
Bixamonak
Biharamuna, ajea, bixamona, resaka… Inuit herriak 40 hitz baino gehiago omen dauzka elurrarentzako, elurraren egoeraren arabera. Ez dakit Euskal Herriaren luze eta zabalean zenbait hitz ote dauzkagun berdina izendatzeko, baina gutxi batzuk bai. Zuberoan entzundako kopla bat datorkit burura: “Ai arnua, ai arnua, jendiaren enganiua, kendu didak biharamunian lan egiteko gogua”. Egia galanta, eta esfortzua aparta aste honetan egitea tokatu zaidana, bi bixamonari egin behar izan baitiet aurre: astelehenean bozkarena eta asteartean vodkarena.
San Tomas, Santo Tomas, On Tomas, Tomas, Tomasa… Nahiago duzuena. Santamasak ere eder askoak dira. Aukera ona izan zen bixamona bat beste parranda batekin kentzeko.
Mundu guztia ari da aste honetan hauteskundeetako emaitzez hizketan, zifrak, portzentaiak, lurraldeka… Gainera, gosetuta gaudenontzat Otorduak ere iritsi dira, begirada pixka bat altxa eta epe luzera asetzeko; edo gose gehiago eragiteko. Nik ezer gutxi gehi dezaket, ez bada oso sustraituta dauzkadan ideia batzuk.
Iritzi ezberdinak eta pentsamolde anitzak oso ondo daude, baina hemen bizi dugun gatazkaren ardatza estatua, kapitala eta patriarkatuan kokatzen da. Estatu espainiarraren kasuan, erreforma edo haustura; diktadurak utzitako zutabeak berean mantendu eta estetika aldatu, edo etxea antzarak ferratzera bidali. Iratzar fundazioak hausturaren alde lan egin zutenei ahotsa eman die Korapiloak deituriko proiektuan, hor aurkituko dituzue lehen eskuko azalpenak. Uste dut, zaharragoei entzundakoagatik, Franko hil zen garaian PSOE-k orain Podemosek sortu duen antzeko itxaropen bat sortu zuela. Txiki Benegas autodeterminazioaren alde, Felipe Gonzalez Gernikan “Gora Euskadi Askatuta” oihuka, PSE hegoaldeko lau herrialdetan antolatuta bat bakarra bezala…
Beranduago ikusi ahal izan zuen gehiengo batek PSOE-ren jokaldia garai hartan. Urteak zeramatzaten frankismoarekin negoziatzen: marxismoa alboratu zuten, eta erreforma prestatzen hasi. Gauza batzuk aldatuta, ezer alda ez zedin. Estatua, kapitala, eta patriarkatua, ukitu gabe. Joko arauak markatu zituzten, eta marra gorriak errespetatu. Beharrezkoa ikusi zutenean, gerra zikina erabiliz gainera.
Ezker Abertzalea beti izan isildua, zanpatua eta manipulatua hedabide gehienetan. Hausturaren alde dagoelako. Orain EH Bildu osatzen duten alderdiek oso historia ezberdina dute haien atzean, baina koalizioa zokoratua izaten da, indar metaketa horretan hausturaren alde posizionatu direlako. Alderdi Komunista Espainiarrak patatekin irentsi zuen erreforma, eta horrek zatiketa bat eragin zion, PCE(r). PCE-k, PSOE-k marxismoa zaborrontzira bota zuen bezala, eurokomunismoa besarkatu zuen; eta zenbait ikusi ditugun telebistan, eta Carrillo hil zenean, beno, dena laudorio, eta hori bai ezkertiar gorena, eta… PCE(r)-koak telebistan txaketa bat buru gainetik botata eta bi guardia zibilen artean ikusi izan ditut bakarrik. Sare sozialetan, bere presoren bat hilzorian dagoenean, edo hil denean. Hausturaren alde egin zutelako.
Podemosek komunikabideetan izan duen presentzia ez da hausturaren alde dagoen norbaiti eman ahal zaiona. Goizeko programetan, albistegietan, eztabaidetan… Publierreportai konstante bat izan da. Izquierda Castellana edo CUP-eri inoiz egin ez zaiona. Hausturaren alde dagoen mugimendu batek aspaldi altxatuko zuen ahotsa Katalunian, eta atzo goizerarte ez zuten fundamentuzko ezer esan. Mantendutako jokabideak salatu egin ditu.
2011n independentismoak faktore asko zituen bere alde. Krisi ekonomiko eta politikoaren hedaduraz jabetzen hasiak ziren herritarren sektore oso zabalak. Hor ondu zen Kataluniak egun bizi duen egoera, hor egon zen EH Bildu olatuaren gorakadan. Estatua bera zelako, bere funtzionatzeko erarekin, independentistak sortzeko tresna eraginkorrena. Zinez agerikoa bihutu zen jende askorentzat espainiar estatuaren barruan ez zegoela etorkizunik; estatua ez zela aldatuko, eta guk gurea egin behar genuela. Podemosek hori aldatu du, herritarrei uste araziz ezetz, Espainia alda daitekeela; eta hori estatu maisuen jokaldia da.
Galder Gonzalezek oso ondo laburbildu zuen txio batean.
Estatu ikuspegi batetik lan egiten duten emakume eta gizonentzat, Podemos harribitxi bat da, independentismoaren neutralizatzaile nagusia izan daitekeelako. Erabakitze eskubidea errespetatuko dutela esan dute; baina fido egiten al gara? Kasu onenean, hori izanda ere Podemosen borondatea, uste al dugu posible dela?
Ez naiz fio. Ez naiz fio ez langile euskaldun bezala, ez errefuxiatu saharar bezala. Majo izorratu gaituzte bi alde horietatik, kolore batekoak edo bestekoak. Felipe Gonzalez marokoarren bonbardaketak jasan berri zituzten sahararrei zuzendu eta betirako elkartasuna eskaini zien. Urte gutxiren bueltan labankada sartzeko. Ezinezkoa egiten zait horrelako laguntza mediatikoa izan eta Espainiaren batasuna babesten duen alderdi batek erabakitze eskubidea egikaritzea. Ez naiz fio. Egur bati lotutako animaliak bagina, pare bat metrotako soka luzeagoa espero dezaket, baina soka kentzea ez.
Pablo Iglesiasen existentzia ezagutzen nuen bera ospetsu egin aurretik. Hausturaren aldeko norbait zela esango nuke, La Tuerkako bakarrizketa haiek entzunda. Egun ez naiz fio, baina ea okertuta nagoen.
Ez dakit ze erremedio erabili ohi duzuen gaupasa ondorengo bixamonarentzako. Zerria bezala jatea izaten da nirea, parranda egitea bezainbesteko plazera baita. Bigarren bixamonari buelta ematea behar bada konplikatuagoa da. Baina Zuberoan entzun nuen kopla horrek zion ez bezala, nik biharamunean geroz eta lan gehiago egiteko gogoa daukat. Nire ingurukoak konbentzitzeko Espainia deituriko proiektu politiko horren baitan ez dugula etorkizunik, eta gure bidea egitea besterik ez zaigula egokitzen; eta noski, akatsetatik ikasi, eta ikasitakoa egokitzen zaidan maila lokalean aplikatu.
Historiak soberan erakutsi digu. Hobeto bizitzeko aukera bakarra burujabetza da.