
Abertzaletasunaz eta aeronautikaz
Gure belaunaldiko askoren heziketa sentimental eta soziopolitikoan ez da ezer egon abertzaletasunak adinako pisurik izan duenik. Esango nuke munduaren ikuskera bera ere abertzaletasunak eman izan digun zulottotik begiratuta ukan dugula; emozio kulturalik handienak, bere ezpaletik zaizkigu eskaini eta etorkizuna irudikatzeko orduan, ez dugu izan haren pareko bidelagunik. Funtsean, geure nor izate horretan, hizkuntzaren aldeko jarrerarekin batera, abertzaletasuna izan da zedarri. Bai, baina oraingo gazteei entzunda, zer gertatuko da horrekin guztiarekin?
Unai Apaolaza eta haren belaunaldikoak ondo ikasiak datoz gure aldean eta euren gogoeta mailak, hagitzez handi eta zorrotzagoa dirudi gureak baino. Hainbeste Bordieu eta hainbeste Zizek hitzetik hortzera, badirudi agora berri bat antolatua dutela. Eta ez dira bakarrak, Hedoi Etxarte eta beste gazte batzuk ere nahiko nituzke nabarmendu, geure plazaren erdian txankarrekoa dantzatzen hasita daudenak, teorian esaten dutena errealitatera eramateko ahaleginean.
Ematen du nolabaiteko alde erromantiko batean geratu garela lehengokoak. Oraikoek, ostera, zentzu praktiko askoz handiagoa dutela dirudi, independientza helburutzat hartuta dabiltzanean. Azterketa filosofiko eta soziologikoak egiten, abilak dira gure aldean eta nik, bederen, aintzat hartzen ditut haiek guztiek eta beste batzuek esandakoak ere bai. Iruditzen zait, gure aldean, asko egingo dutela eurek denek bultza, ordua iristen denean eta betiereko indarrak batzea lortzen dutenean. Nolabait esateko, guk eta gure belaunaldikook guztiz desagertaraz ez gaitzaten erresistitu egin dugun bezala, eurek trepetak aurkituko dituztela menperatzen gaituen egoera itzulipurdikatzeko, edo hori opa diet, bederen.
Ezin dut, baina, zurztasun sentimendu bat gainetik kendu. Euretako askori entzuten diet abertzaletasuna, naziotasuna eta hizkuntza, trabak direla idependentziarako bidean, ezinbesteko estatuaren lorpenerako balaztak baino ez. Kohete baten kapsulak bailiran, halaxe utzi behar ditugula kontu horiek atzean helburuaren mesedetan. Diskurtso herritar eta zibilia behar dugula garatu, ongizatea aldarrikatu, demokrazian sakondu… eta abar.
Arrazoia (izango) dute funtsean, eta akaso zahartzearen ajeak izanen dira nireak, baina honaino ekarri gaituen munduaren ikuskera oso bati uko egitea, geure ibilera orotan makulu izan duguna bazterrera botatzea… gehitxo da niretzat, gogortxoa egiten zait prezioa, eta aitortzen dut astinduta eta noraezean bezala geratzen naizela kontu hauek guztiekin, nolaz eta trapailak erabiltzen duen haratonatean batela itsasoko ur nahasiaren erdian.
Abertzaletasunaz eta aeronautikaz
Abertzaletasunaz eta aeronautikaz bidalketa lehenengo zuzeu.eus-(e)n agertu zen.