Quantcast
Channel: ZUZEU
Viewing all articles
Browse latest Browse all 20004

Abertzaleen batasunaz (I)

$
0
0
golem1

Ba ote dago inoren herriari deitzeko modu zatarragorik gurea baino: Euskal Autonomi Erkidegoa. Bada hori izena aberri batentzat, ez esan niri.

Baina agian bai, bada okerragorik: un petit morceau des Pyrenees Atlantiques edo halakoren bat. Alegia, Pirinio Atlantikoetako zati txikitxo bat. Edo 64. departamentu frantsesa, edo Nafarroako Komunitate Forala, edo zereko zera, baina horiek ez dira ez aberri, ez nazio eta ez herri baten izenak, asko saiatuta ere. Txiste txar baten izenburua dirudite: has zaitez herri izen horiekin ereserki bat egiten edo kirol oihu bat bihotzaren erditik jaurtitzen, eta ikusiko duzu gustu txarreko simulakrotik ezin dela pasatu. Nongoak eta zer garen munduari eta geure buruei ezin argiki esatea bera da,  bizi dugun eskrizofreniaren atarikoa. Ene irudikotz.

 

Gogora ekartzen dit honek Patxi Noblia hendaiarrak—Sokoa enpresako buru izandakoak—,  behin telebista frantziarrean bota zuena: “Mundura altzariak saltzera irteten naizen bakoitzean, Txina, Errusia edo Zinbauera, nongoa naizen galdetu izan didate. Zer esan behar nien, Pirinio Atlantikoetakoa naizela, Akitaniaren alde batekoa edo zer arraio? Euskal Herrikoa naizela esan eta kito, mundu guztiak ulertzen zuen istantean nondik nentorren. Euskalduna nintzela, alegia”.

Ba hori, egoerak egoera, gu euskaldunak garela edo, hobeto esan, euskal herritarrak. Mundu guztiarentzat eta, batez ere, geuretzat.

Alabaina, politikari dagokionean, bi transbertsalitatek bizi gaitu, baldin eta denok erabili ohi dugun sinplifikazioa barkatzen bazait:  bata abertzaletasunarekin dago lotua eta, bestea, politika sozialekiko iritziarekin.

Alegia, soziologikoki lau multzo handitan bana gaitezkeela herri izen desberdin horiek guztietako herritarrok, ilustrazioan ikusten den antzera.Abertzaleen batasunaz

  • EZKERREKO ABERTZALEAK  multzoan sartzen ditut PNVkoak ez diren abertzale guztiak, nahiz eta guztiak hain ezkerreko ez izan.
  • ESKUINEKO ABERTZALEAK multzoan sartzen ditut PNVko guztiak eta eskumaragokoak ere bai (bai baitaude neofaxistak geurean ere. Zuzeuko irakurle bazara, badakizu zertaz ari naizen).
  • EZKERREKO NACTIONALISTAK multzoan sartzen ditut PSOE eta PSFtik ezkerreragoko nactionalista espainol eta frantziar guztiak.
  • ESKUINEKO NACTIONALISTAK multzoan sartzen ditut PSOE eta PSFtik eskuineragoko nactionalista espainol eta frantziar guztiak

Baten batek esango dit, batez ere progresista usteko espainiar edo frantziarra bada, bera ez dela, inondik inora, nazionalista. Unibertsalista eta mundukoa dela edo antzeko zerbait. Libre du halakorik esatea, jakina, baina nik ere libre dut ez sinestea, eta ikusitakoak ikusita, nire ustez hemen denok dakigu nongoak garen, batekoak ala bestekoak izanda ere.  Norberak baizik ez daki hori, baina inork ezin du izan inon ezkoa, Sarrionandiak esandakoak gora behera. Euskaraz, esan ere ezin daitekeen kontzeptua da inongoa ez izate hori. Gutxi edo asko, guztiok gara nonbaitekoak, gerra bat pizten den bakoitzean, batez ere.

Ikusi nahi izango nituzke nazionalista ez direla dioten horiek guztiak gure moduan, euren herria administrazio desberdinetan zatituta, gobernu desberdinen menpe euren eskubideak, hizkuntza galzorian, burujabetasunik gabe, etc. Jarriko nituzke eurak ere euren etxean arrotz, eta orduan galdetuko nieke nazionalista direnentz. Jarriko nituzke estaturik gabe, nazioarteko lokatzatan galduta, eta orduan begietara begira nazionalista ez direla esango balidate, atzera egingo nuke neure ustean. Orain, ordea, aski dut gu euren ondoan derrigorrez lotuta edukitzeko egiten dituzten saioak ikustea, euren nazionalismo eza eta zakurraren putza berdintzeko.

Gauzak horrela, bi transbertsalitate nagusi daude, beraz gurean: bata identitateari dagokio, eta bestea, eskuin/ezker parametroari

Gertaerak azkar ahazten zaizkigu, baina adibideak ugari dira gure historia hurbilean. Esate baterako, euskal abertzaletasunaren zeharkakotasunaren adibide da, Lizarra-Garaziko akordioa, eta erdal zeharkakoarena Patxi Lopezen gobernua.

