
Elle aldizkariak, Britainia Handiko edizioan, zenbaki bat eskaini dio feminismoari, besteak beste, honako bideo hau erabilita.
Bertan, munduko erabakigune nagusietako irudi batzuetatik gizonezkoak ezabatu dituzte photoshop bidez, eta horrela, zeinen emakume gutxi dagoen azpimarratu.
Ondorioa: “Goiko aldean bada tokia gutako gehiagorentzako” (There’s room for more of us at the top).
#MoreWomen:
Berrogeita bost segundo eskasetan, bideoan Saturday Night Live estatubatuarreko Lena Dunham agertzen da, telebista saioko emakume bakarra legez; baita Emma Watson antzezlea Nazio Batuen egoitzan ere, emakume eta gizonezkoen berdintasunaren aldeko hitzaldia egin zuenean… gizonez inguratua.
Argazki gehienak baina, politika mundukoak dira, Komunen Ganbera dela edo Estatuburuen batzarra dela, Ingalaterrako Erregina, Cristina Fernández de Kirchner argentinarra eta Angela Merkel emakume agintari bakarrak direla.
Ordezkaritza politikoak
XX. mendeko bigarren erditik gaur egunera feminismoak aurrerabideak lortu baditu ere, mediatikoki, politikoki eta ekonomikoki erabakiguneetan emakumeak duen presentzia urria da. Kontua begi bistan dagoen arren askok ikusi nahi ez duenez, modu praktikora jo dute bideoan: gizonezkoak ezabatu eta emakumeak zein bakar dauden erakutsi.
Munduan, 152 Estatuburuetatik bederatzi baino ez dira emakumezkoak. Diputatu kopuruari dagokionez, eta gure inguruko herrialdeetara begiratuta, Frantzian %26,2 dira emakumezkoak (populazioaren %51,6 izan arren) eta Espainian %41,1 (populazioaren %50,6 izan arren). Azken Estatu honetako ehunekoa munduko altuenetakoa da gainera, aitzindaria izan baitzen alderdi politikoetako zerrendetan emakume kuotak ezartzen.
Garatutako herrialdetzat hartzen direnetan eta biztanlegoari erreparatuta, emakumeen kopurua handiagoa da gizonezkoena baino, baina ordezkaritza eskasa dute erabakiguneetan. Lehengo datuekin jarraituz, AEBetan diputatuen %19,4 baino ez da emakumea, %13,6 Errusian eta %9,5 baino ez Japonian; kontuak atera! Parlamentuan gizon baino emakume ordezkari gehiago dituzten herrialdeak, bi: Bolivia eta Ruanda.
Utz ditzagun orain datuak, eta itzul gaitezen aurkezgai izan dugun bideora. Gurera etorrita, zein litzateke emaitza Euska Herrian ere argazkietatik gizonezkoak ezabatuko bagenitu, alderdi politikoetako zuzendaritzetan, ETBn, Euskaltzaindian, Gastronomikan edo San Mameseko belar gainean edo beste edozein erabakigunetan… Badago tokia emakume gehiagorentzat?
Badago tokia emakume gehiagorentzat?
Badago tokia emakume gehiagorentzat? bidalketa lehenengo zuzeu.eus-(e)n agertu zen.