxatuz, hainbat omenaldi prestatu dute antolatzaileek, besteak beste, lehen korrika prestatu zuten ero-heroi horiei lehen kilometroa eskaini diete, tartean Joseba Kanpo zenari. Kanporen senideek eta lagunek lekukoa eraman dute lehen kilometroan. Haiekin, esan bezala, korrikaren beste hainbat sustatzailek ere parte hartu dute. Bigarren kilometroa ere berezia izan da. Euskal Herriko zenbait hiriburutako alkateak hurbildu dira euskararen alde korrika egitera; Bilbokoa eta Donostiakoa ez, plenoa baitzuten, baina ordezkariak bidali dituzte.
Euskal Herria euskaldunon herria izanik, 20. Korrika hau hamaika aldarrikapenekin dator, euskara gehiago sustatzeko asmoz. Hasteko, Euskal Herria euskalduntzeko, hiriburuak euskaldundu ez ezik, euskal arnasgune ere bihurtu behar dira. Harrigarria dirudien arren, Bilbo euskaldun gehien duen hiriburua da; hala eta guztiz ere, euskaraz hitz egiteko traba handiak daude. Euskal Herrian euskaraz dakitenen herenak, Bilbo Handian bizi dira, baina euskaraz hitz egiteko toki gutxi batzuk baino ez daude.
Euskararen ofizialtasuna ere sustatu nahi du 20. Korrika honek, izan ere, Ipar Euskal Herrian ez du ofizialtasunik eta Nafarroan euskararekin gatazka anitz daude. Ofizialtasunarekin lotuta dagoen gai politikoa, elebitasuna da. Askotan esan digute euskarak gaztelaniak beste eskubide dituela, baina ez da horrela. Gaztelania, Konstituzioak ezartzen du, guztiok hitz egin behar dugun hizkuntza baita. Euskarak, aldiz, koofizialtasuna dauka, baina euskal herritarrok ez gaude behartuak euskara jakitera.
20. Korrika honetan euskararen doakotasuna ere aldarrikatuko da. Gasteizen, Baionan, Donostian, Bilbon eta Iruñean, kilometro bana prest dute hori eskatzeko. Adituek uste dute, euskara ikastea doakoa jarriz gero, Euskal Herria euskaldundu egingo dela, beste hizkuntz batzuekin egin duten bezala, hala nola, flandrierarekin.
Korrikak jendea lotzen du eta lekukoak herriak josten ditu. Euskarak bizirik jarrai dezan, zuk ere, bat egin dezakezu euskararen alde, euskara gure komunikatzeko tresna nagusia bilaka dadin.
20. Korrikan ere, euskararen alde
20. Korrikan ere, euskararen alde bidalketa lehenengo ZUZEU-(e)n agertu zen.