Quantcast
Channel: ZUZEU
Viewing all articles
Browse latest Browse all 19597

2016

$
0
0
2016

2016
2016

2016. Pertsona soil batentzat eternitate bat, unibertsoarentzat ordea, txinparta batek duen indarrean desager daiteken ezer eza. Garrantzitsuak garela pentsa dezakegu, ziztrana osotara zerutik begiratzean. Deigarria da dena dela, nagusitasun guzti hura ez zela deus izango hain txikiak  diren partikulengatik ez balitz. Gure
jatorria bila dezakegu eta milioika erantzun desberdin azter ditzazkegu. Anitz frogatan oinarritzen dira, sendotasuna bereganatuz, arrazoi bakarra argudiatuz.
Modu berdinean dira burugogorrak fedez ikuspuntu bakarra daukatenak. Nik amaren sabela dut jatorritzat, bertatik ateri arte ez baititut begiak irekiak izan.
Begiek ikusten dutena dira nire erlijio eta bihotzak eta arrazoimenak
eztabaidatzen dituztenak dira nire onarpenak.

Doña Purificación, hots, nire amona. Pura deitzen dugu. Ez dut munduan ezagutzen emakume jator eta emankorragorik, ziur nago biztanleriaren gehiengoak berdina erran dezakeela haien amonari buruz, kasu soil batzuek ordea izango
dute zer ikusirik ez duen iritzia. 80 urte baino gehiago bizirik, begiratzen
ausartzen naizenean sekulako amildegia ikusten dut nire bizitzaren ondoan, ez
baitut oraindik bere laurdena bizi ere. Bertze aldetik, haren ondoan esertzen
naiz, haren gaztaroko eta ama izandako garaitako istorio berdinak entzutera eta
galdetzen diot nire buruari, noiz izango duzu txanda bizitzeko Pura? Bere
aurpegian ikusi dezaket begirada galdua, galdua bere hitzek osatutako
errailetan, iraganera daramatzatenak, baina errailak izanik bihurgune gabekoak.
Berarekin batera noa bagoian, berak leihotik paisaia ikustatzen duen bitartean,
ordea ezinezkoa zait paisai horretaz gozatzea nire amonaren erretratuari begira
nagoela. Konturatzen naiz orduan bakarrik, paisai horretako bizipen guztiak
goitik behera azaltzen dizkidanean bere aurpegian zoriona marrazten dela. Beraz
galderak egiten jarraitzen dut, erantzun baten bila ezean, bere irriaren
gaztetasunean harrapaturik. Ni baino gazteago ezagutu zuen Francisco, hots,
nire aitona. Kiko deitzen dugu. Geroztik elkarrekin daude, onerako eta
txarrerako. Lau seme-alaba izan dituzte, lauak hazi dira eta eraiki dute haien
familia. Pura kristaua da, egunean bortz aldiz gutxienez errez egiten dio haren
jaungoikoari. Belauniko jarrita dagoela bere fede guztia haren familiarengana
iraultzen du, guri bizitza oparoa desiratuz, gu zoriontsu hazi gaitezela
ziurtatu nahirik. Gero bazkaltzera gonbidatzen gaitu, egun osoa sukaldatzen
pasa eta gero guri otordu ezin hobea eskeiniz eta noski bere etxean hotel
batean bagina bezala sentiaraziz. Hurrengo egunean joango garela, garbitzen
pasako du eguna eta arratsaldean jasoko du deia bertze ilobarena ea etxera
lotara joan daiteken jakitera, bidetik haiekin afaltzeko asmoz. Nire amonak ez
du ikasi ezezkorik erraten, agian bere izateko erak agintzen dio edo agian bere
fede eta heziketak zerbitzurako kondenatu du bere bizitza osorako. Aurrekoan
bildu ginen eguberritan haren etxean afaltzera. Mahaian ginela elkarrekin xanpaina
hurbil genuen biok, masailak gorritu zizkionak kopa husten zuen aldiro. Pasillora
joaten ikusi nuen, bertan zegoen belenaren parean bakarrik ezarririk. Entzun
egin nion belen horretako protagonistari zenbat maite zuen erraten. Hura izan
da nire bizitzan otoitz egin dudan une bakarra, arren zeruan leku ederrena nire
amonari gordea izateko.

Kristautasuna edo komunismoa. Dena berdina da, badirudi beti mugatuak bizi
garela. Hori erakusten du gure oraingo sistema politikoak. Denek dugu
pentsatzeko modu desberdina, baina badirudi pentsatzeko modu bakarrak beti
behar duela nagusitu. Ezin dugu ala sistema bat sortu non partidu batek ez duen
agintzen, baizik eta beti desadostasun batetik guztion ona bilatzera eramaten
gaituen elkar hizketa sorturik, adostasuna aurkitzea. Badirudi oraindik ere
bertzeen eskutan uzten dugula gure iritzia, badirudi…

Ze helbururekin jaio gara? Akaso mundura izan gara ekarriak jada gure
etorkizuna erabakirik edo egunero burutzen ditugu gure helburu desberdinak?
Martak argi du zer den bere bizitzan egin beharrekoa. Marta laburmetrai
honetako protagonista dugu, amets saltzailea da. Kalera ateri da bere produktu
paregabea saltzera, ordea inork ez dio erosi nahi, iruzurra izango delakoan edo
erotzat harturik. Amore emango duela dirudienean orduan bere produktua zorian
uzten du opari, amets hura bilatzen duen norbait horrentzat bizigarri, soilik
aurkitu nahi duenak daukalako eskuragarri. Marta ezagutzeko aukera ez dut izan,
Miriam ezagutzeko zoria izan dut nire bizitzan ordea, bere gizara biziki
atxikitzen den emakume gaztea, haren talentu guztia artean esplotatuz,
izarretan dir-dir egiten duten ametsak hatzekin ukitzeko sentsazio dituenak.
Horrelako pertsonen fedea dira nire erlijio, badaukatelako haien sentimenduak
elkar banatzeko indar hori, eta horrek ematen dit niri fedea nire buruan
sinesteko eta nire pentsatzeko era zabaltzeko.

Araurik gabe bizitzea. Errazagoa izango zen araurik gabe bizitzea. Gure
arrazoimena gainditzen dituzten argudio edo sentimendu horiek ezagutzea,
aztertzea. Mugarik gabe bizitzea, izan ere ametsetara jotzen dugunean indartsu
sentitu nahi dugu, hegan egiten ariko ginen moduan eta arrazoia sinplea da,
ezin dugu gure burua mugatu, hura hegaka ikusi nahi badugu. 

Ramuntxo Albistur Carrizo

 

2016 bidalketa lehenengo zuzeu.eus-(e)n agertu zen.


Viewing all articles
Browse latest Browse all 19597

Trending Articles


Euskalgintza bidegurutzean


Serio jolastu beharreko jolasa dugu bizitza


Euskal Herria Heterodoxiatik



<script src="https://jsc.adskeeper.com/r/s/rssing.com.1596347.js" async> </script>