Beste transbertsalitateak eragindakoak ere baditugu, esate baterako EHBilduk eta PSEk Gipuzkoako Diputazioan adostutako zenbait politika ekonomiko, edota PNVk eta PPk adostutakoak Madrilen eta Bizkaian.

Halaxe daude gauzak, ematen  du denek denekin egin dezaketela dantzan, eta hori ez da berez txarra, baina euskal abertzale batentzat negargarria da zenbait gauza ikustea eta hizkuntza eta kulturaren atzeratzearekin batera, burujabetzaren aldeko mugimendua perlesiak jota dagoela egiaztatzea. Izan ere, bi transbertsalitateen araberako konbinaketa naturalak, honakoak lirateke:

  • Aukera abertzaleen arteko akordioa (eskuin eta ezkerrekoena)
  • Aukera nactionalisten arteko akordioa (eskuin eta ezkerrekoena)
  • Eskuineko aukeren arteko akordioa (abertzale eta nactionalistena)
  • Ezkerreko aukeren arteko akordioa (abertzale eta nactionalistena)

Lau koloretako konbinaketa naturalak: berdeak, horiak, urdinak eta gorriak.

Itxura batean, ematen du horiek liratekeela dantzarako bikote onenak, baina bai zera, behintzat Euskal Autonomia Erkidegoan, teorian ezinezkoa den bikote bat daukagu gaur elkarrekin dantzan: Eskuineko abertzaleak, ezkerreko nacionalistekin. Gogorra da, gero, transbertsalitatearen ikuspegitik olioa eta ura bezalakoak beharko luketenak, biak elkarrekin goxo-goxo txitoak egiten ikustea.

Abertzaleen batasunaz
Golema

Balitz eskuineko abertzaleak, eskuineko nacionalistekin, ulertuko nuke: politika soziopolitikoa lukete partekatuko. Edo balitz eskuineko abertzaleak, ezkerreko abertzaleekin, aberrigintza lukete ardatz… Beste logika bat leukake honek guztiak, baina gauzak dauden daudenean, ezker nacionalistak eskuineko abertzaleekin ikusteak, amesgaiztoko golema dirudi edozein ikuspegi logikotatik. Hala ere ezerk ez gaitu jada harritzen ikusi dugun guztiarekin. Ez da hala, Ardanza eta Jauregi jaunak?

Kontua da, konbinaketa guztien artean, nik bat dudala beste guztiak baino maiteago, joan zen asteko artikuluan aipatzen nuena bera. Alegia, abertzale guztien arteko akordioa. Konbinaketa berdea, alegia. Iruditzen zait une honetan horixe litzatekeela onena geure aberritzat Euskal Herria dugunontzat.

Alabaina, Nineu izeneko ezkutuko buruargi kizkur batek, honela idatzi zuen joan zen asteko nire artikuluaren azpiko iruzkinetan: “Abertzale guztiok batuko garen egunarekin amesten duzula diozu. Horrekin ulertzen dudana zera da, amets egiten duzula PNV, Ezker Abertzalea, EA, Aralar….eta beste hainbat elkartzea, ez? Baina zeren inguruan elkartu? Zertako? (sic) Herri honen arazoa ez da soilik independentzia bai edo ez. Herri honetan gatazka asko daude. Eta gatazka horretako gako bat, gatazka ekonomikoa da (hau bere horretan politiko-soziala dela jakinik). PNVrekin batzea gatazka hori ez konpontzea da. Burgesia eta herritarren arteko guda dago. Zapaltzaile-zapaldua dikotomia. Zertarako nahi dugu Euskal Herri aske bat ez baldin badago kapitalisten atzaparretatik aske? Txoria ez da libre izango kaiola handiago baten jarri arren. Eta hori ulertu (nahi) ezean gure burua engainatzen ari gara”.

Bere burua ezizen batean ezkutatzen duen delako Nineu honi ez niola erantzungo agindu nion, ez, behintzat, benetako izen-abizenez idatzi artean. Izan ere mentaja handia dauka ezkutukoak agerikoaren ondoan, batez ere iraintzeko orduan eta edonolakoak leporatzeko orduan. Baina, emandako hitza zaputz, berari erantzuteko hasi naiz idazten azkenean, kontatu nahian zergatik eta zertarako nahi dudan abertzaleen arteko konbinaketa berde hori.

Hala ere, atariko kontu hauek guztiak argitzea, luze joan da, luzeegi aukeran, eta ez zintuzket aspertuta edo nekatuta eraman nahi nire arrazoiketara, irakurle. Beraz, hobe dugu, zeuk eta biok, hurrengo batean  jarraitzea gogoeta honetan, gaur zortziko astelehenean, azaroak 2an, esaterako. Gustu baduzu, behintzat.

.

(Oharra: Nineu eta konpainia, hasi nahi duzuena esaten hemengo iruzkinetan, eskertzekoa baita iritzi trukaketa, baina jakin ez diodala erantzungo benetako izen abizenez ez datorrenari, #horihalada).

Abertzaleen batasunaz

Abertzaleen batasunaz (I) bidalketa lehenengo zuzeu.eus-(e)n agertu zen.


Viewing all articles
Browse latest Browse all 20004