
Aurreko artikulu batean, zeozer aipatu nuen kristau/musulman dualismo historiografikoaren arazoak, eta ez da gutxirako, jakinik Espainiako eskolan eta akademian bereizketa horrek mendetan nolako pisua izan duen. Ez da arrautzaren eta oiloaren paradoxaren oso desberdina, eskola eta akademia tradizionalak batere arazorik gabe konpondu duena: “kristaua kristaua da, hemengoa (kiristia…), eta musulmana musulman, kanpotarra (satana, türka…)”, erraza, ezta? Rajoyk duela gutxi azaldu digun logika argigarriaren haritik.
Baina ez da nire asmoa erlijio arteko ika-miketan sartzea, gehiago interesatzen narrazioa. 714an, bereber-arabiar tropak Ebro ibaira heldu ziren, eta badirudi Musa ibn-Nusayr arabiarra, Ifrikiyako gobernadorea izan zutela buruzagi eta milaka soldadu batzuen gidari.
Arabiarrak (arabi, sarraceni…) gutxi ziren, baina beren leinu-leialtasunak eta -xextrak ekarri zituzten. Beste toki askotan egin bezala, itun batera heldu ziren bertakoekin. Tutera, artean, gotortu (eta sortu) gabe zegoela, bertako buruzagi batekin tratu batera heldu ziren, edo hura menperatua izan zen. Seguruagoa da Iruñean gertatua, tratua egin zutela. Orduko gotorlekuak eta harresiak haustea biziki luzea, gogorra eta neketsua izaten zen (gerrako tramankuluak, parapetoak, mantenua, jende-galera,…) eta Iruñeak harresi mardul berrituak zituen Wamba errege godoaren garaitik (673 aldera).
Bertakoen ohitura gehienak errespetatuak izan ziren, salbu eta haientzat garrantzitsuena zena: urteko jizia edo per capita zerga pagatzea eta Jainkoaren (estatuaren) kontrako ekintzak babesteko debekua.
Iruñean, Iberiar Penintsulako toki gehienetan bezala, eguneroko bizitzan gauzak ez ziren asko aldatu omeiatarren etorrerarekin batera, hala dio Roger Collins historialariak. Bertakoen ohitura gehienak errespetatuak izan ziren, salbu eta haientzat garrantzitsuena zena: urteko jizia edo per capita zerga pagatzea eta Jainkoaren (estatuaren) kontrako ekintzei laguntzeko debekua. “Jainkoaren babespean” geratu ziren era horretan, orduko itunek adierazten dutenez. Jizia hori ez zen halabeharrez lehenago godoei ordaintzen zitzaizkien zergak baino penagarriagoa, baina nork ditu gustuko zergak, are kanpotarrek ezartzen dituztenean?
Itun batera heltzea zen egokiena denentzat, kontuan hartuz Afrikatik etorri berriak milaka batzuk baino ez zirela penintsula osorako: gehienak bereberrak (mauri), talde aparteetan etorrita beren abere-taldeak ere tartean, arabiar elitistekin nahastu gabe. Bereberren goarnizio bat geratu zen zelatan Iruñea kanpoaldean, Iruñera sartu gabe, gutxienez Iberiako bereberren matxinada arte (740).
Aldiz, Tutera inguruaz, Cassius delako kondearen istorioa nagusitu zen mende batzuk geroago, Ibn al-Qutiyya (= emakume godoaren semea) historialariak kontatua. Beste arabiar kondaira batek esaten digu Cassius delako hau Damaskora propio joan omen zela 714an Walid I kalifari (715ean hildakoari) men egitera, eta musulman bihurtu zela. Horixe dio XI. mende hasieran Ibn-Hazm-ek, Kordobako Kaliferriko historiako aditu eta gorteko ofizialak. Orduko arabiar kronikek zehaztasun handia izan ohi dute datari dagokionez, eta ederzaleak bezain soilak (eta miragarriak) izaten dira askotan. Kordobaren nagusitasunaren garaian (XI. mende hasiera arte), al-Andalusen ez ziren gutxi noble godoen jatorria aldarrikatzen zuten handikiak, ospea ematen baitzuen nork bere burua jatorri godo noble eta zaharrekotzat hartzea (Banu Angelino, etab.). “Cassius” izena, baina, ez dator bat VIII. mende hasierako izen-ohiturekin.
Al-Andalusen ez ziren gutxi noble godoen jatorria aldarrikatzen zuten handikiak, ospea ematen baitzuen nork bere burua leinu godo noblekotzat hartzea.
Cassius kondeaz geroztik ez dago Banu Qasi leinuko aipamenik batere harik eta 790 aldera Musa ibn-Fortun delako bat historian agertzen den arte, Zaragoza aldean borrokan zela, ezerezetik. Mosuleko Ibn al-Athir historialariak bere historia-lan batean aipatzen du eta, XII. mendeko kontalari omentsu horren hitzetan, ez zen edonor, arabiar leinu ezagun batekoa baizik: beraz, aintzaz eta loriaz betea eta arabiar omenez eta ohorez jantzia. Bostgarren Gurutzada deitutakoaren garaian (1213-1221) idatzi zuen historia-lan hori. Kasu horretan, Banu Qasi leinua Cassius konde godoaren etorkikoa izateaz, zipitzik ez.
Izenak erakusten duenez, Musa ibn-Fortun Fortun(ius) delako baten semea da. Izenaren beste erreferentzia Musa da, Iberiaren konkistan ibilitako gutxienez bi buruzagiaren izena. Beraz, Musa ibn-Fortun hau (eta geroko leinu osoa) liberto baten familiakoa izatea dirudi tesi interesgarriena (eta sinesgarriena), alegia, Musaren menpeko erorita, esklabo bihurtu eta, gero, borrokan askatasuna irabazitako bertako herritar (liberto) baten seme izatea, Tarik buruzagi militarraren kasuan bezala.
Glamour eta distira gutxiko jatorria, dualismoak buztana motz! Bide batez, Cassius, bere kondetasuna eta bere godotasuna ere koloka geratzen dira teoria egiantzekoena den honetan. Hala ere, Cassius godoaren istorio mitikoa hortik dabil historiari buruzko informazio-iturrietan artean ere, bolo-bolo.
Banu Qasi historiografiaren matazan
Banu Qasi historiografiaren matazan bidalketa lehenengo zuzeu.eus-(e)n agertu zen.