
Unibertsitatera joateko lehen belaunaldia izan naiz gure etxean, eta gurasoak, normala den bezala, arrunt kontent ziren. Segur aski horregatik animatu ninduten ikastaro hartan parte hartzera: curso de introducción a la universidad zuen izena; mintzaldi sorta bat, Nafarroako Unibertsitate pribatuan. Ikastaroak bi jende multzo zituen helburu –baina horretaz sarriago ohartu nintzen–: Opuseko jendea eta jende inozoa. Ni bigarren multzokoa nintzen –inozoen taldea, hain zuzen ere, lagun bakarrekoa zen, nik neronek osatua–, eta zer gertatzen ari zen jakiteko zantzu franko baziren ere –aurkezpenetan, izena erran ondotik “zenbat anai-arreba zarete?” zen galdemodu ohikoena, eta “bederatzi”, “hamar”, “hamaika”, are “hamalau” ziren ihardespen aski susmagarriak–, nire zentzu araknidoak lotsagarriki egin zidan huts –edo beharbada geroxeago egin zidan atxiki armiarma atomiko hark, ez dakit seguru–; izan ere, inozoen taldean nahiko uste hedatua zen Opusekoa izatea jende zaharraren kontua zela, inolaz ere ez hemezortzi-hemeretzi urteko jende gazte bipilaren kontua. Nolanahi ere, han ezagutu nituen gazte batzuk arrunt atseginak ziren, historiazaleak edo artezaleak edo literaturazaleak, eta fitekara lau eguneko bidaia bat egitea proposatu zidaten: Madrilera –Pradoko museoa ikusteko–, Toledora, El Escorialera. Eta nik, zalantza batzuk banituen ere, hondarrean baietz.
Sei ginen furgonetan, denak gazte, denak mutil, eta gurekin ez zen apezik heldu. Iruñetik berrehun kilometrora, hamaiketakoa hartzera gelditu ginen; ogitartekoak bedeinkatu eta gero –zentzu araknidoa, zertan zenbiltzan?–, batek erran zidan Iruñean gauza bat aipatzea atzendua zitzaiola: bidaian, museoak eta hiriak ikusiz gure kultura aberastu bidenabar, erretiro espirituala ere eginen genuen. Furgonetan bueltan, arrosario bana atera zuten sakelatik –jakitera, izebari eskatuko niokeen bat, baina, azaldu dudan bezala, txango hura egoki egiteko funtsezko informazioa falta izan nuen–; ez dakit erran beharrik baden, baina nik ez nekien arrosarioa errezatzen; banekien, ordea, otoitz luzea zela, eta, hortaz, playback-a egiten nuen bitartean, beldur nintzen ez ote ginen Madrileraino otoizka joanen.
Ez, ordu erdiren buruan misterioa guziak erranak zituzten –ez dakit misterio loriatsuak edo mingarriak: aspergarriak bai, behinik behin–, eta itaunketa etorri zen orduan: ea zer edo zer ba ote nekien Opusi buruz –baietz, nik, uzkur–; ea gauza txarrik aditua nuen Opusen inguruan –baietz, berriz ere, are uzkurrago–; bada, entzunak nituen gauza txar guziak –zein ziren zehazteko eskatu ez bazidan ere– gezur zirela –bidaia hartara ni engainatuta eraman izana entzunak nituen gauza txar haiek guziak mitoak zirela frogatzeko manerarik hoberena ote zen galdegitekotan egon nintzen, baina, nire tolesgabean, pentsatu nuen igual ez zela zalantza hura argitzeko unerik aproposena–. Bidaia borobiltzeko, meditazioa ere egin behar izan genuen. Eskularru-kaxatik –vulgo guanteratik– Josemariren Bidea atera eta, bertze ordu erdi batez, batek esaldiak irakurri –konparaziorako: “Jauna, erakuts iezadazu ezetz erraten!”–, eta gainerakook horren inguruan gogoeta egin behar genuen –nire hausnarketa, esaldi horren harira: ezetz erraten jakinen banu, etxean nintzateke orain, goxo-goxo, eta ez santujale hauen artean–.
