
Euskaraz hitz egiten hasi eta makina bat aldiz isilarazi naute; bai toki publiko, baita pribatuetan ere. Beraz, ezin identifikatuago sentitu naiz Tolosaldeko atarian Orkatz Goenagak idatzi duen gutunarekin.
Badirudi, Tolosako Udalak auzokideekin antolatutako bilera batean gaztelera gailendu zela (ezjakintasuna irabazle alegia), eta ondorioz, euskal hiztunak izan zirela beste behin zanpatuak. Hainbat pasarte gogoratzen ditut nire bizitzan zehar, zeinetan, euskara alboratu behar izan dudan Euskal Herriko espazio publikoan; azkena, Euskal Herriko Unibertsitatean bertan. Interesgarria litzateke Zuzeu-ko irakurleen iruzkin jarioa baliatu eta halako pasarteak jasotzea. Gaurkoan Orkatzek Tolosaldeko atarian idatziak ekarri ditut hona:
Gutuna: Zein hizkuntzatan bizi da Tolosako Udala?
Irailak 24, arratsaldeko zazpiak ziren, Tolosako udalak bilera antolatu zuen auzoko bizilagunekin. Bertan udaleko bi zinegotzi zeuden: Jokin Azkue (Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza , hizkuntza politika eta kultura saileko Euskara sustatzeko zuzendaria ere bada), eta Patxi Amantegi. Jokin Azkuek gidatu zuen bilera, horrela aurkeztu zuen: “Buenas tardes, soy Jokin Azkue, concejal del ayuntamiento
...” gaztelera jatorrean.
Udal-ordezkariek euren aurkezpena amaitu zutenean herritarrak galderak egiten hasi ziren. Bilera hasi eta ordu erdira,herritar bat honela hasi zen galdera egiten: “Nik gauzatxo bat, nik uste dut hemen gauza bat geratzen dela” Hortxe, supituki moztu zion Jokin Azkuek: “Gazteleraz! Bueno nahi deken bezala.” Horren aurrean, gazteleraz hitz egin behar zuela ulertu zuen, baita egin ere.
Nire txanda iritsi zen, kostata, bilera hasi eta ordubete eta laurdenera, honela:”Pentsatzen dut horren atzetik plangintza bat…”. Ez nuen izan ezer gehiago esateko astirik Jokin Azkuek moztu baitzidan: “Ez zaizu inporta gazteleraz hitz egitea?”. Galdera horri nik eman nion erantzuna hau izan zen: “Ni oso kaskagorra naiz eta euskaraz galdera amaitu egingo dut, nahi baduzu gero gazteleraz ere egingo dut”. Lortu nuen euskaraz egitea nire galdera, baina azkar asko eskatu zidan ordaina Jokin Azkuek: “Hik esan ezak gazteleraz”. Halaxe egin nuen, Jokin Azkuek nola erantzuten zidan jakin nahi nuelako, nik egin nuen lan bera egiteko gai zen jakin nahi nuelako. Jokin Azkuek, ordea, niri gaztelera hutsean erantzun zidan, honela: “Nosotros cuando planteemos el tema...”
Hori guztia aintzat hartuta, nola esan dezake Jokin Azkuek osoko bilkuran ez zirela euskaldunon eskubideak urratu? Nola esan dezake horrelako gezur-puska? Hain zaila al da barkamena eskatzea?
Iazko martxoan Maialen Lujanbiok Euskadi Irratirako gogoeta hau egin zuen: “Zergatik bereizten dira profesionaltasuna eta gaitasun linguistikoa? Horiek ez dira bana, bat dira. Nik ez dakit zein legek bihurtzen duen ez jakitea eskubide, ez dakit zein epailek bihurtu duen harraparia babestu beharreko espezie. Jainkoak, aste honetan, maltratadorea babestu behar dela esan du, etxetik kanpo kalean nora joanik ez zuelako. Eta emaztea derrigortu du senar maltratadorea etxean har dezan, emazteak berak ere onartu egin omen du. Horixe gara gu, euskaraz bizi garenak, jendarte eme bat, tratu txarrak ematen dizkiona zaintzea onartzen duena. Nazio andre bat gara, izateko beti besteei baimen eske”.
Jakin badakigu badirela hamaika teknika horrelako bileretan inoren hizkuntz eskubidea ez urratzeko, horregatik, galdera bat egin nahi diot Jokin Azkueri (oraingoan euskara huts-hutsean): Zu zer zara, jendarte emearen parte edo zaindu beharreko maltratadore (metaforikoki, jakina)?
Euskara, berriro ere isildua
Euskara, berriro ere isildua bidalketa lehenengo zuzeu.eus-(e)n agertu zen.