Quantcast
Channel: ZUZEU
Viewing all articles
Browse latest Browse all 19874

Mozorroak erauzteko garaia

$
0
0
Web

Israelen, dozenaka antolakunde daude bakea eta bizikidetzaren alde egiten dutenak eta bertan milaka judu israeldarrek dihardute lanean helburu zail horiek iristearren. Halere, inori ez zaio bururatzen horregatik, Israel bakea eta bizikidetzaren alde dagoenik esatea. Aitzitik, estatu arrazista, anker eta kriminaltzat jotzen du iritzi publikoaren gehiengo larriak. Agintaritza mailan ageri diren joera eta jarrerak dira jendeak juzkatzen dituena eta erabiltzen dituena iritzi bat formatzeko, etiketa bat ezartzeko.

Etiketek indar eskerga dute gogoetan eta komunikazioan. Sinplifikazio erosoak direnez gero gustura erabiltzen ditugu egunerokoan, baina errealitatea estaltzeko lana ere egiten dute,Mozorroak erauzteko garaia bai fin egin ere. Esate baterako, hainbat alderdi politiko ezkerrekotzat jo ohi dira, besterik gabe “ezker” etiketa daramatelako, garai batean ezkerreko izan zirelako. Gainera ezkerreko sinboloei eusten diete (kolore gorria, ezker besoaz ukabila egin, etb.) etiketaren mezua indartzeko. Eta parametro objektibotan aztertuz gero (laikotasun maila, aurrekontuetan gastu sozialari eskainitako ehunekoa, e.a.) gaur egun izen hori inola ere ez legokiokeen arren, etiketak hortxe dirau indartsu, oharkabean gure gogoeta eta mintzabide politikoa mugatuz eta oker gidatuz.

Bi gogoeta hauek lagun hartuz, galdera potolo bati erantzuten saiatuko naiz: Euskaltzalea al da PNV?

Alegia, Israelgo adibideari jarraiki, euskaltzale al dira PNVn aginte gorena dutenak? Eta “ezkerreko alderdiaren” adibideari lotuta, euskaltzalea al da datu objektibotan oinarrituta, ikurrez eta aldarrikapenez haratago?

Eta galderari erantzun ahal izateko, euskaltzalea zer den definitu behar dugu halaber. Definizio zabala emango dugu: Euskaltzalea, euskara hobesten duena da.

Hogeita hamar urte hauetan garatutako egitasmo eta erakunde nagusiak aztertuko ditugu labur-labur.

1.- Euskararen legea: Euskaraz noiznahi eta nonahi hitz egiteko eskubidea lege bihurtzen du ofizialtasunaren ondorio gisa. Alta, euskaldunek hogeita hamar urtetan eskubide hori oso era urri eta mugatuan erabiliari ez dio nonbait kezkagarri iritzi, ez baitu larria ematen duen jarrera hori zuzentzeko ahaleginik egin.

2.- Irakaskuntza: Euskaraz dakitenen kopurua emendatzen lagundu dute Eusko Jaurlaritzatik bultzaturiko hezkuntza politikek, bai derrigorrezko hezkuntzan, bai helduen euskalduntze eta alfabetatzean. Halere, Lanbide Hezkuntzan eta Unibertsitatean euskaraz ikasitako ikasleek sarritan ezin izan dituzte ikasketak euskaraz jarraitu. Hizkuntza eredu batzuk ez dute bermatu gutxieneko gaitasun maila. Euskara hutsezko eredua ez da hobetsi Jaurlaritzatik, gurasoen eskuetan utzi da aukera. Euskaraz dakitenek gero eta gutxiago erabiltzen dute euskara.

3.- Administrazioa euskalduntzea: Abailak eta erritmoak gorabehera, administrazioaren langile kopuru mardul batek lortu du hizkuntza gaitasuna frogatzea. Nabarmenago, euskara lanerako hizkuntza izan denean, irakaskuntza kasu. Arlo zabal garrantzitsuak geratu dira larriki atzera, Osakidetza eta Ertzantza, esate baterako.

4.- ETB: Euskarazko telebista izateko jaio zen Ramon Labaien sortzailearen esanetan, elebiduna izateko, Retolazaren agindupean jardun zuen Amatiñorentzat. Hogeitamar urte igaro ondoren ez da zalantza handirik bietako nork zuen arrazoia eta indarra. Alderdi baten benetako funtsa eta mamia ezerk ez du hobekiago adierazten, berak kontrolatzen duen telebistak baino. Hemen eta Pernambucon. Beraz beste ezerk baino hobe, ETBk ematen du PNVren ideologiaren irudia, bere euskaltzaletasun mailarena barne.

Azterketa laburregi honek nahikoa argi erakusten du PNVk maite duela euskara, bere eran, baina ez dela euskaltzalea, hemen erabili dugun adieran, ez duelako euskara hobesten.

Hurrengo baterako uzten dut jarrera honen sustraien inguruko gogoeta, gai ezin interesgarriagoa.

Aurrera egin al dezake euskarak euskaltzalea ez den PNVren eskutik? Nire iritziz, ez. PNVren euskararekiko jarrerak mesede ala kalte egiten dio euskarari? Nire iritziz kalte, eta kalte larria gainera. PNV euskaltzaletu dadin saiatu behar gara ala euskararen arerio iritzi, salatu, eta hura gabe eta haren aurka egin behar dugu aurrera? Bistan da lehen aukera dela onena baina zalantza handiak ditut bertako euskaltzaleek hori lortzeko behar adina indar izango duten. Eta are gutxiago ematen du gizartetik etorriko denik aldaketa hori eragingo duen olatu euskaltzalea.

Mozorroak erauzteko garaia

Mozorroak erauzteko garaia bidalketa lehenengo zuzeu.eus-(e)n agertu zen.


Viewing all articles
Browse latest Browse all 19874

Trending Articles



<script src="https://jsc.adskeeper.com/r/s/rssing.com.1596347.js" async> </script>