Bidaia hura, hala eta guziz ere, arras interesgarria izan zen; agindu bezala, Toledon Grecoren etxea bisitatu genuen, baita Madrilen Pradoko museoa eta Sorollaren etxea ere, eta El Escorialen ere ibili ginen. Baina, batez ere, lau eguneko esperientzia hark balio izan zidan konturatzeko katolikoen gustuak eta interesak eta nireak arrunt diferenteak direla. Musikan, adibidez: gazte haietarik bat Mecanozalea zen, eta kasete bat behin eta berriz entzunarazi zigun –Mujer contra mujer kanta, halere, kendu egiten zuen beti; Cruz de navajas, berriz, sakonki aztertzen zuen, gure balizko zalantza guziak argitzeko asmoz-edo. Nolanahi ere, ez zuen sekulan nire duda bakarra argitu, Mecano paratzen zuen aldioro nik “zergatik?” galdegiten bainion nire buruari, “beharrezkoa da hau? Egin dezagun berriz otoi, faborez”–. Justizia sozialari dagokionez ere, arras ikusmolde desberdinak genituen: Madrilgo semaforo batean, eskale bat ikusiz –zaharra, zikina, botila bat eskuan, nekatu itxura zuela–, “hori zer da, sistemaren biktima bat?” erran zuen batek, bertzeek irri egiten zuten bitartean. Historian, nola erran, ez ginen preseski alde berera lerratzen: bidaide batek azpimarratu zigun amak errana ziola Los Caidos ikustera joan behar genuela preziso, eta hara abiatu ginen.
Iruñeko katolikoak aztoratuak dabiltzan egun hauetan, berriz ere ohartu naiz nire kezkek ez dutela deus ikustekorik haien kezkekin. Ni katolikoa banintz, segur aski mindua sentituko nintzateke artista batek ostia kontsakratu batzuk erabili dituelako bere performance batean, pederastia hitza osatzeko; baina, katolikoa banintz, minduagoa eta kezkatuagoa sentituko nintzateke jakinda urte luzetan zein izan den elizaren jarrera –parrokietako apez anitzena, apezpikuena, Vatikanoko presidentearena, vulgo aita sainduarena– pederastiari dagokionez. Katolikoa banintz, biziki poztuko nintzatekeen iraganean noizbait Iruñeko kristau txit zintzoak karrikara atera izan balira erratera aski zela, onartezina zela pederastia ezkutatzea, eskandalagarria zela apez lizun umezaleak sekretuan elizatik elizara aldatzea, lazgarria zela biktimei isilik egoteko eskatu izana, jasanezina zela adieraztea gehiegikerien milaka kasu haiek kasu bakartuak zirela. Katolikoa banintz, nire fedekideez harro sentituko nintzatekeen, change.org-en eskaera batean 20.000tik goiti sinadura bildu izan balute, “emazteki batek abortatzea larriagoa da, apez batek haur bat bortxatzea baino” erran zuen apezpikua zigortu edo kanporatu edo eskumikatu zezaten eskatzeko. Katolikoa banintz, beharbada haserre edo triste sentituko nintzateke Iruñeko Erorien monumentuko aretoko erakusketaren kariaz, baina uste dut jende anitzek eskertuko lidakeela sumindura berbera –edo sumindura horren erdia, edo, zer arraio, sumindura horren laurdena– adierazi izan banu eraikin horretako bereko kriptan hilero, Iruñeko apezpikuaren baimenarekin, Sanjurjo eta Mola jeneral kolpezaleen alde egiten diren mezen kontura. Pentsatuko nuke, Iruñeko katolikoa banintz, Abel Azconaren opiltxoen profanazioa dela-eta nire asaldura sinesgarriagoa litzatekeela, Madrilgo San Fermin de los Navarros elizan Francoren eta Jose Antonio Primo de Riveraren alde egin den elizkizunak pixka bat sikiera aztoratu izan banindu, eta sare sozialetan adierazi izan banu ez dela zilegi toki sakratu bat gerra zibil bat ekarri zutenak omentzeko baliatzea. Opuseko jendearekin –katoliko ortodoxoekin alegia– bidaia bat egin nuenetik banekien, baina orain berretsi dut katolikoa banintz, zinez kezka bitxiak izanen nituzkeela. Segur aski horregatik ez naiz katolikoa.
Katolikoa Banintz
Katolikoa Banintz (Baldintza Lantzeko Eta, Bidenabarkoan, Ikasleak Doktrinatzeko Testu Aproposa) bidalketa lehenengo zuzeu.eus-(e)n agertu zen.