
Pernando Barrenak asko ikasi du urte hauetan eta jendaurrerako gure oradore onenetakoa dela esatera ausartuko nintzateke. Ez dadila inor mindu, baina oso gutxik erakusten du haren indarrik mitinetan eta diskurtsoetan. Euskaraz eta gaztelaniaz, gainera.
Baliteke neu gutxi ibilitakoa izatea halako lekuetan, eta erraz inpresionatzeko modukoa izango naiz. Ez kolore bateko eta ez besteko, ez ninduzun sarri ikusiko bilera politiko handietan. Alabaina, joan zen zapatuko Arnaldo Otegi eta Rafa Diezen aldeko manifestazioan, argi geratu zen Barrena politikaren profesional finenetakoa dugula. Ezin dira konparatu, badakit, baina egia esatera, Arzallus ekarri zidan, nolabait, gogora.
Akaso Barrenari eta Sortu alderdiari eginen niekeen kritika bakarra, egokitasun ezarena da. Alegia, zer demontre egiten zuen alderdi zehatz batek han mitina ematen, herri plataforma batek antolatutako manifestazio bateratzaile baten amaieran. Han kolore askotako jendea ikusi nuen nik: EA, PSE-EE, Podemos, EB… Egia da Sortuk baimena eskatu ziela antolatzaileei eta hauek bideratu zutela Barrenaren hitzaldia, baina ez dakit ba, tragazank hori ote den “sentsibilitate desberdinetako” jendea tratazeko modurik zintzo eta dotoreena…
Noan, baina, joan nahi nuen lekura, Barrenak esan zituen guztietatik, errelatoa ezin diola batak besteari ezarri izan zen gehien interesatu zitzaidana. Izan ere, blog honetako letra hauek aspaldion ikusi badituzu, jakingo duzu neu ere katramilatuta ibili naizela norberaren kontakizuna argitaratu ezinarekin.Txikikeria bat, jakina, Pernando Barrenak aipatu zituen kontu handiagoen artean: presoak, bakebidea, guztion giza-eskubide guztiekiko errespetua, independentzia… Jonan Fernandez eta PNVa ere errudun jo zituen Barrenak, inoren kontakizuna derrigortzearen eginkizun horretan.
Ez naiz ni hemen baten edo besteen aldera lerratuko, baina niretzat aski zentrala da kontakizunaren gaia, batez ere bizi dugun gizartearen kalitatea neurtzeko orduan, izan ere neronek ikusitakoak argitaratzeak Entzutegi Nazionalera eraman nazakeela jakiteak, ez dit, hain zuzen ere, gizarte aske baten bizi garenik erakusten.
Hain juxtu, gizarte lotu hori inoiz gure aldera askatzeko, amets egiten dut abertzale guztiok batuko garen egunarekin. Iritsiko ahal da noizbait!
Ezin du hain konplikatua izan, azken finean hitz bat edo beste aukeratzeak eragiten digun lokatzatan gabiltza harrapatuta: kondena, damua, indarkeria, eta halakoak.
Denok dakigu zertaz ari garen eta, benetan, ez dut uste hondoko arazoa hori denik. Ez dut uste, PNVak eta Sortuk begi oso desberdinez ikusi dutenik gertatutakoa, gertatu zaiguna. Zer esanik ez bi aukera politiko horien arteko beste abertzale eta demokrata guztiek. Ez zait iruditzen hain zaila litzateenik kontakizuna adostea, nor bere xehetasunekin, kondenaturik baikaude elkarrekin bizitzera, elkarrekin eraikitzera eta hobe dugu lehenbailehen lan horri heltzea, gerokotan galdu gabe.
Beste kontu bat da hirugarren batzuek entzun nahi dituzten hitzak asmatu ezinda eta geureganatu beharretan bagabiltza, derrigorrez, geureak izan gabe geurek bailiran. Horrek ez dauka irtenbiderik, eta eternitatean egon gaitezke zarataka. Izatekotan, soluzioa politikoa baino, poetikoa luke horrek. Eta poetak eta idazleak ehunka ditugu, behar diren hitzak ekartzeko. Segur naiz asmatuko dituztela arinagoak eta azkarragoak darabiltzagun astun hauen lekuan jartzeko.
Hitzen pisuaz
Hitzen pisuaz bidalketa lehenengo zuzeu.eus-(e)n agertu zen.